Enare Muniategi
Enare Muniategi

2022-08-03

Kulunkaren “vaivén”-ean

Kulunkaren “vaivén”-ean –

Galdutakoak errekuperatzen bizi garela ematen du, gauza modernoak begitik sartu eta orain artekoa albora uztea errazegi egiten dugu batzuetan. Eta gerora konturatzen gara ze gutxi zaindu dugun hain baliotsua izan den hori. Estimatzen genuena berreskuratzeko ahalegina egiten dute artisau askok, batzuk forma berria emanez, besteek lehengoa ekarriz eta mantenduz. Egurrezko txalupa eta yate handi bat adibide izan daitezkeen bezala, bertsoa ere bai, bertsoaren egurrezko artisau izenda dezakete batzuk haien burua horrelakorik egin ahal bada.

 

Kulunkaren “vaivén”-ean

Orain dela egun batzuk, egurrezko batel batetik kantatu genuen. Bertso saio berezia, benetan, balkoitik balkoira kantatu izan dut inoiz, baina txintxorro batetik bestera, ba, ez.

Berez ere orekari sindromea sufritu dezake bertsolari batek, edo dezaket, beste inor pakete berean sartu gabe, edo orokortu gabe. Jaietako karpa zaharreko oholtzako egurren krakadak ere desoreka sentsazio bat ematen dit batzuetan, eta oreka mantendu nahi horretan neure barruan nahiko “itsas-korapilo” topatu ohi dut; nahiz eta kanpotik ez igarri, nire barruko kulunka ikusezina Kantauriko itsasoan olatuen gainean ibili ohi da nabigatzen. Bada, oraingo “vaivén”-a ez da metaforikoa izan, edo bai, eta biak izan ditut aldi berean, txaluparena eta neurea. Hala ere, bietan kulunkan ibiltzea gustuko dut.

Estimatzen duguna errebalorizatzea ez dago txarto, egurrezko txintxorritoak izan gara beti, eta batzuetan yateei begira egon garen arren, mimoz eta geure eskuz egindakoari merezi duen balioa emateko sasoia da, batzuetan kulunkan bada ere uraren gainean baitago.

Kulunkaren “vaivén”-ean