2022-04-21
Ze penitentzia!
Ze penitentzia! –
Doinua: Mundua uzten bazuen/Maisu Ruanda zer da
Nahiz ta etorkizuna
eduki kolokan
edo agian dena
dugulako kontran
Kostaldean, mendian…
gustuko txokotan
Ateratzea aunitzek
geneukan gogotan
santu ez izan arren
Aste Santu hontan
Egon santu ta santen
pasi(e)oei adi
edo kantu ta kante(e)n
sasi ordezkari
Hustutako herriak
turistaren kabi
Hemen norbera gogoz
saiatzen da ari
fedea jartzen bere
“prozesioari”
Goiz partean mendian
bueltaka aritu
Eguerdian ardo bat
hartzera gelditu
Menu kalorikoen
doktrina segitu
Euskaldun izateak
halakoak ditu
etxetik kanpo baina
etxean sentitu
Aberri Eguna ere
ez da hain plan txarra
Gernika, Bilbo, Amaiur
zein Iruñea zaharra
Naziotasuna da
indartu beharra
nahiz ta irudikatzen
izan zail xamarra
jai zatituak dauzkan
Aberri bakarra
Ta Baztan inguruan
hitzaldi, kontzertu…
dena bihurtzen ari
zenean desertu
Nahiz batzuk ez dizueten
sobera es(z)kertu
errebelde zutitu
ta “sorgin” agertu
sorgin ez ziren haien
etxeetatik gertu
Zenbaitzuk bista urrun
daukate halare
Asturias, Katalunya
Korsika, Algarve…
Autokarabana ta
furgoen artalde
Sarri egiten dugu
kanpokora alde
bertakoa apenas
ezagutu gabe
Munduan leku ederrak
daudela badakit
Euskal Herrian ere
badaude haatik
Baina nor dago salbu
inkoherentziatik?
Nire diskurtso zorrotz
ta furgonetatik
besarkada bero bat
Andaluziatik