Bernar Mandaluniz: "Gaur egun, beste dimentsio bat hartu du bertsolaritzak"

Bernar Mandaluniz –

Olatz Enzunza Mallonak BERRIA egunkarian.


 

Medikuntza eta bertsolaritza uztartu izan ditu Bernar Mandalunizek, erretiroa hartu duen arte. Nabarmendu du gai jartzaile izan deneko oso oroitzapen onak dituela, eta, 40 urtetik gorako ibilbidean, bertsolaritzaren bilakaeraren lekuko zuzena izan da. Aurrerantzean emakumezkoen presentzia handiagoa izango dela iruditzen zaio.

 

Arg: ARITZ LOIOLA / FOKU

 

Hiru urte dira Bernar Mandalunizek (Atxuri, Mungia, 1951) erretiroa hartu zuela. Ofizioz sendagilea da, eta urte luzez aritu izan da laneko medikuntzan. Hala ere, bertso saioetako gai jartzaile izateagatik egin da ezagun, batez ere. 1976an egin zuen debuta, Mungiako pilotalekuan, eta, ordutik, hainbat plaza zapaldutakoa da. 40 urtetik gorako ibilbidean, bertsolaritzaren bilakaera bertatik bertara ezagutzeko aukera izan du, eta nabarmendu du urteek aurrera egin ahala bertsolaritza «gero eta maila hobea» eskuratzen ari dela.

Baserriko bizimodua atzean utzi, eta Medikuntza ikasketak egitera joan zinen unibertsitatera. Nolatan Medikuntza?

Beste batzuei laguntzearren izan zen, gehienbat. Hasieran, buruko gaitzen inguruko kezka nuen, eta, hein handi batean, psikiatria ikastearren hasi nintzen medikuntza ikasketak egiten. Betidanik izan dut inguruko jendearenganako sentiberatasuna.

Nola gogoratzen duzu unibertsitate garaia?

Bilbon Medikuntza ikasketak egin genituen bigarren belaunaldia izan ginen. Parisko 1968ko maiatzeko ondorenak ziren, eta, frankismoari aurka egin nahian, manifestazio eta greba ugari antolatzen genituen. Halako batean, atxilotu ere egin gintuzten, eta Madrilera joan behar izan genuen epaiketara. Bi urtez egon ginen fakultatera sartu ezinik.

Gerora, non eman zenituen lehenengo pausoak mediku gisa?

Mungia inguruan aritu nintzen aurreneko urteetan: Gatikan, Laukizen… Eta, ondoren, Gernika aldera egin nuen jauzi. Herri txikietan egin nituen lehen urratsak mediku gisa, eta oso esperientzia politak, esker onekoak eta sentigarriak bizi izan nituen. Gainera, euskalduna izanik ni, jendeak esker onez hartzen ninduen, eta beren hizkuntza entzutearekin bakarrik neurri handi batean sendatu eta guzti egiten ziren [barreak]. Oso gustura aritu nintzen.

Handik, berriz, enpresa eta kooperatiba mundura egin zenuen jauzi.

Halaxe. Lanean nenbilela, diplomatura bat egiteko aukera eskaini zidaten Donostian, eta hala hasi nintzen enpresa munduan sartzen. Horrez gainera, Toulousen [Okzitania] kirol medikuntzako espezialitatea atera nuen bi urtean, eta Mungian kontsulta bat zabaldu nuen beste kide batzuekin elkarlanean. Duela hiru urte inguru hartu nuen erretiroa, baina, egia esan, pozik jarraituko nuke lanean. Langileen mugak eta arazoak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan nuen, eta harreman pertsonalizatua eskaintzen saiatu nintzen.

Bertsolaritza munduan ere urte asko egin dituzu gai jartzaile moduan. Nola hasi zinen mundu horretan?

Fakultatera joan ezinik egon ginen urte bietan, sekulako zurrunbilo soziala sortu zen inguruan. Nire kasuan, Mungiako beste herritar batzuekin batera, AEKren sorreran parte hartu nuen, eta, bertan, askotariko hitzaldiak antolatzen genituen. Besteak beste, Jon Lopategi etorri zen bertsolaritzaren inguruan hitz egitera. Horrez gainera, fakultatean ere bertsolaritzaren inguruko hitzaldiak antolatu genituen, eta horietako batean Abel Muniategik parte hartu zuen. Txundituta geratu nintzen haien azalpenekin, eta hala hasi nintzen mundu horretan sartzen.

Mungian bertan egin zenituen lehen aldiz gai jartzaile lanak, 1976an. Nolakoa izan zen aurreneko aldi hori?

Juan Ormaetxe Taket bertsolariaren omenaldia izan zen egun horretan Mungian, eta sekulako jaialdia antolatu genuen. Pentsa, hamabi bertsolari etorri ziren, eta Mungiako frontoia jendez lepo zegoen. Hasieran oso urduri nengoen, ez nuen gai jartzaile lana behar bezala menderatzen, baina Abel Muniategik gidatu ninduen, eta nahiko ondo atera zen.

Gaiak aukeratzerako orduan, nola moldatzen zinen?

Ibilian-ibilian ikasten zoazen kontua da gaiena. Behaketa da kontuan hartu beharreko lehenengo elementua, eta horren ondotik dator gaiaren formulazioa. Garrantzitsua da gaia iradokitzailea izatea, eta, aldi berean, mamia ere izan behar du. Saio bakoitzak bere tenpoa du, baina publiko motak, tokiak eta egoerak asko baldintzatzen du, eta horretara egokitu behar duzu.

Eta, zu, kasurako, nola edo non inspiratzen zinen?

Eguneroko joan-etorrian. Ingurukoekin dituzun elkarrizketek, harreman motek… eragina dute. Hala ere, irratia izan da niretzako biderik indartsuena, gai asko jorratzen direlako bertan. Gainera, gaueko lo orduek ere garrantzia dute: egun osoan bizitako guztia batzen da gauean, eta hala ateratzen dira gairik sakonenak.

Zer behar du gai batek publikoa harrapatzeko?

Ariketen eta saioen araberakoa izaten da, baina gaurkotasuneko, aktualitateko gaiak izatea ezinbestekoa da. Horrez gainera, interesa ere izan behar du, eta handik edo hemendik publikoa harrapatu behar du. Gizarteko arazoek eta kezkek ere erakartzen dute publikoaren arreta.

40 urtetik gora egin dituzu gai jartzaile moduan. Oraindik ere lortzen dute bertsoek zu txunditzea?

Zalantzarik gabe. Bertsolariak nola izan daitezke gai segundo gutxitan ideiak ordenatzeko, egituratzeko eta azkenengo puntuan guztiaren sintesia egiteko? Oraindik ere zur eta lur geratzen naiz. Segundo gutxitan hunkitu egiten gaituzte, eta hori da gehien baloratzen dudana.

Nolako bilakaera izan du bertsolaritzak urte horietan guztietan?

Zorionez, gero eta bilakaera hobea du bertsolaritzak. Hasierako urteekin alderatuta, bertsolariak lan handia egiten du, eta horietako askok maila literarioraino garamatzate batzuetan. Xabier Amuriza izan zen iraultza hori ekarri zuen aurrenekoa, eta ondorengoek haren eredua jarraitu dute. Egun, dena arinago egiten da, bertsolariak ere polifazetikoak dira, eta, horren ondorioz, beste dimentsio bat hartu du bertsolaritzak: erreferente bilakatu dira kulturalki, sozialki…

Bertsolariak aldatuz joan diren moduan, publikoak ere bilakaera bat izan du, ezta?

Zalantzarik gabe. Zorionez, gauzak aldatuz doaz, eta emakumeen helduera izugarria izan da. Gu hasi ginenean gizonezkoen mundua zen bertsolaritzarena, baina emakumeen ekarpena ikaragarria eta ezinbestekoa izan da. Emakumeek lan handia egin dute horretan, gai jartzaile zein bertsolari izan. Hemendik aurrera ere, ziur nago emakumeena izango dela protagonismoa, eta publikoaren artean ere nabaria da hori.

Eta, gaiei dagokionez, nola eragin du bilakaera horrek?

Gizartea eraldatzen joan den modu berean, gaiak ere aldatuz joan dira. Gaur egun, kezkatzen gaituzten gaien inguruan aritzen dira bertsolariak: migrazioa, langabezia, etorkizun iluna, feminismoa… Hau da, egunerokotasunarekin bat datozen kontuak dira nagusi. Baina, gaia edozein dela ere, bertsolariak badaki nondik jo. Gainera, hizkuntzarekin jolasteko duten gaitasuna ere ezin da zalantzan jarri.

Abenduan izango da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala. Kasu egiten ari zara aurtengo txapelketari?

Oraingoz ez, baina badut finalera joateko asmoa. Saioak begiratzen ibili naiz, eta asko poztu naiz bertsolari horietako asko ez ditudalako ezagutzen: berriak dira, gazteak dira, eta badabil jende berria sartzen. Pandemiaren ondorioz, eten handi bat eman da kulturaren esparru osoan, baina oso pozgarria da ikustea txapelketa berriro indartuta itzuli dela.

Bizkaiko 2012ko finalean gai jartzaile lanetan ibili zinen. Nola gogoratzen duzu egun hori?

Oso oroitzapen onak ditut. Gehien gozatu nuen saioetariko bat izan zen, bertsolariek emandako kalitate mailagatik. Gainera, aurreneko final parekidea izan zen, lau gizon eta lau emakume aritu ziren oholtza gainean, eta oso hunkigarria izan zen. Orain ere errepikatuko nuke bizitako esperientzia hori.

Bertsolari Txapelketa Nagusian ere ibili izan zara gai jartzaile lanetan.

Bertsolari Txapelketa Nagusietan bizi izan ditudan emozioak sekulakoak izan dira. Uste dut ez dudala inoiz ahaztuko egun horietan bizitakoa. BECera joan ginen lehenengo aldian, esate baterako, publiko artetik irten ginen, eta, ni neu protagonista ez banintzen ere, 15.000 pertsona txaloka eta oihuka ikustea izugarria izan zen. Sekulako berotasuna jaso genuen publikoaren aldetik. Jendea gainera zetorrela zirudien.

Datorren urtean Txapelketa Nagusiko finala Iruñean izango dela aurreratu dute antolatzaileek. Zer iruditu zaizu finala lekualdatu izana?

Sekulako sorpresa izan da, eta, egia esan, oso pozgarria da. Bertsozale Elkartea zazpi lurraldeetan presente dagoen erakunde bakarrenetakoa da, eta final nagusia Nafarroan jokatzea oso erabaki ona dela iruditzen zait. Izan ere, aspaldi, Nafarroako erresuma Euskal Herriko egitura politiko independentea zen. Beraz, aitorpen bat bezalakoa izango da.

2005etik Bertsolari Txapelketa Nagusiak BEC-en egin izanak nola eragin dio Bizkaiko bertsozaletasunari?

Nire ustez, indar handia eman dio Bizkaiko bertsozaletasunari. Txapelketak beti dira bertsolaritza hauspotzeko bide bat, eta urte osoan egindako lanaren emaitza izaten dira. Izugarria da oraindik ere bertsolaritzak euskaldunen artean zaletasun bat izaten jarraitzea. Euskal Herriko zati txiki bat biltzen da bertan, baina askotariko aldarrikapenak egiteko erakusleihoa dira.

Gustatuko litzaizuke berriz ere final bateko esperientzia bizitzea, ala nahiago duzu herriko plazetako giroa?

Guztiz egoera desberdinak dira. Herriko plazan lagun artean zaude, zure saltsan. Baina final batean gai guztiak ondo zehaztuta daude, eta ez dago inprobisaziorako tarterik, profesionaltasuna beharrezkoa da. Bietan gozatu izan dut, eta bietan egon izan naiz gustura.

Bernar Mandaluniz Bernar Mandaluniz Bernar Mandaluniz Bernar Mandaluniz Bernar Mandaluniz Bernar Mandaluniz Bernar Mandaluniz Bernar Mandaluniz Bernar Mandaluniz Bernar Mandaluniz Bernar Mandaluniz Bernar Mandaluniz