Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2022-04-20

Nabardura

Nabardura –

Badakigu bertsoaldi batek ez duela ñabardura handirik onartzen, aurrez konpartitua den diskurtso baten gainean ez bada. Horregatik, enegarren aldiz gai bera jartzen digutenean (ez da kexa, auzi batzuk presente dauden heinean gai horiei ahotsa jartzeko premia sentitzen dugulako), baimena ematen diogu gure buruari ertz bati soilik begiratzeko.

 

Nabardura
Arg: Alberto Elosegi

 

Gutxi landutako gaiek zelai elurtu berriaren antza izaten dute, eta gure lorratzen marka nabarmenago geratzen denez, aurrerantz doan bide bat uzten saiatzen gara. Zorte pixka batekin (edo egoskorkeria puska batekin) izango dugu zelai horretara itzultzeko aukera, eta aurkako norabidean edo zeharkakoan pasatzekoa.

Gai askok ñabardura eskatzen digute; berrirakurketa, markoa zabaltzea, lupaz aztertzea. Eta xehetasunak kantatu ahal izateko entzulea non kokatzen den eta norbera non kokatzen duten jakitea komeni izaten da. Bestela, marko hori eraikitzen joango zaizkigu lehen bi edo hiru bertsoak. Horixe du hitz neurtuak.

Gorpuzten ez ditugun auzien inguruan zilegitasuna ere kolokan sentitzen dugu tarteka, parte ez garen komunitate bati ahotsa jartzerakoan, asmo onena izanagatik ez dugulako esperientzia edo ezagutza zuzenik, eta esaten dugunaren eta garenaren arteko talkak gurasokeria kutsua har lezake.

Hau guztia konplexuago bilakatzen da umorea egitera bagoaz, adibidez. Izan ere, ni parte ez naizen komunitate baten inguruko umorea barrutik edo kanpotik egin, bigarrena goitik beherakoa bihur dezake komunitate hori gutxitua izateak. Eztabaidatzera irits gintezke, bertsolaritzan kantuak gabiltzanok ze zilegitasun dugun zenbait komunitate azpiraturi buruz kantatzeko; euren errealitateaz aritzeko aukera bakarra izanik ere.

Zergatik burutazio hauek? Ba bi musulmanen larrutik kantatu genuelako ramadanak sortzen zizkigun zailtasunen inguruan, eta hauek guztiak gurutzatu zitzaizkigulako bidean: ezagutza falta, zilegitasunaren kezka eta errespetuaren muga noiz gainditzen genuen ezin bereizia. Ez naiz komunitate katolikoaren parte, baina lasai egiten dut horren inguruko umorea (ez jende fededunarena bereziki, erlijio edo instituzioari buruzkoa baizik); baina musulmanen kasuan, txiste bat otu eta ezin jakin hori onargarria irudituko ote litzaiokeen balizko entzule musulmanari. Ez baita berdin, barrutik egitea kritika edo txiste ironiko bat, edo kanpotik (eta goitik?) egitea.

Besteren zelai elurtuan bota lokaztuekin sartzea da batzuetan bertsotan egitea. Eta ñabartu nahi dugunean, nabartu baino ez dugu egiten zuritasuna. Gauza horiek pentsatzeko premia gutxitan sentitu dugu akaso, gai horiek ez direlako maiz tokatzen, eta batik bat, gero bertsokideak esan zidan moduan: “jakin dugulako entzuleen artea ez zeudela”. Eta horrek beste galdera soka batera narama.

Nabardura