Aner Peritz Euzkitze garaile Lizardi sarian
Aner Peritz Euzkitze garaile Lizardi sarian –
Aner Peritz “Euzkitze”k jantzi zuen irailaren 2an Lizardi sariko txapela Zarautzen, bere herrian. Andoni Rekondo hernaniarra sailkatu zen bigarren, bertso onenaren saria jasota. Bi lagun hauekin batera Naia Arrizabalaga, Gorka Pagonabarraga, Oier Etxeberria eta Aitor Tatiegi igo ziren oholtzara.
46. Lizardi sari honetan Iñigo Mantzizidor “Mantxi” arduratu zen irabazleari txapela janzteaz. 25 urtez beherako bertsolariek hartzen dute parte Zarauzko sariketa honetan, eta 20 urte ditu txapeldun berriak. Saioak izan zuen maila nabarmendu dute bertsozaleek, baita Peritzek ere (elkarrizketa bertsoa.eus-en). Saio oso ona iruditu zitzaion Euzkitzeri: «Ikusten nuen beste bostak ere nire aurretik geratu zitezkeela”.
Txapeldunaren agurra:
Lizardin, Zarautzen, hola
nola ez ipini gorri?
txapel beste inon ez al
hegon nahiko egonkor hi?
Baina kuadrilla bat ez da
hona alferrik etorri
eta litozko txapel hau
hortik nahi dut eratorri
gure helburu, ideal,
utopi eta jatorri
gure festa, gure talde
gure ileetako zorri…
Txapela etorri bezela
nahiko nioke igorri
sortu nahi genukeen eta
sortzen ari garen horri.