Antton Kazabonen txarapekoak
Antton Kazabonen txarapekoak –
Iñaki Bastarrikak ARGIAn.
Biluztasunaren ederra
(Rufino Iraola Garmendia-ren hitzaurrea)
Jende gehiegi saiatzen da pintura, literatura, eskultura, bertsoa… janzten, artearen funtsa biluztasuna dela ohartu gabe. Bertso-liburu baten iruzkina egin behar dudanez, horra mugatuko naiz, beste sormen-mota guztientzat ere berdin balio lezakeela aitorturik, baina ezer baldin bada sinplezia eskatzen duen generoa, bertsoa dela esango nuke. Bertsolaritza produktu herrikoia da, herri xumearen izaera eta kontzientziari lotua dago, eta herri xehearen eta herri xehearentzako espresio-moldea da.
Bai, baina hemen bertso idatziez ari garela esango didazue. Eta arrazoi osoa! Beraz bigarren honek: hizkuntza jasoa onartzen du, pentsamendu abstraktua onartzen du, idatzizko forma eta beste figura literario batzuk onartzen ditu… Noski! Baina bada beste estilo bat ere, bertso jarria izan arren bertso inprobisatuaren arintasun, bizkortasun, zorroztasun eta erabaki-gaitasunarekin planteatzen dena, nahiz eta teknika aldetik askoz landuagoa izan, eta bat-batean onartzen diren lizentziak onartu ez.
Ni aspalditik nator esanez, bertso jarri mota batek eta besteak izan duten bilakaerarekin, epaitzeko orduan ez dagoela sorta guztiak zaku berean sartzerik. Zeren irasagarrak eta errege-sagarrak multzo berean tratatzea bezala da. Hori ez da posible, eta bi epaimahai eta parametro ezberdinak behar dira. Beraz, bertso jarrien barnean bi azpigenerorekin egiten dugu topo eta biak dira onargarriak.
Antton Kazabonek ondo asko daki hori, eta zaila da bertso kontuan hari nik lezioak ematea. Jakinaren gainean eta nahita kokatu da kokatu den tokian; zer egiten duen dakiela hautatu ditu estiloa eta bertso-mota, baita gaia eta kantatzeko motiboa eta motibazioa ere.
Gaiak sinpleak dira, hurbilekoak, askotan lagunartekoak, bertsolaritza hein handian den eran. Hurbiltasun horrek, maiz asko, interesgarriago egiten du bertsoa; zuzeneana ritzea bezala da, abstrakziorik gabe, nahiz eta Anttonek baduen abstrakziorako gaitasuna. Gaia “txikia” denean (herriko pertsona xume bati bertsoa jostea) meritua handiagoa da, zukua atera egin behar zaiolako. Gaia “handia” denean, zukua dariola dago gaia, bildu besterik ez da egin behar. Gainera, sarri askotan, gaiak estaltzen du eraikuntza.
Esan bezala, Anttonek lehenengo bidea hautatu du, eta eskertzen da hurbiltasun horren freskotasuna. Eskailerapeko arnoa bezala ondutako edo ganbarako belarretan umoturiko udarearen antzeko usaina eta zaporea dituzte Antton Kazabonek “Txarapekoak” izeneko sortan batu dituen bertsoek.
Era guztietako bertsoak aurkituko ditu Kazabonen “Txarapekoekin” gozatu nahi duenak. Asko dira “egun handira” arte esanda joan zaizkigunei eskainiak; beste asko erretiro, urtebetetze eta abarrekin lotuak daude. Inoiz, enkarguz eginak. Baina askoz ere gehiago dira Anttonek bere iniziatibaz sortutakoak, etaez gutxi lehiaketaren batera aurkeztuak eta sarituak.
Hasieran esaten nuen bezala, biluztasunak janzten ditu, sinpleziak korapilatzen; gainzama astunik gabeak dira, jostalariak eta irakurterrazak, kolpean irensten diren horietakoak, bertsoak izan behar duen eran.
Orain, ekin eta gozatu! Eta ez ahaztu, amaieran, “ipuinen atala” deiturikoan, aurki ditzakezun ipuinak irakurtzea.
Osasunari
Ez da oso lizuna
daukadan eginkizuna,
bertsorik bertso aztertu behar
baitut osasuna.
Belarritan oihartzuna
txikitandikan entzuna:
“Mundu honetan osasuna da
gure ondasuna”.
Zu, altxor estimatua,
zu, perla preziatua,
ez zaituztenek gau eta egun
aldarrikatua;
zaituztenek ahaztua,
behartsuek goratua,
loteriaren egun handian
hain gogoratua.
Birikak ondo haizatu
eta oxigenoz osatu,
alkoholak eta gaitz-iturriak
denboraz uxatu;
bizimodua lasaitu,
dena tamainan gozatu,
eta horrela urte askoan
bizitza luzatu.
Halere gure joera
xelebrea jokaera:
tabakoa erre, gehiegi edan
jan ere sobera.
Nahiz gure baitan aukera
gogoz saiatu ohi gera
gaitz guztiei gure gorputzean
ematen sarrera.
(…)
Maisu bat nola bizi den
Ez dakit noren bitartez
ta politikaren partez
magisteritza ikasi nuen
nire borondatez.
geroztikan nire kaltez
haur artean hogei urtez,
batek garrasi, besteak buila…
Herodes, itzuli zaitez!
Zazpì ordu egunean
umeen aldamenean
esker gutxi eta dedikazio
handiko lanean.
Astearen azkenean
dena bukatzen denean
asteburua jai baldin badut
igaro ohi dut ohean.
Oihu eta deiadarra
ia galdurik iparra
egunarekin batera haurren
garrasi zaparra,
horren ondorio txarra
kezkatzen nauen bakarra:
azken urteak eroturikan
lotuta pasa beharra.
Xabier Leteri
Non hago, zer larretan,
Oiartzungo poeta kantaria?
Non, erreka zikinen iturri garbiak
aurkitu nahi zituen
poeta tristea?
Non, zer larretan
makurka eta poliki
arrastaka bidea egindako giza aberea?
Antton Kazabon Amigorena
Oiartzungo haurtzaro ikastolan irakasle ia berrogei urtez. Zuzendari ere izandua. Bertako Bertso Eskolaren sortzaile 80ko hamarkadan.
Euskal Herriko Txapelketa Nagusian eta Gipuzkoakoan epaimahai-buru 1991tik 2001era.
Gipuzkoako Ikastolen Elkartean lanean hiru urtez, Bertsolaritza irakaskuntzan izeneko proiektuan, horretarako materiale didaktikoa sortuz.
Haur eta gazte literaturan liburu askoren egile, laurogeitik gora guztira. Besteak beste, Kanpai hotsak isiltzean; Kaixo, Kattin; Momolo; Emozioen kulista; Txoria txori; Pirtzina zilborrean; Urtziren diarioa; Letrak elurretan; Bi kutxatxo…