[PERLAK] Lehen elkarrizketak

Lehen elkarrizketak –

Esan bezala 1823an argitaratu zen prentsan bertsolaritzari erreferentzia egiten zion lehen testua. Geroztik, mende luze batean zehar, dozenaka aditu eta sasi-adituri emango zaio bertsolaritzaz aritzeko hitza bertsolari bati galdetu baino lehen.

Euzko Pizkundeko txapelketetan topatuko dira bertsolariei eginiko lehen elkarrizketak, 1935eko txapeldunari, Basarriri, eta 1936ko txapeldunari, Txirritari, egindako elkarrizketa bana hain justu, txapelketa horiekin bertsolariaren prestigioak koska bat igo zuenaren seinale.

36ko gerra tarteko, beste hogei urte pasatu arte ez da gisako elkarrizketa gehiago topatu ahalko, eta bakantasun honek harribitxi bihurtzen ditu bi testuok[1].

 

VI.I. BASARRIRI (1935)

Aipatu den gisan euskara frantsesa edo gaztelera baino dezente geroago agertu izan da bertsolaritzari buruz prentsan argitaratutako testuetan, baina, kronikarekin bezala, aurrea hartuko du euskarak, elkarrizketa gisa hasi eta buka taxututako lehen testuan. Bertsolari emakume baten lehen elkarrizketatzailea emakumezkoa izatea kasualitatea ez den bezala, bertsolari bati egiten zaion lehen elkarrizketa osoa euskaraz izatea ere ez da kasualitatea: euskararen komunitatean bertsolariari erderarenek baino errazago aitortu ahal zitzaion horretarako behar zen estatusa.

Elkarrizketa luzea da, izenburutzat Basarri daraman hau, euskara hutsez ibilbide garrantzitsu bat egin zuen lehen aldizkariaren, Argiaren, bigarren orrialdearen bost zutabeetatik bi betetzen dituena. Ez dakar argazkirik. Egilearen Atarka izenordearen atzean nor dagoen ezin izan da argitu. Basarrik elkarrizketaren une batean ‘Kepa’ deitzen dio, ikusten da elkarren ezagunak direla, eta gertu samarrekoak behar dute gainera, Atarkak hitanoa baitarabil hainbat galderatan, baina ezin izan da izena osatu.

 

Lehen elkarrizketak
Uztapide eta Basarri

 

Basarri, Atarka. Argia, 1935eko otsailaren 3an.

 

Donosti’ko Eusko Gaztedia’ren aretoa. Bertsolarien sari banaketa. Inguru errietako eusko semeak bertan dira. Zalantza aundia. Nor izango ote da txapeldun? Zein aterako ote da Euzkadi’ko bertsolarien buru?

Oturuntza amaitu da eta ‘Aitzol’ek du itza. Lehenago bañan ere dardar aundiagoak nabaritzen dira entzuleetan.

Jaunak: epai-maiak erabaki du lendabiziko saria Zarauz’ko ‘Basarri’rentzat dala.

Beriala ango txalo eta diadarrak. ¡Gora “Basarri”! ¡Gora Iñaki! ¡Gora Zarautz!

Orain dek neria nion nere buruari. Gure txapeldun onekin berriketatxo bat egin bear diat.

Bañan, jaunak, nola utzi bioi bakarrik? ¡Ango zorionak! ¡Ango basarkadak! Alako batean ere, orratiok, asi gera.

Esan dezagun lendabizi: “Basarri” ori da, Eizmendi’tar Iñaki, Errezil’en jaioa da 1914’gn. urteko Azaroa’ren 27’an; 21 urte ditu beraz. Orain Zarautz’en bizi da bere gurasoekin.

– Zer iruditu zaik Iñaki, gaurko jaialdia?

– Egia esan, ez det orrelakorik ezagutu. Bertsolari jai ikuskarria. Aurrera jarraitu bañon lehenago esker sutsuenak eman zaizkiozu ARGIA’ren bidez Euskaltzaleak eta Eusko Gaztedia’ri. Ez da iñorren errua Kepa, bañan tamala da euzko edesti mamitsu gayetan ez geyago sartzia. Egia da, oraindaño ez da benetako asmorik artu, bañan urtero jarraitzen badute orrelako jai aldiak antolatzen, etorri bear dute bersolariengandik egun zoriontsuak Euzkadi’rentzat. Ikusiko dezu datorren urterako jendea nola saiatuko dan eta zer gogor etorriko diran (…)

– (…) ¿Zer lan iruitu zaik gaur zallena?

– Irugarrena, ori da, doñuba eta oña epai-maiak astia. Zalla, nai bada, orren zalla ez da. Orain gertatzen zaiguna, gaztiak gera, esatekoan berriak, eta orrenbeste jende aurrian ikusi, mai aundi batian 8 edo 10 epaikari eta antzokian, badakizu, beti alako zerbait. Gai oyek berak beste leku batian…

– ¿Lasaiago Iñaki?

– Bai lagun ez dudikan ere.

– ¿Gutxi-gora-bera Iñaki zenbat jai aldietan izandu aiz?

– Askotan Kepa, askotan; ezin zenbatu nezazke. Gipuzkoa’n egin diran eusko jai geyenetan izandu naiz eta bai Bizkaya’ko uri askotan ere. Bizkaitarrakin inbili nintzan lau egunean, Gipuzkoa’n izenean, Euzkadi osoan bira eman ziotenean, ayek egunak eta ura anaitasuna: bañan geyena nire biotza poztu zuan lekua Kanbo deritzaion erri polit artan izan zan. Bersotan jarraitu bear nubela eta erriko enparantza zabala jendeaz josia zegoen. Asi eta beriala bazirudin ango anayei abertzale gayetan biotza ikutu niotela, bada an egin zizkidaten txaloak ez dira aztutzeko alakoak. Arrenbeste nai alkartuta eta asmo berarekin! Ura edertasuna; antzegon eusko sendia (…)

– Lenagoko bersolarietan ire ustez zein izandu dek onena?

– Nere ustez eta juaten bagera abertzale gayak ibiltzen zituzten bersolarietara, ez da Enbeita’tar Kepa bezelakorik. ¡Enbeita aundia da! Beste gayetan ezagutu deanik onena Gaztelu’tar Bautista.

– ¿Eta gaur Poxpolin Antzokian izandu dianetan?

– Ezin nezake iñor berexi; danak dira bersolari onak. Orain bai, oyetatik badago jarraitzen badu orain arte bezela, etorkizun aundikoa izango dana eta ori nire adizkide on “Zepai” da.

– Lehenago edo orain egiten dituk bertso ederraguak?

– Garai batian ere bertso ederrak egiten zituzten, bañan uste det gaur orratiok obegoak azaltzen dirala.

– ¿Eta ori zergatik dala derizkiok?

– Euskera garbian askok itz egiten dutelako, geyago irakurri eta gañera urteak igaro ala ekintza (practica) geyago izaten dalako.

– Gure aldunak ere eskertuak zeuztek irekin Iñaki, ez da ala?

– Bai eta Zarautz’en gertatua esango dizut; gure aldunak etortzekuak ziran eta neri bertso batzuek botatzeko agindu ziaten ongi etorria egiñaz. ‘Alcibar’ eri ere iritxi zitzaion bere txanda eta bertso auxe bota nion:

Aizazu ‘Alcibar’ esango dizut/ zerori aurrez aurre/ Madrid aldera juandakoan / etzaitez egon bildurrez/ eta latetxe zabal aretan/ esan esazau mesedez/ guri ez digula ajolik/ Goikoetxea o Gil Robles/ aitor bezate “estatutorik”/ emango duten edo ez.

Bota banuan, bota nuan: ango diadarrak. Beriala etortzen zait “Alcibar” jauna eta aldian bere bizkar gañian ibilli nindun.

-¿Bersoetan aritzera nunbaitera juan eta zerbait gertatu alzaik?

– Bai eta Donosti’ko Kursaal Antzokian (…) SanTo Tomas egun batez Zarautz’ko Naste Borraste ekarri zuten antzeztutzera eta jakiña ayekin batian ni ere bai, tartian tartian bertso batzuek botatzeko asmuan.

Sartu gera antzokian eta ederki, bañan orra nun jai aldia asteko garayan bururatu zitzaidan antzeztokitik (escenario)’tik begiratzea zer nolako jendea zegoen; ¡ango sonbraillu, mantilla eta jende aundiki eta dotoreak! (…) Emezortzi urte nituben orduban eta Antzoki batean arrenbeste jenden aurrean eta abertzaleak ez ote ziran eta nik esaten nuana ulertuko ez ote zuen kezkarekin, bildurra jabetu zan nere korputzaz. ¡Ura ikara! ¿Zer egin bear ote det nik emen? ¡Jauna lagundu nazazu!

Asi da jai aldia. Lendabizi ezpata-dantzariak ziran. Kortina altxa eta azaldu ziranean gure eusko ikurriñarekin, berebiziko txalo eta gorak izandu ziran.

¡Gaizkatu nauk!; emen danak abertzaleak dituk; danak euskotarrak (…) Bota det bat eta ango ixtilluba eta ango txaloak. Bata bestian ondoren zortzi abestu arte ez ziraten utzi eta lehenago nire barruban zegoen bildurra poz eta atsegin biurtu zan. Beriala an nituben jende aundi guztiak besarkatzen eta zorionak ematen (…)

Galdera oyek egiten ordu bete igaro degu. ¡Iñaki, ator onera, dio batek! ¡Iñaki, urrutizkiñera!¡Iñaki, argazkiak ateratzea! ¡Iñaki, olako aldunek juateko! Eta alde batera eta bestera or dabilkite gure mul gazte jator au.

– Utzi zaiotek orain bai eta bukatu zagun Iñaki, bestela ez ditek lagako bizkar guztia purrukatu arte. Bota zaidak bertso bat ARGIA’ko irakurleentzat.

Olerkitxo bat moldatutzeko/ ez daukat jaunak ezinik /euskeran alde jokatutzeko/ nago ziñ on/ bat egiñik/ ARGIA onen irakurleok/ Egon zaitezke jakiñik/ ez asterikan utzi iñola/ irakurri gabetanik/ Astekari onek Europa zear/ ez dauka ba berdiñik.

Lagunak lepotik artu eta badaramakite. Guazemak Zarautz’a, oraintxe diagu bultzia eta. Erritarrak zai zeudek geltokian. Mutilla bereganatu dute eta badijoa etxe aldera aitzeneko agurra bertsoetan eginda. Berriro txaloak, basarkadak eta zorionak.

Guri, egiya esan, naikoa kosta zaigu Iñaki’ri galdera oyen erantzuna ateratzen. “Ez det nik ezer egin nire izena horrela izparringian ateratzeko”, zion. “Nik egin detena edozeñek egiten du”. Apaltasun aundiko gazte zintzoa, diot nik, eta orregatik gaur emen lantxo ontan azaltzen ditut gauz asko neronek dakizkidalako. Bai-baitakit Iñakik barkatuko dirala.

Orrelako mutil gazte zintzo, jakintsu eta abertzale jator dan Eizmendi’tar Iñaki’k guztia merezi du.

Ardutegi eta jate-etxea dauka Zarautz¡en eta bertan naiz eta lan asko izan, ez du beñere asterik igarotzen izparringiako euskeraz idaztez. Orrelakko euskotar jatorrai lagundu egin bear diogu. ¿Nola? Zarautz’a juaten geranean bere etxera juanaz. Euskotarren dirua gelditu dedilla euskotarren artian. Anai artean maitetasuna horrela erakutsi bear degu ¿Ez zera aztuko irakurle?

¡Zorionak Iñaki! ¡Gora “Basarri”! ¡Gora Gipuzkoa’ko urretxindorra!

 


 

[1] Are bitxiagoa da aurrekari gisa har daitekeen beste testu bat, 1896an Marie Abbadiek testu luzego batean txertaturiko elkarrizketa laburra, Aña Etxegarairi eginikoa. Ik. AGIRRE, A. (2019): Orrialde horituetan. Bertsolari, 114. Zk., 94-133 or

Lehen elkarrizketak Lehen elkarrizketak Lehen elkarrizketak Lehen elkarrizketak Lehen elkarrizketak Lehen elkarrizketak Lehen elkarrizketak Lehen elkarrizketak Lehen elkarrizketak Lehen elkarrizketak Lehen elkarrizketak Lehen elkarrizketak Lehen elkarrizketak Lehen elkarrizketak Lehen elkarrizketak