2022-08-04
Belaunaldi baten bukaera
Belaunaldi baten bukaera –
Duela egun gutxi hil zaigu Gregorio Larrañaga, Mañukorta. Berarekin kantatua banaiz ere (nola ahaztu bere barbantzo koloreko jertsea), bada bere berri nik baino hobeto emango duenik. Gure artean ere, berriki hil da Joxe Mari Lertxundi aiarra, gizon eta bertsolari benetan fina. Pixka bat atzerago hil zen Luis Otamendi, bertsolari umil eta gozoa. Guztiak lotuta, bururatu zait belaunaldi baten bukaera bizitzen ari garela, nahiz eta, zorionez, oraindik ere asko geure artean izan.
Bukatzen ari den belaunaldi honek baditu hainbat ezaugarri. Lehendabizi, bertso-eskoletatik pasa gabeko belaunaldia direla, bazuten arren elkarrekin bildu eta bertsotan jarduteko sena. Horrek elkarren arteko kantaera ezberdina izatea dakar, eta aberastasun handia. Ondoren, eskola handirik gabeko pertsonak direla asko, nahiz eta talentu eta argitasun handia izan. Gai abstraktu edo intelektualei buruz aritu baino, nahiago gai konkretuei buruz jardun, eta haiengandik abiaturik, ideia biribilak sortu. Hirugarren, mikrofonorik gabe kantatzen ikasi behar izan zutela, eta gehienek dutela ahots indartsua eta kantaera egokia, euren kasa landua. Neurri laburrak erabiltzeko gustua ere aipatu beharko genuke, bost puntukoak gehienez ere, baldin eta egun edo egoera bereziren bat ez bada. Euren bizibidea aztertuz, gehienak ere bazuten euren lanbidea, eta bertsolaritza haren osagarri, bertso-jarduna baldintzatzen duen alderdia. Eta azkenik, baina nire ustez garrantzitsuena, esan-indarrari ematen dioten pisua. Bertso batean forma eta edukiz kolpea bilatzen dute, bukaeran batez ere, eta esango nuke gazteek baino beldur txikiagoa diotela huts egiteari. Horrek bertso txarrak entzutea dakar tarteka, baina beste askotan ale eder eta indartsuak ere bai.
Belaunaldi ugaria dela esan genezake, eta mugatzen zaila dena. Herri edo auzo askotan badira herri-bertsolariak, euren inguruan kantatzeko gai direnak, nahiz eta handik kanpora ez aritu. Nik ez nuke jakingo esaten noiz den bat bertsolari ofizial, eta noiz herri-bertsolari. Bai, ordea, aberastasun handia dakarrela horrek.
Nabarmentzeko beste puntu bat da plazan aritu diren gehienak gizonezkoak direla, nahiz eta ezagutzen ditugun jendaurrean kantatu duten emakumeak ere. Lan polita litzateke emakume hauen testigantzak biltzea eta osatzea, edo hilak badaude, euren ingurukoenak. Badakit horrelako ahaleginak egin direla, eta ziur nago, bata eta besteari entzundakoengatik, gehiago ere badirela.
Gure bertso entrenamenduetan bailarako bertsolari zaharragoekin aritzeko aukera izan dugu, hauek ezagutuz eta tarte ederrak gozatuz. Jaso bezate, hitz hauek gutxi badira ere, geure aitortza eta esker ona.