Saioa Alkaiza Nafarroako txapeldun

Saioa Alkaiza Nafarroako txapeldun –

Finalera lehen aldiz ailegatu eta txapela jantzi du Alkaizak.
 
Saioa Alkaiza Nafarroako txapeldun
 

1.750 lagun elkartu ziren atzo Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala bertatik-bertara jarraitzeko. Oholtzan: Julio Soto EzkurdiaSaioa Alkaiza Guallar,  Eneko Fernandez MaritxalarJoanes Illarregi MarzolEneko Lazkoz MartinezJosu Sanjurjo AltzuriXabat Illarregi Marzol eta Xabier Silveira EtxeberriaAnder Aranburu Arriolak egin zituen aurkezle lanak, eta Alaitz Rekondo Ferrero aritu zen gai-jartzaile.

Lehen atalean, bost ariketetan aritu dira zortzi bertsolariak: binaka zortziko handian, binaka zortziko txikian, banaka puntu erantzunean, binaka hamarreko txikian, eta banaka bakarkako lanean. Ariketa horietan Saioa Alkaizak eta Eneko Lazkozek bildu zituzten puntu gehien, eta biak pasa ziren buruz burukora. Puntuka eta seiko motzean aritu ziren hasieran, eta kartzelako lanarekin bukatu.

Lan puntuagarriak amaituta jakinarazi zen Saioa Alkaizak, Nafarroako Bertsolari Txapelketako bere lehen finalean eta 995 punturekin, irabazi zuela txapela. Puntuazioa jarraian: (ariketaz ariketako puntuazioa, hemen):

1. Saioa Alkaiza (995 puntu)
2. Eneko Lazkoz (992 puntu)
3. Julio Soto (627,5 puntu)
4. Joanes Illarregi (596 puntu)
5. Xabier Silveira (592,5 puntu)
6. Xabat Illarregi (582,5 puntu)
7. Josu Sanjurjo (580,5 puntu)
8. Eneko Fernandez (573 puntu)

Epaimahaia izan da bertsolarien lana epaitzeaz arduratu dena: Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria, Joseba Beltza, Mikel Beaumont, Nerea Bruño eta Saioa Mitxelena. Gogoratu lehen bost sailkatuek 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartzeko eskubidea eskuratu dutela, Nafarroako ordezkari gisara. Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko da txapelketa nazionaleko finala.

Estitxu Arozena Albizuk jantzi zion garaikurra irabazleari. Une hunkigarria eta gogoangarria izan zen askorentzat. “Modu horretan, bertsolari, bertso irakasle, eragile eta antolatzaile gisara bertsolaritzaren alde egindako lan eskerga” eskertu nahi izan dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen izenean, lehendakaritza taldeko Igor Elortza Aranoak eman zion oroigarria txapeldunari. Gainontzeko sariak Nafarroako lau kultur elkarteko ordezkariek eman dituzte -Goizuetako Umore Ona, Iruñeko Zaldiko Maldiko, Lesakako Arrano eta Tuterako Beterri-; “hala, elkarte horiek urteetan bertsolaritzaren alde egindako lanari keinu” egin nahi izan dio antolakuntzak.


Hitzetik Hortzera berezia, igandean

Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalak emandako bertsoaldi onenak eta txapeldunaren hitzak bilduko ditu programan, heldu den igandean, 15:00etan, ETB1 katean.

www.bertsoa.eus atariak, bestalde, bertsoaldien bideo hautaketa eta kronika jaso ditu, eta txapeldunari eta beste finalisteei egindako elkarrizketak argitaratuko ditu etzi.

 

 

Saioa Alkaiza Nafarroako txapeldun