[Bertso ibilbidea] Leitza
Leitza –
Gipuzkoa aldetik trena hartu eta Nafarroara heldu bezain pronto egingo dugu lehenengo geldialdia. Trenetik jaitsi eta, oinez, herria zeharkatuko dugu, lehengo eta gaurko bertsolari, bertso eta leku bereziak ezagutuz. Leitzan, pilotari eta harri jasotzaileak bakarrik ez, bertsolariak ere egon direla eta badaudela ikusteko ibilbide xume honetan, ale politak, kontakizun ezberdinak, sorkuntza eremuak eta abar arakatuko ditugu. Hurrengo orriotan dago hori guztia plazer duenarentzat, atsegin izango zaizuelakoan. Eta hala suertatuko ez balitz, errua ez daukat ez nik!
- geltokia: Franki baserria
Lehenbiziko geldialdia Gipuzkoa aldetik etorri eta muga pasa bezain pronto egingo dugu, Franki baserrian, Manuel Lasarteren jaiotetxean. Geltoki bat izatekotan, hauxe da geltoki deitzea zilegi den bakarra, garai batean Iruñea-Donostia burdinbidea edo Plazaolako trena izeneko trenbidearen geltoki baten ondoan baitago.
Gipuzkoarekin mugan eta tren geltokiaren ondoan, bertan jaio eta hazi zen Manuel Lasarte bertsolaria, 12 urterekin Aiara bizitzera joan zen arte. Etxe ondotik pasatzen zen erreka txikiaren eta bertako harizti eta gaztainadi artean eman zituen lehenengo urteak. Askok pentsatuko dute (eta ez dira oso oker ibiliko) hauxe dela Leitzako bertsolaritzaren sorlekua, herri honek eman duen bertsolaririk esanguratsuena sortu baitzen hemen.
Hamabi urterekin Aiara lekualdatu arren, eta bizitzan zehar Eibarren eta Orion bizi arren, ez zuen inoiz ahaztu sustraiak non zituen. Are gehiago, harrotasunez goraipatzen zuen, zenbait bertso jarritan gordeta geratu den moduan. Ez gara, ordea, Leitzari botatako loreak gogoratzen ariko. Geldialdi honetan Manuelek jarritako bertso batzuk ekarriko ditugu gogora, auzoko mutilzahar edarizale bati jarritakoak.
Litekeena da hurrengo bertso hauek Franki baserriko bizilagunen bati jarri ez izana, eta Aiako edo Orioko bizilagunen bati (edo asmatutako bati) jarri izana, baina bere sortetxeaz ari garenez, zilegi da lizentzia hori hartzea eta Lasarteren bertso hauek hona ekartzea. Ez daude denak idatzirik, eta sortako guztiak borobilak izan arren, hemen datozenak horietako batzuk besterik ez dira.
Auzoko mutilzahar edarizale bati jarritako sorta, beste auzokide batzuek enkarguz eskatuta.
Auzoko mutilzar bati
bertsoak jartzeko beti
esaten ari ziran, ta nik ez
gogorik eduki.
Itzegin leike egoki
nundikan asi baneki,
baiña len ere ori nortsu dan
jendeak badaki.
Ikusi nuen lenguan
eta bildurtu ninduan:
gizarajua neurriak ondo
beteta zeguan.
Obe lotu bagenduan
asto beltzaren onduan;
libre utzi ta jakiña dago
zer egingo duan.
Urte txarrak datozkion
itxurak artu nizkion
bere anaiak ere kontseju
pranko eman zizkion
nola ajolik eztion
guk zer esan genizkion
ea berriro uste baño len
aztutzen zaizkion.
Etzigun erantzun itzik
ez bai ezta ez ezetzik
egi galantak entzunagatik
askotan ez ezik
orrek ez du beste gaitzik
alkola gallendu baizik
ori kenduta ez du pasako
gustoko bizitzik.
Berrogei urteko adiña
zerbait pentsatzeko diña
baluke baña gizarajoak
burua ariña
zurrutak dago eragiña
ainbeste badu egiña
txikitandikan ekarri zuen
ortarako griña.
Ez diot opa gaizkirik
naigabearen izpirik
baña nik ez det iñun ikusi
olako piztirik
gau ta egun dabil bustirik
legortzeko ez du astirik
alere iñoiz ez du edaten
nai duen guztirik.
Etxe azpiko aldapan
pausoa ematen du bakan,
gizarajoa an ibiltzen da
asto baten plantan.
Etxeratzen da lau ankan,
atea jotzen du kan-kan,
orrek gorputza kastigatzen du
buruaren paltan.
Zorioneko edariak
ditu indar ugariak
ez dira beti ongi konpontzen
gizona ta biak.
Nasten ditu memoriak
gero nunai aberiak
len ere orrek bultzata asko
dira eroriak.
- geltokia: Manuel Lasarteren bustoa
Aipatu dugu lehen, Lasartek herritik alde egin behar izan zuen arren beti gogoan izan zuela jaio zen herri txikia, maitasun handiz gainera. Maitasun hori, ordea, aldebikoa zen, herriak ere izugarri maitatu eta estimatu izan du Manuel Lasarte. 1975eko apirilaren 2an omenaldi handi bat egin zitzaion bere bertsolari ibilbidearen aitortza eginez, eta egun osoko egitaraua izan zen: Arakindegi ostatuan gosaria, txistulari eta dantzariak, elizkizuna, hitzaldiak, erregaliak, bertso saioa… Eta geltoki hau hautatzera ekarri gaituena: kale bati bere izena eman zioten, eta harrizko irudi eder bat egin zioten, oroigarri gisara.
Ez zen berehalakoan ahaztuko Manuel egun handi hartaz, Gordean neuzkanak liburuan argi utzi zuen, honela deskribatu baitzuen egun hura: “Egun gogoangarri bat, nere bizitzan izan deten egunik aundiena; bataiatu ninduten egun aundiaren urrengoa, nere ustez”.
Ez zen egin zioten omenaldi bakarra izan, ordea. 2006an, bere aurpegia zuen harrizko figura hautsi egin zen, eta, ondorioz, berri bat egin behar izan zuten. Hori aitzakiatzat hartuta, beste omenaldi bat egin zion Leitzako herriak, aurrekoa baino xumeagoa. Egun hartakoa da ondoko irudia.
Bertso hauek berriz, 1975eko omenaldiko egunean, bertso saioan kantatu zizkioten aleak dira, esker ona adieraziz.
Joxe Lizaso:
Ementxe nator barrengo pozak
kanpora ezin botian,
ta poztu nau iduri ori
or ikustean kalian;
askoren famak izaten dira
sartu ta gero lurpian,
irekin beintzat oroitu dituk
bizirik agon artian
Imanol Lazkano:
Lore on danak bakandu dira,
ugaldu zaigu sasiya,
eta ori da gure artean
ikusten dan desgraziya;
Lasarten gisan baratz orretan
erein zazute aziya,
iñork jarraitu nai baldin badu
or bada zer ikasiya.
Jon Azpillaga:
Nik ere berdin agurtutzen det
aspaldiko lagun zarra,
malda auetan bizi izana,
ain bertsolari edarra;
gaur Gipuzkoa’k babestutzen du
baña jaiotzez leitzarra,
orregatikan deitzen diote
Naparrua’ko izarra.
Jon Lopategi:
Ain zuzen ere izartxo batek
deitu zidan onuntz neri,
Zaldibar eta Gernika aldetik
dakarkit zenbait agiri;
milla zorion zuri, Lasarte,
adiskide maite ori,
t’aritz zarraren lore berriak
Naparru erri zarrari.
Lazkao Txiki:
O, senideak, alde ontara
ekarri deguen poza!
Emen utzi nai degu burua
edo eztarriko boza.
Ikusitzen da, Manuelekin
dago Leitza’ko biotza,
zu jaio ziñan siaskatxoa
oraindik ez dago otza.
- geltokia: Euskal Herria plaza
Baina garai batekoak utzita, Manuel Lasarteren ondoren etorri dira berriak eta bertsoak bizirik jarraitu du herrian. Euskal Herria plazan, herriko plazan, urteko saiorik garrantzitsuena egiten da. Santiburtzio festetan urtero jaialdi bat antolatzen da, eta herriko plaza jendez goraino betetzen da, bertsolariek esateko daukatena entzun asmoz.
Gutxienez gerra garaitik edo lehenagotik egiten den jaialdia da, eta, festetan, zezenekin eta dantzekin batera, jende gehientsuen biltzen duen ekitaldia da. Bertsoa, ordea, ez da festetako jaialdian soilik entzuten herriko plazan, ekitaldi kultural, politiko, kirol arloko, omenaldi… gehienak ere bertan egiten dira, eta bertso doinuak ez dira urruti ibiltzen horrelakoetan.
Baina festetako saiora itzuliz, urtero punta-puntako bertsolariak ekartzen dira saioa borobiltzeko, eta herriko bertsolariekin batera osatzen dute taldea. Herritarrek kanpotik deitutakoen inbidiarik ez dute izaten, saio borobilak ateratzen dira guztien artean eta estimatutako plaza da; entzuleak gogoz hartzen ditu bertsolariak, eta txaloz ordaintzen die egindako lana.
2016. urteko saioan Oihana Iguaranek bakarka osatutako lana da hemen idatzita aurkitu daitekeena. Gure Esku Dago egitasmoaren, egindako giza-katearen, etortzekoak ziren herri-galdeketen eta “jende zoriontsua herri libre batean” dioen abestiaren inguruan galdegin zion gai jartzaileak Oihanari. Hementxe bada, Euskal Herria plazan gure herriaren erabakitze prozesuari eta honek sortutako ilusioei jarritako bertso hirukotea.
Du(e)la bi urte abiatuta
bagoaz erabakitzen
gure pausoak norantza bota
ta bide bat eraikitzen
egia esan kantuarekin
ni ere hunkitu nintzen
nahiz proiektu bat ezinezko den
abesti batean biltzen
gure herria behingoagatik
tonu berean ari zen.
Giza-katean elkartu ginen
hogeita hamaika eskuko
gero oihalak josi genitun
denak puntara juxtuko
gure bidea, gure kantua
bi gauza ditut gustuko
nahiz eztabaida luzerako den
eta ez den abestuko
sinistu nahi det bitarte hortan
ez gerala isilduko.
Bidea pixkat arindu zaigu
abesti hori tarteko
baino aurretik dena daukagu
egiteko, esateko
irribarrea modu on bat da
gure hortzen kanporako
bide luzean pausoak daude
ta prest gaude emateko
baino enago herri horren zain
zoriontsu izateko.
- geltokia: Aurrera elkartea eta bere plazatxoa
Handitik txikira jauzi egingo dugu orain, herriko plazatik estrata txiki bat hartu eta aurrera elkartea dagoen tokira. Leitzako Kirol Elkartea da Aurrera, eta bere egoitza eta soziedadea daude Euskal Herria plazatik gertu, udaletxearen atzeko aldean. Kirolaz gain soziedade honetan egitasmo anitz egin izan dira betidanik, bertsoa horien artean. Bertso bazkari eta afariak edo Bardoak taldekako txapelketako saioak esaterako; garai batean eta urte luzez bertso eskola ere bertan egin izan da.
Baina bada urtero hutsik egin gabe errepikatzen den saio bat azken 6-7 urtean, festetako egun handian, abuztuaren 11n San Tiburtzio egunez. Herriko bertso eskolak antolatzen duen saioa izaten da, eta bertako partaideek abesten dute bertan. Giro goxo eta atsegina sortzen da, bazkalosterako plan ezin hobea: etxean ederki bazkaldu ondoren kafea izotzarekin, gin tonic bat eta herriko bertsolariak kantuan entzuteko parada.
Entzule kopuruak, pixkanaka, gorantz egin du urterik urte, eta azkeneko urteotan 50 pertsona inguru elkartu izan dira emanaldiaz gozatzeko. Bertsolarientzat ere plaza maitatua da, festa egunez herrian bertan kantatzea eta bertso eskolako kideekin batera mikrofonoa hartu eta jai giroan bakoitzak bere aletxoa uztea modu bikaina da bezperako parrandaren ondorioak pasatzeko; baita datorren parrandari hasiera emateko ere.
Hemen dauden hiru puntu erantzun hauek, Miel Mari Elosegi Luze leitzarrak Aurrera Elkartean egindako saio batean botatakoak dira.
Atez ate biltzen da
gaur egun zaborra
Nahiz ta etxe batzutan
suertatu gogorra
Hobetu beharra dugu
zaborren alorra
amalurrarekin ho(r)i
da daukagun zorra
Birziklatu ezkero
gero ta gehiago
Hobera iñen lukela
du Luzek itxaro
jendea kontzientziatzen
ari da zeharo
emaitza etorriko da
ni seguru nago.
Zuk zer egiten duzu
naturaren alde?
Saiatzen naiz izaten
zabor guzin jabe
nere ingurua zaindu
nere burun pare
hala (e)re ongi itteko
ikasteko gaude.
- geltokia: Atekabeltz Herrigunea
Aurreratik atera, kale nagusian behera egin, herriko biribilgunea igaro eta herritik irten baino lehentxeago aurkitzen da azkenaurreko geltokia: Atekabeltz Herrigunea. Orain dela 16 urte okupatutako espazio bat da, herriaren eta herritarren erabilerarako ateak zabalik dituena. Garai batean Guardia Zibilaren kuartela izandakoa, gaur egun Herrigunea da, eta bertan daude gaztetxea, liburutegitxo bat, rokodromoa, serigrafia gela, eragile politiko eta sozialen batzar gelak, sukaldea, ikus-entzunezkoen gela…
Eragilek eskatu eta gelak hartzen dituzte, eta bertan dago Atekaberts Leitzako bertso eskolaren gela. Leku xume bat, baina uzta emankorrak eskainitakoa. Bertan biltzen dira bertso eskolako kideak kantuan aritzeko (gehienetan, kontu-kontari aritzeko ere bai askotan), txapelketak prestatzeko, saioak antolatzeko eta baita tarteka mokadutxo bat jan eta lagun giroan bertso batzuk botatzeko ere.
Herriko sortzaileen babesleku da Atekabeltz, sormenerako espazioak eskaintzeaz gain, plazak ere sortu eta eskura ematen baitizkie sortzaileei, sorkuntzako alor guztiei lekua eginez, herritik eta herriarentzat (auzo)lanean arituz. Bertso saio andana egin da Atekabeltzen, gaztetxea den espazioan batez ere. Azken urteotan Bardoak egitasmoko saioek hartu dute sona, eta herritarrak gogotsu agertzen dira saio hauek entzutera. Gaztetxea leporaino bete izan da, herrikideak kantuan entzuteko eta umorezko agur prestatuak ikusteko irrikaz bertaratzen dira. 100 lagun inguru bildu izan dira azken urteetan, eta saio on askoak entzuteko aukera izan dute.
Hementxe bertso eskolako bi kidek, Diego Riañok eta Xabat Illarregik erdibana osatutako bi habanera, kontratua berrituko ote dieten ez dakiten enpresa bereko bi lankideren paperetik.
*Diegok bertso bakoitzeko lehenengo lau puntuak abesten ditu, eta Xabatek beste 4rak.
Gaur arte ibili gara
hemen batetik bestera
nolakoa izango ote da
biharko egunaren bezpera?
berriz kontratua sinatu
izango ahal dugu aukera?
edota asko bezela
joango ahal gara kalera?
Ba ez dakit, nik ere bai
pentsatzen baitut berbera
nahiz eta jakin inglesa,
euskera eta erdera
orain nahiz eta pentsatu
itzuliko ahal naiz honera?
alperrik egiten diot
nere bururi galdera.
Ta lana egin behar da
betetzekotan sabela
beño gure etorkizuna
bihurtu zaigu kiniela
Leitzako papelerian
aritzen gara honela
ta orain papelerian
falta kontrato-papela
laster ikusiko dugu
INEMen gure eskela
edota irrifartxo bat
aterako da bestela
ostirala iristear
ta sentitzen naiz horrela
sufritu egin beharko da
aurreko astetan bezela!
- geltokia: Kiroldegia
Herrigunetik atera eta eskolako patiotik igaroz, parkea pasatu eta kiroldegira heltzen gara. Hauxe da gure azken geltokia. Atetik sartu eta lur urdineko futbol eta saskibaloi kantxa bat aurki ditzakegu. Baina lona batekin lur urdina estaltzen denean, izaera aldatzen zaio kiroldegiko pistari. Amurizaren liburua zentzu literalenean ulertuta, Hitzaren kirol nazionala praktikatzen da kiroldegi honetan; txapelketa formatuan oro har. Hala ere, jaialdiak ere egin izan dira, herriko bertso eskolak antolatutakoak adibidez (pasa den abenduan izan zen azkena, festetan egin ez zen saioaren ordainetan antolatutakoa), edo 2009ko Txapelketaren ondoren AEK-k antolatu zuen 8 finalisten saioa.
2009ko eta 2017ko Txapelketa Nagusietan, final laurdenetako saioak jokatu izan dira bertan, 1.000 entzule ingururen aurrean. 2009koan Ainhoa Agirreazaldegi, Ibon Ajuriagojeaskoa, Etxahun Lekue, Iñigo Mantzisidor Mantxi, Iñigo Olaetxea eta Xabier Sukia aritu ziren kantuan. 2017ko hartan, aldiz, Julio Soto, Oihana Iguaran, Oihana Bartra, Unai Agirre, Agin Laburu eta Iñaki Apalategi. Bi saioak izan ziren bere garaian garrantzitsuak, eta 2017koa bereziki maila altuko eta ale eder asko utzi zituen saioa izan zen.
2009ko egun hartako saioa gogoan, bakarkako lan bat dago hemen transkribatuta. “Diru asko eskaini dizute, baina ez zaude prest”. Horixe izan zen egun hartan Ainhoa Agirreazaldegiri jarri zioten gaia kartzelako lanerako, eta hiru aleok utzi zituen kiroldegi bete batentzat.
Diru mordoa jarri didate
begi aurrean aukeran
honek ipini dezake Ainhoa
hipotekaren irteeran.
Baina ezetza instinto handiz
kolpean irten zait hegan
ez segundo bat, ez segundo erdi
ez naute eduki teman
ezin dut izan beste norbaiten
haurra barruan, niregan
bederatzi hilabete eta
gero ezingo nuke eman
Nere bi lagun hurbildu dira
haurra izatea ametsa
konfiantza bazuten nigan ta
eskatu dute babesa
eta ez dakit negatiba hau
izango zuten sorpresa
ze bi mutilen aitatasuna
hain da gauza aldrebesa
beraiek oso zaila daukate
ez zen eurentzat erreza
badakit zenbat desio duten
ta zail egin zait ezetza
Diru gabe (e)re egin nahi nuke,
ez ahal duzue usteko?
baina zailegia da hau neretzat
ta ez zaudete zorteko
lesbianak ta gay-ak hor daude
sarri legean menpeko
ezkontza bat ta beste hainbat lege
haurtxo bat adoptatzeko
legeak aldatu daitezela
horixe dut eskatzeko
lagun bat behar ez izateko
eurak aita izateko.