Lanartea: Euskararen langile profesionalak, lan baldintza duinen alde borrokan
Lanartea: Euskararen langile profesionalak, lan baldintza duinen alde borrokan –
Asier Aiestaranek NAIZen.
Euskarazko kultur sortzaile askok bizi duten prekarizazioari modu bateratuan aurre egiteko sortu zen Lanartea elkartea 2019an. Pandemiak areagotu egin zituen artista horietako askoren arazoak eta, behin egoeraren diagnostiko zehatza eginda, proposamen konkretuak egiten hasi dira.
Kultur sortzaileen bizitzak halabeharrez lan ziurgabetasun egoera batera lotuta egon behar duela pentsatzen dugu sarri askotan. Baliteke zenbait kasutan proiektuka antolatzen den sormen prozesu baten logikak horretara eramatea, baina beti horrela izan behar al du? Ez al dute artistek ere lan baldintza duin eta egonkorrak izateko eskubidea beste edozein langilek bezala? Galdera horiei eta beste askori bidezko erantzunak eman nahian sortu zen 2019an Lanartea elkartea, euskararen langile profesionalen elkartea.
Egiari zor, lehen batzarra 2019ko maiatzean Donostian egin zen arren, pare bat urte lehenago hasi ziren lehen mugimenduak. «2017-2018 urteetan zenbait kultur sortzaile, autonomoak zirenak eta urte askoan hortik bizi zirenak, edo bizi nahirik behintzat ibili zirenak, elkarren artean hitz egiten hasi ziren, eta konturatu ziren norberaren arazoak zirela uste zutenak arazo orokorrak zirela. Arazo sistemikoak zirela. Detonantea izan zen enteratu zirela artista gazte bat, gaztea baina jada ibilbide bat egina zuena eta arrakasta maila bat lortutakoa, bere logelaren alokairua ordaindu ezinik zebilela. Ez etxea, logela», gogoratu ditu lehen pauso haiek Amagoia Gurrutxaga elkarteko koordinatzaileak.
Gaur egun atea euskaraz lanean ari diren sortzaile eta interprete guztiei ireki zaien arren, hasiera hartan langile autonomoen elkarte modura jaio zen elkartea. «Autonomo egiten bazara, kobratu ala ez, hilero ia 300 euro ordaindu behar dituzu. Gainera, zergak direla edo beste papeleo batzuk direla, jende askok gestoria batera jotzen du gauzak ongi egite aldera. Gazte horrena jakin zutenean hitz egiten hasi eta konturatu ziren sekulako arazoa zeukatela», gehitu du Gurrutxagak hasiera hartaz.
«Logikoena sindikatu baten forma izatea litzateke, baina hasiera hartan mugitzen ari zirenak autonomoak zirenez eta autonomoek sindikatu bat ezin zutenez bere horretan sortu, hobetsi zen irabazi asmorik gabeko elkarte bezala erregistratzea. Hori 2020an izan zen. Eta ordurako helburu nagusiak zehaztu ziren».
Zehazki sei hauek dira Lanartearen sei eskakizun nagusiak, dezente laburtuta: epigrafe propio eta komun bat lan erregistroan euskararen langile autonomoentzat; ogasun politika arrazional bat, kotizazioak urte amaieran egin ahal izateko urte osoan fakturatutakoaren arabera; ogasunaren irizpide garden, zuzen eta justuak jardunbideak zergapetzerakoan; euskarazko kultur proposamenen gutxieneko kuota bat ezartzea zirkuitu eta hedabide publikoetan; aurrekontuak emendatzea euskaraz sortzen den kultura sustatzeko; kulturaren kontzeptua sormenetik eraikitzea, eta ez merkatuaren araberako industria ikuspegi hutsetik eta azpiegitura eta jaialdi erraldoietatik.
Prekarizazio bikoitza
Amagoia Gurrutxagak nabarmentzen duenez, euskaraz eta euskaratik ari diren sortzaileen kasuan prekarizazio bikoitza gertatzen da, artistek berez bizi duten egoerari hizkuntza gutxitu batean aritzeak sortzen duena batzen zaiolako.
«Baikor izanda 741.000 hartzaile potentzial ditugu, liburu bat irakurri eta ulertzeko gutxieneko ezagutza dutenak; ez daukagu laguntza propiorik edo zirkuitu berezirik gure txikitasunean; diglosia egoera batean dagoen hizkuntza batean jardunda gu ere kultur diglosia batean ari gara… Zerbait egin behar da hori konpontzeko eta sortzaileek ikusten dutena da ez dela horrelakorik kontuan hartzen. Esaten dena da: ‘Hemen denok berdin gaude, denok aukera berdinak ditugu, eta bakoitzak eska ditzala bere laguntzak’. Bada, ez, ez gaude aukera berdintasun batean», dio egoera dendari edo nekazari txikiek bizi dutenarekin nolabait alderatuz.
Eta askotan norbere lan baldintzak prekarioak direla onartzea kosta egiten den arren, zentzu horretan pandemiak begi asko ireki zituen: «‘Nik badauzkat lagunak lan prekarioa egiten dutenak, baina niri gustatu egiten zait egiten dudana’, esaten dizute. Baina galderak argiak dira: zuk lan bat egiten duzu ala ez? Lan hori baldintza duinetan egiten duzu ala ez? Ziurtasun minimo batekin bizi zara ala ez? Eta pandemiarekin gertatu da, adibidez, lehen bere burua langile prekariotzat ez zeukan jende batek iritziz aldatzea. Lehen esaten zuten: ‘Gustatzen zaidana egiten dut eta bizitzeko adina ateratzen dut’. Baina pandemia iritsi zenean dena kolokan jarri zen. Batek esan zidan behin eta sekulako esaldia iruditu zitzaidan: ‘Orain arte uste nuen soldata justua jasotzen nuela eta pandemian konturatu naiz soldata juxtu-juxtukoa jasotzen dudala’».
Kultur sistema arrotza
Lan harremanei dagokienez, arlo desberdinetako profesionalekin egindako bileretan berehala identifikatu ziren denek zituzten bizpahiru arazo komun. Horietako bat, adibidez, edozertarako egin beharreko etengabeko tramiteen konplexutasuna litzateke, eta horrekin oso lotuta, tramite horietako asko egiteko irizpide bateratu falta administrazio desberdinetan.
«Sortzaileekin bilerak egiten hasi ginenean jendea erabat galduta aurkitu genuen. Diputaziora deitzen zuten zalantzaren bat argitu nahian eta erantzuten zuen bakoitzak gauza desberdina esaten zuen. Gestoria batekin lan egiten zutenek ere arazoak izaten zituzten. Ustez dena oso zuzen egin eta hala ere gero ikuskariren bat galdezka», gogoratu du Gurrutxagak.
Gainera, lege eta egitura asko espainiar Estatuak bere neurrira eginak izateak hainbat arazo sortzen ditu. Adibide argiena bertsolariena da: «Autonomo bezala alta ematea erabakitzen baduzu, epigrafe bat aukeratu behar duzu. Zure burua sailkatu egin behar duzu ofizioaren arabera. Baina sektore honetan sekulako nahastea dago. Dauden epigrafeek, nahastearen barruan, Espainiako errealitateari erantzuten diote. Adibidez, toreroek badaukate epigrafea, baina bertsolariek ez, beraien kultur sisteman ez direlako existitzen. Baina gure kulturan pentsa zer pisu espezifiko daukaten bertsolariek. Gure borroketako bat, adibidez, epigrafe hori lortzea da».
Arazo horien aurrean beste irtenbide konkretu batzuk ere lantzen ari dira elkartean. «Fiskalitatearen gaian proposamen bat lantzen ari gara bertsolari, idazle, itzultzaile eta haur literaturaren inguruan dabiltzan Galtzagorriko idazle, ilustratzaile eta ipuin kontalariekin. Era berean, bigarren fase horretan sartzen ari gara dantzariekin, trikitilariekin eta musikariekin, legea desberdina delako hauen kasuan, sorkuntza eta jendaurreko emanaldiak desberdintzen ditu. Idazleentzako kontratu ereduak lantzen ere ari gara. Argitaletxe batekin kontratu bat sinatzerakoan zer gutxieneko eska litezke? Hori arrazoitzen ari gara».
Eta praktika onen gidak egitea ere garrantzitsua da elkartearen ustez, «baina sektoreko langileen ikuspegitik eginak». «Zer da artistari sor zaion gutxienekoa justua den harreman bat eraikitzeko kontratatzailearekin? Irudigileek badute egina, idazleak bukatzen ari dira, bertsolariek ere martxan dute, musikari eta aktoreekin aktibatu nahian gabiltza… Dokumentu publikoak izango dira, edozein sortzaileren esku utziko ditugunak eta oinarrizko gutxieneko puntu batzuk jasoko dituztenak».
Bilerak erakundeekin
Proposamen horiek eta elkartearen lana aurkezteko hainbat bilera egin ditu Lanarteak erakunde publikoekin, Lakuako Gobernuarekin, Gipuzkoako Aldundiarekin edo Euskarabidearekin. «Gure helburua litzateke txapel berdina janztea euskarazko sortzaile eta interprete denentzako, askotan lan desberdinak egiten direlako baina euskarazko ekosistemaren barruan. Eta ogasunei eskatzen ari garena da irizpideak bateratzea, artista hauek euskararen lurralde osoan egiten dutelako lana eta leku bakoitzean eskakizunak desberdinak direlako. Hemen BEZarekin, hemen BEZik gabe… Guk gure proposamena egingo dugu, gure ustez onena zer den, eta horren bila joango gara, baina ateratzen dena ateratzen dela bateratua izan dadila behintzat».
«Loreak belaunetan», sortzaile gazteen errealitatera hurbilpen bat
Lanartea elkarteak “Loreak belaunetan. Kulturaren zazpi ahots gazte” dokumentala ekoitzi berri du, sortzaile gazteek bizi duten errealitatera hurbiltzeko helburuarekin. Bertan, kultur arlo desberdinetan diharduten zazpi gaztek bizi duten egoerari buruzko hausnarketa interesgarriak –eta askotan gordinak– egiten dituzte. Proiektua Amagoia Gurrutxagak gidatu du eta Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibak landu ditu irudia eta soinua. Protagonistak Oihana Arana poeta eta bertsolaria, Amets Aranguren musikaria, Kattalin Barcena artista plastiko eta musikaria, Dom Campistron irudigilea, Ekain Ibarguren aktore, pailazo eta malabarista, Iker Maguregi zinemagile eta musikaria eta Maddi Ane Txoperena kazetari, idazle eta bertsolaria dira. Aurrestreinaldia Bilbon eta Donostian egin zuten orain bizpahiru aste, eta asmoa uda ostean filma ahalik eta leku gehienetan erakustea da.
«Bigarren batzarra iazko urriaren 30ean egin genuen Azpeitian, eta ordurako ikusten genuen gurekin harremanetan jartzen zen pertsonen gehiengoa jada sorkuntzatik bizitzeko apustua egin zuen jendea zela. Azken batean, horiek dira prekaritatea eguneroko bizitzan sufritzen dutenak eta kezka larrienak dituztenak. Baina ikusten genuen gazteak oraindik ez daudela normalean fase horretan. Gazteentzat kezka handiagoa izaten da nola erakutsi beraien lana jasoko duten ordaina baino. Jabetuta, beraz, gazteek beste kezka batzuk izan zitzaketela, eta segur aski ez zirela beraiek guregana etorriko, pentsatu genuen gu joango ginela beraiengana», azaldu digu Gurrutxagak dokumentala egiteko arrazoiaz.
Hala ere, gazteen errealitateak berezitasunak izan arren, zenbait arazo errepikatzen direla nabarmen geratzen da dokumentalean. «Berehala konturatzen dira jendeak duen joera lana doan egiteko eskatzerakoan», aipatzen du Gurrutxagak, adibidez. Baina ez hori bakarrik. «Nire harridurarako, gazteak ere oso itota aurkitu ditugu papeleo kontuarekin». Errealitate gordina, baina erakutsi beharrekoa: «Zer egin behar dugu, arazoa ezkutatu? Gure ustez arazo potolo bat daukagu eta ezin da tapatu».