Antxoka Agirre: «Bertsolaritzaren historia mediatikoa kontatu dut liburuan»
Bertsolaritzaren historia mediatikoa kontatu dut liburuan –
Ainize Madariagak BERRIAn.
ANTXOKA AGIRRE. KAZETARIA ETA EHUKO IRAKASLEA
‘Bertsolaritzaren historia soziala: oihartzuna, eragiletza eta gakoak (1823-2018)’ liburua atera du. Ikertu du zerendako garatu den bertsolaritza Euskal Herrian, eta zergatik duen hain presentzia mediatiko handia.
Antxoka Agirrek (Zumaia, Gipuzkoa, 1976) liburu bat karrikaratu berri du bertsolaritzaren «historia sozialaz»: Bertsolaritzaren historia soziala: oihartzuna, eragiletza eta gakoak (1823-2018) (Euskaltzaindia, EHU, 2021). Tesitik liburu hau atera du, eta, harri batez bi txori, tesiko eranskinei iruzkinak eta ilustrazioak erantsi dizkie, Bertsolari aldizkarian argitaratzeko.
Bi mendez bertsolaritzak ukan duen presentzia mediatikoa ikertu duzu.
Abiapuntua izan da John Miles Foley estatubatuarra gomitatu zutela 2005eko bertso txapelketako finalera: munduan zegoen aditurik handienetariko bat ahozkotasunari dagokionez. Bertsolaritza beste herrialdeetan baldin bazen ere —Katalunian, Txinan, Kanarietan…—, Foleyk haluzinatu egin zuen hemen bertsolaritzak zeukan oihartzun sozial eta mediatikoarekin. Saiatu naiz erantzuten gurean zergatik hartu duen halako oihartzuna. 1823an abiatu dut historia.
Journal de voyage aldizkarian?
Hori da; bertsolaritzari buruz topatu dudan testurik zaharrena da. Historia mediatikoa kontatzen dut: noiz agertu zen prentsan, bere garapena, noiz hasi zen irratian, ikus-entzunezkoetan, Interneten… Hori ulertzeko, ikusi nuen funtsezkoa zela bertsolaritza medioetara eramaten saiatu diren eragileen esku hartzea. Orduan, haien historiarekin osatu dut lana, egin gabe baitzegoen. Eta, haien erabakiak eta planteamenduak ulertzeko, ikusi nuen beharrezkoa zela begiratzea Europako kultura herrikoien bilakaera. Horrekin guztiarekin bertsolaritzaren historia soziala egin dut. 2019an aurkeztu nuen tesia, bi zatitan; tesia bera eta eranskinak. Lehen zatia hauxe da: laburtu, egokitu eta edizio lan txukunaren ondotik atera dugun liburua. Tesi bat bada ere, historia da, eta oso irakurgarria. Are, Jon Sarasuaren hitzaurre ederra dauka; horregatik bakarrik merezi du erostea. Bigarren zatia Bertsolari aldizkarian sartu dut: eranskinen hautapen iruzkindu eta ilustratua.
Egin gabeko lana zena?
Sarasuak dio uste dugun baino ezezagunagoa zaigula bertsolaritzaren historia, eta lehen aldiz ikusten duela haren historia osorik. Antonio Zabalaren Bosquejo de historia del bersolarismo izan zitekeen aurrekaria, baina ez zegoen dena egituratuta, lotuta.
Ahozkotasunaren historia dea?
Bertsolaritzarena; zehatzagoa da. Ahozkotasunarekin itzulika aritu naiz, ezin delako ulertu gure herriaren egoera berezia gabe. Euskarari gertatu zaio oso berandu estandarizatu dela, eskolara berandu iritsi, eta horrek ekarri du ahozkotasuna gordetzeko ahalegin handiagoa egon dela hemen beste lekuetan baino, besterik ez geneukalako. Kultur eragile modernoak XIX. mendean hasi ziren lanean, ahozkotasunari garrantzia emanez, idatziak ez baitzuen funtzionatzen, herria ez zegoelako alfabetatuta. Ahozkoak, berriz, bai: Abadia, Manterola eta hauek. Garapen berezia ekarri du horrek, singularra, beste inon gertatu ez dena.
Ostatukoa izateari utzi eta taula gainekoa izaten hasi dea?
Nire ustez jarraitzen du ostatuko eta kaleko bertsolaritza herrikoia izaten. Baina lortu du ikuskizun moderno gisa garatzea ere. Abadia saiatu zen publiko jantzia ere izan zezan. Gaur egun, bertsolaritzak guztia dauka: plazako edo tabernako betiko fenomeno kultural gisa funtzionatzen baitu, eta, aldi berean, kultura moderno eta postmoderno gisa ere bai: medioen bidez ikusten eta kontsumitzen baita. Eboluzio hori guzia kontatu dut.
Jantziagoa dea bertsolaritza?
Tesia ez da asko sartzen horretan, baina egia da ez dagoela alfabetatu gabeko bertsolaririk, eta horrek eragina dauka bertsokeran eta bertsogintzan. Eboluzioak polemikak ere ekarri ditu: zer puntutaraino gerturatu den idatzira, aurretik prestatuak diren… Nik gehiago ikusi dudana da fenomeno soziokultural gisa jakin duela egokitzen garaietara.
Zer konklusio atera duzu?
Gure historia gure kulturarena da, baina ez dugu hainbeste ezagutzen. Gainera, oso historia singularra da, harro egoteko modukoa. Gertatu zaiguna da idaztea kostatu zitzaigula, eta horrek ekarri du ahozkoaren bilakaera berezi bat, merezimendu handikoa. Aurreko belaunaldikoek apustua egin zuten bertsolaritzaren alde, diskurtso hegemonikoek esaten zutenean etorkizuna idatzia zela, kultura idatzia zela.