2022-05-25
ERREdurak
ERREdurak –
Suak umetatik liluratu izan nau, aitite-amamen etxean sutondoan eseri eta suari begira egoten ginenetik. Poxpolu kutxa hartu eta haiek banan-banan piztea ere plazer hutsa zen, zer esanik ez binaka ixiotuez gero. Egoeraren arabera plazer txiki hura beldurgarri suertatu zatekeen, etxean bakarrik poxpolua piztu eta gasa zabaltzen nuenetan bereziki, ume nintzela oraindik bazkaria berotu behar nuenean. Zer esanik ez, ur beroaren kaldera zahar hura martxan jarri behar zenetan.
Erretzeari beldur nion, beldur izugarria. Umetan ez nuen susto handiegirik hartu, heldutan ordea lapikoko tapa altxa eta lurrunarekin bigarren mailako erredurak izandakoa naiz. Erredurak, mindutako ehunaren sakontasunaren eta eragina jasan duen eremuko hedaduraren arabera sailkatzen dira, hala diote adituek.
Erredura-mailen larritasuna goranzkoa da: maila altuagoak, min garrantzitsuagoa eta sakonagoa adierazten du. Horrela, lehen graduko erredurek, azalaren gaineko geruzarengan dute eragina eta gorridura eragiten dute. Bigarren mailakoak, epidermisa eta dermisarengan eragina dutenak dira, eta babak eragitea dute ezaugarri. Hirugarren mailako erredurek, azal azpiko ehuna, muskulua eta hezurrarengan eragina dute eta nekrosiarekin lotuta daude.
Erreduraren larritasuna, bere hedaduraren araberakoa ere bada, eragina jasandako gorputz-azaleraren portzentajearen araberakoa. Erredura larriek, shocka eta deshidratazioa eragiten dute. Horrela, gorputzaren % 10 baino gehiago hartzen duten hirugarren graduko erredurak dauzkan gaixoa, erietxera eraman behar da ahalik eta azkarren.
Aspaldian ez naiz erietxera joan, izan ditut plan hobeak. Pandemia oste honek, udaberri partean ekarri duen kultura loraldiaz disfrutatzeko parada izan dut. Maiatzaren 10ean Lemoara hurreratu nintzen, Kotxepin aretora, Erre antzezlana ikustera. Eszenografian xumea, aldarrian sakona… izugarri gustatu zitzaidan. Zorionak Leire, Aner, Oihana eta Haizea. Gaztetasuna sumatzen zen taula gainean, urduritasun pixka bat akaso, freskotasuna eta batez ere hausnarketarako eta salaketarako gogoa.
Ez dizuet gezurrik esango, dezentetan egin nuen barre, noizbehinka listua tragatu, askotan pentsatu, barruak korapilatu eta baita askatu ere. Bertso mundurako eta oso bertso mundutik eraikitako antzezlana da Erre… eta erre egiten du. Erreduraren maila ordea, norberaren araberakoa izango da, egongo dira lehen mailako erredurekin aterako direnak edo erredura larriagoak pairatu ditzaketenak.
Kasu honetan erretzeak merezi du azal berritzeko besterik ez bada ere. Erre ikusi ez baduzue ez galdu aukerarik, Euskal Herri luze-zabalean ari dira emanaldia eskaintzen eta merezi du, une goxo eta interesgarria biziko duzue. Bigundu epidermisak eta erre gaitezen pixka bat!