Eztanda... eta sorpresa

Eztanda… eta sorpresa –

Gorka Azkarate BERRIAn.


Orain arteko saio jendetsuena, giro beroa, txaloak, oihuak, oso tarteka soilik gertatzen den moduan entzuleak bertsoen amaierak kantatzen… Aspaldi ez bezalako eztanda kolektiboa bizi izan genuen Irunen atzo. Oholtzara igo zen bertsolari bakoitza sailkapeneko postu horretan jotzen genuen gutxi-gorabehera saioaren amaieran, baina bakoitzak lortu zuen puntu kopurua jakitean heldu zen sorpresa. Esker txarrekoa da epaileen lana, eta erraza da euren jarduna hiruzpalau lerrotan auzitan jartzea, baina harridura sorrarazi zuen bertsozaleengan atzoko puntuen banaketak. Zaila da saioen arteko konparaketak egitea, are gehiago saio batean kantatu zuen urliaren eta beste saio batean kantatu zuen berendiaren artean nork behar lukeen noren aurretik teorizatzen hastea, baina sentipen orokortu samarra izan zen bertsozaleen artean Irunen puntu gutxi samar banatu ez ote ziren. Maila oso onean aritu ziren bertsolari batzuei finala benetan garesti jartzera iristeraino, ia ezinezko ez esatearren. Sailkapena pil-pilean dago, edozein kasutan, Durangoko lehen itzuliko azken saio horren faltan. Luze joango da datorren larunbatera arteko denbora tartea.

 

Eztanda... eta sorpresa
Arg: Gari Garaialde. Iturria: XDZ

 

Hasi eta buka, Sustrai Colina izan zen nagusi. Aurreko saioetan finalista ohiak euren bertsiorik onenera gerturatzeko zailtasunetan somatu bagenituen, bestelakoa izan zen kantatu zuen lehen bertsotik urruñarrak transmititu zuen inpresioa. Betelan soila egitetik urrundu, eta bertso bakoitza ez ezik, puntu bakoitza hartu zuen zer edo zer esateko aukera gisa. Zortziko handian elkarrizketa ikaragarria osatu zuen Nerea Ibarzabalekin, zortziko txikian Ficobako eraikin erraldoia lehertu zuen Miren Artetxerekin batera osaturiko beste elkarrizketa antologiko batean, seiko motzean ere bikain aritu zen eta zer esanik ez ganbarakoan. Bigarren itzulian nolabaiteko patxadaz kantatzeko eskubidea irabazi zuen atzo, baina erakutsi zuen maila kontuan harturik Baionan ere hunkituko gaitu, ziur.

Nerea Ibarzabalek saio bikaina ondu zuen, ganbarako zirraragarri batekin borobilduz; kosta egiten da bertsolari batek puntuak zakuratzeko zer gehiago egin dezakeen asmatzea. Zortziko txikian eta puntukakoan dirdira apur bat falta izan zitzaion, baina gainerako ariketetan goia jo zuen. Lanak izango ditu, ordea, Iruñera heltzeko. Antzeko zerbait gertatu zitzaion atzo Jone Uriari ere. Ia dena ondo egin zuen, entzulearengana oso erraz iritsi zen saio osoan, baina jasotako ordaina motz samarra izan zela begitandu zitzaigun. Bigarren itzulian bera berriz kantuan entzuteko gogoz geratu ginen, edozein kasutan. Azkeneko agurrean asko esan zuen hitz gutxitan. Segi iruten, Jone, iraungo baituzu, ziur.

Miren Artetxe bere bertsokeraren onenera iritsi zen zenbait unetan. Sarerik gabe ere salto egiteko beldurrik ez duen bertsolaria da Artetxe, eta Sustrai Colinarekin zortziko txikian erakutsitako originaltasuna eta erreflexuak oso bertsolari gutxiren esku daude. Pena izan zen ganbaran estropozu egin izana, puntu gehiago lortzeko bidean baitzen. Maddalen Arzallusi argitasun pixka bat falta izan zitzaion une batzuetan, baina asmatu zuen lanetan bikain aritu zen, seiko motzean Nerea Ibarzabalekin etxaldean bizitzen jarritako bikotearen larrutik aritu zirenean, kasu, edo barrenak hunkitu zizkigunf ganbarakoan, adibidez. Ane Labakak saioa urduri samar hasi zuela iruditu zitzaigun, baina bertsoaldiek aurrera egin ahala tentsioa askatu, eta maila oso onean jardun zen. Ez dauka urrun bigarren itzulirako txartela.

Eztanda… eta sorpresa Eztanda… eta sorpresa