2022-11-04
Korrika
Korrika –
Doinua: Frantses euskaldun bat
Laurogeitabost kilo pasatxoz
hor ibiltzen naiz korrika,
egia esan begiratzeko
ez da estanpa polita.
Baina bidean gauza dexente
nagoenez ikasita,
bertsoen bidez jarriko diet
errima eta musika
Jasotzen diren sari bakarrak
ezina eta nekea,
biharamunez hankeko mina,
nolako ordain merkea,
Inguru dena ikusten denez
korrikalariz betea,
jende gehiegik ez al daukagu
gure masoka partea.
Arnasa sarri betetzen zaigu
martxa handia denean,
atseden hartu beharko huke,
etortzen zait barrenean.
Pentsatu ondo, berdin korrika,
eskolan edo lanean,
arrankatzea gogorra baita
behin gelditu zarenean.
Alboan norbait tokatzen bada,
beraren atzetik tira,
lehertu eta seguru ezetz
ailegatu urrutira.
Korrika edo beste arlotan,
jarri ezkero begira,
ahal dugula geronen martxan
joatea komeni da.
Mendi maratoi, herriko bira,
edo maratoi erdia,
San Silbestrea, Azkoitikoa,
Bilbokoa, Behobia.
Lasterketetan erakusteko
norbere kategoria,
narzisismoak biltzen gaitu(e)la
da zenbaiten teoria.
Lasterketetan ikusten dira
horrenbeste panorama,
bukatu eta ospitalera,
pentsa zer nolako drama.
Hobetu nahia ez ote dugu
bi alde dituen arma,
une askotan handiegia
da erlojuaren zama.
Beste zenbaitzu ikusten ditut
modelo baten antzeko,
euro dexente behar dituzte
korrikarako janzteko.
Sarri galdera bururatzen zait,
ez galdetuta hobeto,
diru gehiegi ez al den hori
izerdiaz zikintzeko.
Baina korrikak alderdi on bat
dauka barruan gordeta,
gorputzarentzat nekea dugu,
buruarentzat oreka.
Ideiak ere bere tokian
ipintzen dizkit tarteka.
Indar pixka bat dudan artean
segi behar dut lasterka.