Ispilu bat norberarena, eta besteentzako lain

Ispilu bat norberarena, eta besteentzako lain –

“Bilbaoko kaleak / gora eta behera, / errekatik mendira, / batzuk artezak, / gehienak zeiharrak (…) / higuindu ditudan gizonak / kaleak, / kale motzak, / kaleak hemendik, hortik, handik, edonundik…”. Bilbo zaharra, Bilbo ugerra, Bilbo ederra. Hiriko kale berriagoetara iritsi da txapelketa, hain erromantizatuta ez dauzkagun aldirietara. Eraikitzearen eraikitzeaz, erdigune berri bilakatu diren periferia zaharrak. Miribilla dotorea da, jardin eleganteak eta Artxandarainoko bistak. Azpiegitura handiak eta ekitaldi masiboetarako espazioak. Lorategi zabalak eta errotondak. Sofistikazio handiko umeen parkeak. Ez gaitezen baina errazegi engaina; hemen be, txakurrak ortozik.

 

Ispilu bat norberarena, eta besteentzako lain
Arg: Gari Garaialde (XDZ)

 

Makina bat kontugatik ekar nezakeen Gabriel Arestiren poema esanguratsua hasierako lerroetara. Euskararen egunean tokatu da Bilbon saioa, eta 3600 lagunekin lepo bete dira Bizkaia frontoiko harmaila eta kontrakantxa. Nik ez dakit poetak horrela “organizatuko lukeen euskeraren salbazioa”; baina, Jone Uriak bere bukaerako agur zoragarrian esan bezala (enegarren azken agur gogoangarrian, bide batez) Barakaldotik Iruñearainokoak, bidean Hendaian jasotakoekin, elkartu dira oholtza gainean. Adierazgarria bada, behinik behin.

Final kutsua zuen saioak. Tentsioa airean, azken atea zeinek gurutzatuko, zein kanpoan geratuko. Ganbarako gaiari erantzun bat izan zitekeen saioa bera.

Azkenean, Amets, Aitor eta Joanes barrura, finala errepikatzearen poza eta finala estrenatzearen zoriona, bejondeizuela! Bilbokotik, atearen beste aldean geratu dira Maddalen, Saioa eta Jone. Azken honi, atea muturretan itxi zaiolakoan, danbateko handiegiz.

Eta behin honezkero algortarra aipatu dudala, eztarrian trabatu eta irentsi beharrean, txapelketa gogoangarria egin duela azpimarratzea erabaki dut, eta Bilboko saioa ere horren adibide da. Fin egiten du bertsotan, saiatua da eta bertsokidea laguntzen du. Donostian, Irunen zein Bilbon bertan, saio borobilak egin ditu, ekarpenak egin ditu, teknikaz beste diskurtsoz. Nik – eta nago nire moduan egongo zaretela beste hainbat ere – ez dakit zer gehiago egin behar duen Jonek behingoz merezi duena aitortu diezaiogun, puntuz, txaloz zein aipamenez.

Agurrak. Txapelketan puntuagarriak ez diren bertso bakarrek ematen digute ondoen tenperaturaren berri. Hasierako agurretan igarri ohi zaio bertsolariari ze aldartez datorren, zertarako gogoz, zer emateko prest. Argi erakutsi zuen hori Nerea Ibarzabalek Baionako saioan. Bilbokoari dagokionez, bertsolari guztien hasierako agurrak aipatuko nituzke esandakoaren adierazle. Agurretarako berbak tentuz aukeratzen ditu bertsolariak, izan ere, gaiekin ez bezala, horiei buruz aurrez pentsatzeko denbora nahikoa baitu. Eta, beraz, erabaki egiten du zer esan gura duen, zeri egin nahi dion erreferentzia, ze berba erabiliko dituen bere gogo-egoera azaltzeko. Eta maiz gertatzen da, pintzel lodiegiz ari naizela uste badut ere, agurrean erakutsitakoak antza handia izaten duela saiokoarekin, gora beherak gora behera eta salbuespenak salbuespen.

Antzekoa gertatzen da bukaerako agurrekin ere, saioaren nondik norakoez ari zaizkigula, bertsolariaren aho-zaporearen berri eman ahal dutela, gelditu zaion gorputzaldiaren adierazgarri izan ohi direla.

Jone Uriak egin dituen hiru saioetan berak kantatutako agurrak hartuko nituzke, behin eta berriro plazaratu, lau haizetara zabaldu. Beste hainbat agur – merezimendu osoz – buruz ikasteraino kantatu eta han-hor-hemen serigrafiatu baditugu, ez dira hauek gutxiagorako. Esango nuke Uriarenetan aurkituko dugula txapelketaren gaineko irakurketa berezia, bestelakoa, aldarrikatzailea, beharrezkoa. Ispilu bat norberarena, besteentzako lain ere badena.

Eta norbera aipatu dudala, ezin hona ekarri barik utzi ARGIA astekarian Danele Sarriugartek Gabriela Wienerri egindako elkarrizketa (oihu-kolektiboa-norbere-bizipenetatik). Honakoa dio idazleak: “Estutzen gaituenari buruz idatzi behar dugu, hortxe bizi baita zintzotasun erabatekoa, eta horrexek biziarazten ditu testuak”. Berdin erabil genezake hau bertsotarako ere. Norbere bizipenetatik egindako oihu kolektiboaz ari da Wiener eta, nago, Jone Uriaren hainbat agurretan ere ez ote den oihu kolektibo bat egin norberarenetik.

Ispiluaren islatik kantatu ditu agurrak Jonek, baina ispilu horretan ez da bera bakarrik islatzen. Itzal luzea du islak. Norberarenetik kantatzerakoan ez da zertan norberari buruz soilik kantatu. Ez da zu edo ni propioari buruz aritzea, sintzeritatea ez dago beti eta soilik ni(g)an. Annie Ernaux idazleari irakurria diot soziobiografikoa dela, nia parte den paisaiaren erretratua.

Esan gabe doa, Joneren txapelketan ez direla agurrak bakarrik azpimarratu behar. Bilbon bertan saio dotorea eginez agurtu behar izan du txapelketa, ariketa guztietan fin ibili eta ganbarakoa ausardia handiz bikain erantzuteraino. Berriz diot, eta beste inori ezer kendu barik, nik ez dakidala zer egin behar duen egiten duen hori puntutan, txalotan eta aipamenetan transformatzeko. Hamabost egun barru Uriaren beste pare bat agur (eta beste hainbat bertso) entzutea nahiko nuke, zinez. “Iruten eta irauten” jarraituko dugunez, besteenak txalotu eta gozatuko ditugu.

Zorionez, baina, eta Miren Artetxeren agur bati erreferentzia eginez, orain arte kantatu dituen guztiak “Bertsoa.eus-en gelditu dira betiko”.

 

P.D.: Esan beharra dut, testua idatzi ondoren, sare sozialetan Jone Uriaren inguruko aipamen bat baino gehiago irakurri dudala.

Ispilu bat norberarena, eta besteentzako lain Ispilu bat norberarena, eta besteentzako lain Ispilu bat norberarena, eta besteentzako lain Ispilu bat norberarena, eta besteentzako lain

 

Ispilu bat norberarena, eta besteentzako lain Ispilu bat norberarena, eta besteentzako lain Ispilu bat norberarena, eta besteentzako lain Ispilu bat norberarena, eta besteentzako lain