Saioa Alkaiza: "Uste dut inork ez lukeela Iruñera etorri behar euskara salbatzera"
“Uste dut inork ez lukeela Iruñera etorri behar euskara salbatzera” –
E. Elizondok Nafarroako Hitzan.
Iazko azaroan Nafarroako txapela jantzi zuen Saioa Alkaiza Guallar bertsolariak (Iruñea, 1991); irailaren 25ean kantatu zuen txapelketa nagusian estreinakoz; azaroaren 12an, Durangon (Bizkaia) ariko da.
Lehen aldiz ari zara Bertsolari Txapelketa Nagusian; zer moduz?
Konforme gelditu nintzen egindako saioarekin. Arlo pertsonalean oso aste txarra izan zen hura niretzat; oholtzan askotan ez da ikusten hori, baina gertatzen zaigunak eragiten digu. Egun txarrak pasatu eta gero, oholtzara igo behar izan nuen, eta zortziehun pertsonaren aurrean kantatu. Kontent gelditu nintzen, baina pentsatzen dut eman nezakeen maila ez nuela eman. Hurrengo faserako sailkatu naiz behintzat, eta saiatuko naiz hobeki egiten.
Sumatu duzu Nafarroako txapelaren zama?
Azken urtea arraroa izan da niretzat; Nafarroako Bertsolari Txapelketa hasi nuen finalerako sailkatzeko helburuarekin, eta, azkenean, txapela jantzi nuen. Harritu ninduen, baina, aldi berean, uste dut egindako lanaren ondorio izan zela. Txapelaren zama sumatu dut, baina, halere, saiatu naiz neure burua presio horretatik askatzen.
Nola?
Uste dut lan handia egin dudala arlo psikologikoan, ohartuta bertsoa dela unean-unean gertatzen den zerbait, eta puntuak joaten direla bertso bakoitzean. Inportantea da pausoz pauso egitea aurrera, eta ez pentsatzea noizbait zerbait lortu duzulako berriz ongi eginen duzula, edo, alderantziz, noizbait galdu duzulako galduko duzula berriz. Gure lana da sortzen ahalegintzea.
Hamaika faktorek baldintzatutako sormen prozesua da zuena, finean?
Bai, eta txapelketan plazan baino gehiago dira gure lana baldintzatzen duten elementuak. Egitura zurrunagoa da, eta presioa ere, handiagoa.
Txapelak eragindakoa aipatu duzu; ohitzen ari zara?
Lehen hilabeteak politak bezain estresagarriak izan dira. Ederra izan da, gainerako herrialdeetara gehiago ateratzeko aukera izan dudalako. Pribilegio bat da mikrofono baten aurrean jarri ahal izatea, jendeak entzun dezan esan nahi duzun hori. Bestalde, zurrunbilo handi bat sortu zen, eta ia ezezagun izatetik ezagun izatera pasatu nintzen. Horri aurre egitea kostatu zitzaidan. Halere, orain egoerari neurria hartu diodala uste dut, eta gozatzen ari naiz. Ari naiz nire aukeren araberako saioak hartzen, neure burua zaintzen, eta ikasten.
Txapelak etapa berri bat ekarri dizula sentitzen duzu?
Bai, zalantzarik gabe. Aukera gehiago dut kantatzeko, eta horrek ahalbidetzen du kantatzeko kide, herri eta gai gehiago izatea, hain zuzen. Sorkuntza beste nonbaitetik zukutzeko aukera eman dit.
Gaien aldetik ere bai? Zertaz hitz egin nahi duzu?
Saio batean hamaika gai egokitzen ahal zaizu. Nik, betiere, ahalegindu nahi dut esan nahi dudan hori esaten, jakinda fikzioa egiten dugula. Inportantea da egiten ditudan gauzetan nire arrastoa uztea; hori lortzea sailkapena baino garrantzitsuagoa da.
Zein da utzi nahi duzun arrasto hori?
Ni saiatzen naiz gauzak nirera ekartzen. Niretik zer konta dezakedan da niretzat interesgarriena.
Finala, Iruñean.
Uste dut sinbolikoki oso indartsua dela, aurrerapauso handi bat, eta Iruñea oso leku garrantzitsu batean jartzen du Euskal Herrian. Baina uste dut inork ez lukeela Iruñera etorri behar paternalismoz jokatzera eta euskara salbatzera, edo esatera meritu handia dugula. Hemen bizi gara borrokan, baina Iruñea egun bere horretan bada euskal kulturaren epizentro inportanteetako bat.