«Ez daukagu kezkarik Euskal Herria bertsolaririk gabe gelditzeko, gu isilduagatik»
«Ez daukagu kezkarik Euskal Herria bertsolaririk gabe gelditzeko, gu isilduagatik» –
Miel A. Elustondok BERRIAn.
«Bertsolarien buruzagia hartu baitigu ondoezak/ ta harren partez agurtutzea ongi iduritutzen zat/ agur ta txalo eder bat danok Uztapide za(ha)rrarentzat/ oker bat gertatu izan zaigu ta hartzekua da aintzat», Azpillagaren bertsoa dugu 1972ko apirilaren 30eko Anoetako pilotalekuko saioa burutuz: ezongiak Uztapide hartu, kantatzen ari zela mututu, eta gai ez zen izan plazan harrezkero.
bihotza kargaturik
begiak bustirik
eta zure alaba
[harri zuri finezko]
tonban ehortzirik
Bertsotarako mututu zinen noizbait Donostiako Anoetako pilotalekuan 1972an. Harrezkero kito zure plaza. Handik bi urtera Zubeltzuri Deban egindako omenaldian ere isilik zu…
Eta Zubeltzu bera ere bai. Hura isilik, eta ni ere, hura baino gazteagoa, isilik. Basarri han zen, eta hark eman zuen azken agurra teatroan. Bazkaltzeko denboran ere besteek bezala kantatu zuen Basarrik. Zubeltzu eta ni ginen isilik egon ginenak. Zubeltzu, zaharra zelako. Ni, berriz, gaixo bat txarra pasatua nuelako. Lehenbizi bihotzetik sentitu nuen [1963, nonbait]. Sagar biltzen ari nintzela, petxuan halako min bat sentitu nuen. Zerbait gauza ona ez zela konturatu nintzen, eta hurrengo egunean medikuarenera joan nintzen. Hark etxean egoteko agindu zidan: izpietan ikusi ninduen eta ez zidan ezer bilatu; biriketan-eta, alegia. Bihotza ikusteko aparaturik ez zeukan gure herriko medikuak, eta hurrengo egunean etxera etorri zitzaidan bera.
Eta zein zenuen okerra?
Petxuko anginak, haren iritzirako. Hark ez zeukala hori ikusteko aparaturik eta Donostiara joan beharko nuela. Joan nintzen eta han elektrokardiograma egin zidaten, eta baietz, egia zela herriko medikuak esandakoa, eta kontu handia edukitzeko. Erregimena jarri zidan handia Donostiako mediku hark. Egin ere ez nuela egingo pentsatu nuen lehenbiziko aldetik, baina ohitu egiten da bat edozein eratara. Gauza batekin ibili nintzen gaizki: tabakoarekin. Hori ez nuen dominatu; beste guztiak bai.
Harrezkero ere plazan ibili zinen zu, hala eta ere.
Bai, beti segitu nion bertsolaritzari. Urtea joan eta urtea etorri eta banenbilen, eta hortxe zortzi urte pasatu nituen. Baina Donostiako Anoetako pilotalekuko horretan, bertsotara joanak orduan ere, eta erdilanetan geldialdi txiki bat egin genuen, beti bezala. Eta gehiago ez nuela kantatuko! Bi aldiz ahalegindu nintzen, baina ez zegoen kantatzerik. Hala, Joxe Lizasok etxera eraman ninduen. Medikua segituan ekarri nuen, eta ez zidan inportantzia handirik eman. Maiatzean, azkeneko eguna zen hura, eta banenbilen poliki-poliki.
Noiz arte poliki-poliki?
Esango dizut hori ere. Maiatzaren hamarrean, nire urtebetetzean juxtu, hirurogeita hiru urte nik orduantxe, afaltzen ari ginela eman zidan berriz ere atake batek eta konturik gabe gelditu nintzen. Ohera jaso ninduten, eta nire burua ohean ezagutu nuen. Berriz ere medikua ekarri genuen, eta Donostiara, espezialista batengana joan behar genuela esan zidan. Aita Zabala gure etxean tokatu zen eta bere eskola-lagun baten zuzenbidea eman zidan. Tolosakoa zen, Ramon Maria Otegi, Donostian kontsulta zeukana. Hark egiteko gauzarik ez neukala esan zidan. Zenbat behar zuen galdetu genion, eta ezer ere ez zuela behar esan zigun. Eta berak egin zigun beste mediku batekin kontsultatzeko modua ere, Urkolarekin, esan nahi dut.
Jabier Urkolarekin, neurologoarekin?
Ez dakit, ba, nola zuen izena. «Urkola medikua» zen guretzat… Joan gara arratsaldean Urkolagana, eta oso hondatuta nengoela esan zidan. Gurutze Gorrira joan behar nuela, han Arrazolak ikusiko ninduela. Analisiak egin zizkidaten eta ez zuten uste bezain gauza txarrik bilatu nire buruan. Tumoreren baten esperantza zuten, eta ez eduki nik halako gauzarik. Bost egunean eduki ninduten. Atzera Urkolagana bidali ninduten, eta geroztik harekin ibili nintzen. Hitzik ere ez nuen egiten harengana joan nintzenean, eta asko mejoratu ninduen. Esku eskubia ere jateko hainbat ez nuen, baina gero gizon ia egin nintzen.
Bertsotan egiteari utzi behar izan zenion, orduan.
Bertsotan egiteko ez nintzen gauza, baina bertsotan egin gabe ere makina bat bizi ziren, eta nik ere hala behar izan nuen harrezkero. Burua oso mantsotu zitzaidan, nekez pentsatzen nituen gauzak, eta bertsotan egitez gero, burua azkarra behar zuen lehen, eta oraindik azkarragoa behar du gaurko egunean. Han nire lagunik ez zen bertsotan zebilenik, Basarri besterik, eta urte askoan Jainkoak lagun ziezaiola desio nion. Horrelaxe hondatuta nenbilela, igande baten lehen ibili dugun Zubeltzuren omenaldian izan ginen, eta gustu ematen zuen orduko bertsolariekin. Zortzi baziren egun hartan Deban, eta bat baino bestea ederkiago jardun ziren denak. Poz ematen zuen gazteak horrela ikusteak. Euskal Herrian ez zen orduan adina bertsolari izan sekula, eta onak gainera. Lizaso, Agirre, Lazkano, Gorrotxategi, Lasarte, Arozamena, Mugartegi eta Lazkao Txiki ziren igande hartan Deban kantatu zutenak. Oso saio ederra izan zen.
Orduan adina bertsolari ez Euskal Herrian, diozunez…
Bertsolari onak, eta gazteak, gainera, nik esan ditudanak. Eta beste horrenbeste bertsolari ere bazeuden, behar izanez gero. Txanda batean batzuk, eta beste batean, aurrekoan etxean gelditu zirenak izango ziren aurrena… Gogoan daukat Txirritaren omenaldia. Bi gizaldi bezala ginen: Txirrita bera, Lujanbio, Telleri Txiki, Juan Jose Sarasola eta Fernando Alkain; horiek ziren gizaldi bat. Beste gizaldia, berriz, Basarri, Alkainen semea Iñaki, Txapel ere oso zaharra ez, eta ni ere han nintzen orduan. Zaharrak zirenak joan ziren mundu honetatik, eta gazteak ginenak ere zahartu ginen eta larri genbiltzan zuk nahi duzun garai horretan. [1974]
Zein eta zein ziren zure garaiko bertsolari zaharrenak? Eta nola zetorren bertsolari-soka?
Zubeltzu, Artxanberri Altzokoa, Bidaniako Muñoa, Enbeita Muxikakoa, Pello Saikola eta horrelako batzuk ziren zaharrak. Haiei segitzen genienak, Basarri eta biok, Loidisaletxe Errezilkoa, Asteasuko Kortajarena, Azkoitiko Patxi Larrañaga Barbero, eta Zubikoa Sunbillakoa, baina Bankan bizi zena. Ordukoan, bertsotan zebilen zaharrena Mattin izango zen, eta umorerik onenekoa ere bai. [Eta are eta bertsolari izen-ilada luzeagoa egin digu]… Eta ni gogoratu gabe gelditu naizenak, batez ere gazteak, beste hogei baziren gutxienez hemen, sariketara presentatzen zirenak. Eta barkatu nik aitatu ez ditudanak.
Bertsolari faltarik ez…
Ez, baina bertsolariak gauza askotarako behar izaten ziren orduan: herriko festetan plazan kantatzeko; ezkontza bat zenean edo meza berri bat zenean, ezkondu aurreko afari bat zenean; edozein mezatan ere kantatzen ziren bertsoak orain, eskaintza egiterakoan. Bersolariak, lehen egiten ez zuen tokietan, askotan egiten zuen orduan kantuan. Denbora baten esan balitz elizan mezatan bertsotan egin behar zela, meza hark balio zuenik ez genuen sinistuko. Holakoxe aldaketak izaten dira.
Eta bertsolari denentzako adina plaza ba al zen?
Bai. Eta esango dizut, zenbat eta bertsolari gehiago, orduan eta lan gehiago izango du bertsolari bakoitzak. Sekulan ez zen bertsolaririk orduan hainbat aldiz ibili bertsotan. Lujanbiok esan ohi zuen, gauza handitzat bezala, Txirrita eta biak hamazazpi herritan izan zirela urte baten. Haiek egin zuten handiena hori izango zen. Haien denboran, herri batetik bestera joateko ere, ez zen, izan ere, gure garaian bezalako erraztasunik. Ahal zuten bezala ibili beharko zuten haiek, eta gure garaian, berriz, nor bere automobilean joango ziren ia bertsolari denak, eta alde ederra!
Sasoi bateko garaia, zuen aurrekoa, zeuena gero…
Kontatzen ari naizen garaian, hamazazpi herri zerbitzea hilabetean egiten zuen bertsolari batek. Ez zuen hilero egingo hori, baina nik neronek ere, agorrean [agorrila] behintzat, hamabosten bat plaza egin izan nituen. Besteek ere horrelaxe. Denentzat egoten zen lana nahikoa. Gertatu izandu zen Basarri eta biok herri batera bertsotara joatea eta: ‘Zer, lehengo urtean izan duzue bertsolaririk?’, eta agureren batek erantzungo zigun: ‘Lehengo urtean ez… Oraintxe hogei bat urte izango dira Txirrita eta Pello Errota hemen izan genituela. Gogoratzen naiz udaletxeko balkoitik nola jardun zuten’. Hori herri askotako berria zen. Herri askotan ahaztuta egoten ziren noiz bertsolariak ikusi zituzten ere.
Zure garaian nahi beste sortu zirela bertsolariak, alegia.
Eta gure ondorengo gizaldian ere oso ugari sortu ziren, eta ez daukagu kezkarik Euskal Herria bertsolaririk gabe gelditzeko, gu isilduagatik. Poz ematen zuen, eta poz ematen du, festa batera joan eta zortzi edo hamar bertsolari, eta denak sasoikoak… Gaixo egon nintzenean ikusi nuen. Ez zen falta izan niri zeinek lagundurik. Euskal Herri guztitik etorri zitzaidan jendea bisitatzera, eta, asko, lotsatzeko moduan, eskuak bete gauzarekin. Bizi nintzen arteko zorra banuen. Hildakoan denak ordaintzen omen dira, eta nik ere holaxe ordaindu beharko nituen.
Bizi arteko zorra… «Zor zaharra, zor txarra» diote…
Hala zen gure garaian eta hala izango da geroan ere… Eta orain nire berriketa hau bukatu egingo dut. Zer esaten ari naizen ere asko ez dakit, eta hobe izango da garaiz erretiratzea. Sermoi txarra ere, zenbat eta luzeago eta okerrago izan ohi da. Nire berriketa ere hala izango delakoan nago. Eskerrik asko niri laguntza egin zidaten guztiei, eta baita Euskal Herriko bertsolari guztiei ere. Nire alde bertsotan egin zuten gehienek, eta, behartu izan banintz, egin ez zutenek ere pozik egingo zutelakoan nengoen. Eskerrak Euskal Herri guztiari ere, eta nire berriketa hau hementxe bukatzen da.