2022-11-07
Bezperaz, betiko antzean
Bezperaz, betiko antzean –
Apurka-apurka aurreko urteetan desagertutakoak bueltatzen hasi dira. Azokak, kontzertuak, bertso saioak,… Igaz ia gehienak berreskuratu genituela ematen zuen, baina, ez dena edo ez bere horretan. Jendeak antolatzaileei galdetzerakoan erantzuna “bai egingo dugu, baina, apur bat desberdin” izaten zen. Pentsa, gurean afaririk gabeko bertso afariak ere egin ziren. Hala ere, aurten “egingo dugu, baina, apur bat desberdin” esan beharrean, “betiko antzean egingo dugu” sarriago entzun izan da. Hori bai, betiko antzean egiteko antolatzaile eta bertsolari faktoreaz gain, behar beharrezko osagaia da publikoa betiko antzean hurbiltzea saiora, kantitate, kalitate, animoz etab. Bestela errezeta ez da betiko antzean irten.
Futbol partidu bat izango balitz, bankiloan egondako jokalari batzuk, lesionatzearen beldur eta korrika egiteko gaitasuna galduta zelaira irtetzearen moduko zeozer imaginatzen dut. Sarrerak saldu eta aretoa betetzea partidu bat izan beharrean, esan daiteke triatloi bat izan dela kasu batzuetan.
Eta aurten, Urriko Azken Asteleheneko ajea pasata, esan daiteke aurreko urteetakora bueltatu garela; jendea azoka gosez, perretxiko eta gaztaina bila, kalabazak erosteko asmoz, eta letxuga eta tomateren bat etxera helduko direlakoan. Badaezpada bezperan jan ezin den horrez, baina hainbeste betetzen gaituenaz gozatu eta asetzeko hurbildu ziren saiora, betiko antzean, hurrengo egunean otzara beteko ez zenaren beldurrez.
Betiko moduan, antzean, lehengo legez,… Izan daiteke batzuen ustez horrela egin izana, beste batzuentzat desberdinegia izatea, berdin zein desberdin, antzeko zein zerikusirik bakoa, denok ere ez gara lehengoak eta. Baina, zelaira irten eta korrika egitea ez da gutxi, areto bat berriro ere jendez eta emozioz betetzea ere ez.