Beñat Lizasok agur esan dio plazari
Beñat Lizasok agur esan dio plazari –
Beñat Lizaso Alberdi (Azpeitia, 1982) izan da Bertsolari aldizkariaren #Makarrizketak podcasteko azken ataleko protagonista, eta bertan eman du berria: ez du gehiago egingo bertsotan plaza publikoan.
Powered by RedCircle
2019an bere herriko Uztarria hedabideari emandako elkarrizketa batean aipatu zuen urte hartako Gipuzkoako Txapelketa izan zela azkena beretzat, baina aipaturiko podcastean bertso-plazaz agurtu da Lizaso: “Atea ixteko garaia da, eta giltzaz ixteko gainera”. Eskerrak eman dizkie oholtzakide eta bertsozale guztiei.
Konpareketen inguruan dihardu Beñat Lizasok podcastean, bere abizenaren pisuaz eta horrek zabaldu dizkion ateez, baita parean jarritako oztopoez ere: “Jendeak Lizaso entzun nahi du, eta ez Beñat”.
Honakoa dio azkenengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaz: “balio izan zidan ate hori zabaldu, eta neu nor naizen esateko. Ez nabilela mundu honetan abizena dudalako, egiten dudalako baizik”.
Lau aldiz parte hartu du Lizasok Gipuzkoako Txapelketan, eta azkenengoan finalera iritsi zen. Bitan abestu du Txapelketa Nagusian, 2013an eta 2017an.
Makina bat bertso plazatan aritu izan da Beñat Lizaso azken urteetan, eta askok sumatuko dute azpeitiarrak utziko duen hutsunea.
*Argazki berrienak: Alberto Elosegi (XDZ)