2022-09-19
Oroitu gauzak zehatz
Oroitu gauzak zehatz –
Memoria-ariketa zehatzak egitea da nostalgiaren aurkako intentsitate baxuko borroka-sistema. Gerra-terminologia zer diren. Oroimena blitzkrieg erara erabiliz gero, arrisku handia duzu oroiminean jausteko. Baina pentsatu, oroitu, eman garrantzia xehetasunei. Oroitu gauzak zehatz.
Bertso-munduarekin harreman intermitentea duenak ere (nire burua talde horren barruan kokatzera ausartzen naiz) badu istorioren bat txapelketa nagusiarekin lotzen duena. Nire eszena-zerrenda, oroimen-ariketa zehatza egin ondoren:
- – Baga: zuzenean ikusitako lehenengo finala, 2001ean, Belodromoan. Oroiminerako, garai hartako gazte-begirada liluratua. Horren aurka, bezperan Donostiako alde zaharrean egindako aisialdi-jarduerek utzitako buruko-mina, arratsaldean zorroztua.
- – Biga: bolondres modura lanean aritutako lehenengo finala, 2005ean, Barakaldon. Oroiminerako, buruz-burukora nor pasako zen entzundakoan petoa soinean jauzika hastearen plazera. Horren aurka, bezperan Bilboko alde zaharrean egindako aisialdi-jarduerek utzitako buruko-mina, once again.
- – Higa: txapelketa nagusian kantatutako lehenengo eta azkeneko aldia. 2013, Oion. Oroiminerako… ofizioren batean asmatu izana. Horren aurka, inpostorearen sindromea lehenengo aldiz (ordutik joan ez zaidan zerbait).
Txapelketa nagusia gauza handia da. Behin eta berriz esan dezakegu hori, eta gutxi gorabehera ezagutzen duen edonork erantzungo du buruarekin “bai, bai”, entzun eta berehala. Neurria, pisua, bolumena. Saio asko dira, jende asko mugitzen da, azpiegitura alimalekoa behar du (denok gogoratzen gara finalarekin, baina begira finalerdiei: kultur-ekitaldi potenteak dira, bakoitza modu independentean hartuta ere), bertso-munduak daukan neurrirako diru-mugimendu garrantzitsua probokatzen du.
Hori hala da. Baina bada gehiago ere. Jende asko birkokatzen du. Lekuz aldatzen gaitu. Gauzak birdefinitzeko boterea du. Erakargarria eta arriskutsua da aldi berean. Distira eta ilunpea dario. Ea aurtengoak utzitako ubera norainokoa, nolakoa, norenganakoa den.