[PERLAK] Fikzioa
Fikzioa –
Chaoren Aitor-Legende Cantabre (1845, Ariel), Becerro de Bengoaren Señor amo imprentualista del Solfa(1875, El Solfeo), Mogelen Peru Abarka’ (1880, Beti-bat), Ortiz y San Pelayoren Episodio de un Bascongado(1884, Euskal-Erria), Zabalaren Gabon gau bat Euskal-Erriko baserri batean (1889, Euskal-Erria), Vicente Aranaren El Bardo de Uribe (1892, El Aralar), Txomin Agirreren Iru Erezi (1898, Euskalzale) eta Garoa(1907, RIEV), Laffitteren El versolari de Aloñaga, leyenda bascongada (1899, Euskal-Erria), Otañoren Auntza Larrera (1903, La Baskonia), Truebaren El bardo euskaro (1903, La Baskonia), Lopez de Saáren El Versolari (1903, Blanco y Negro), Loyarteren El Bersolari (1904, Euskal-Erria)… bertsolariren bat tartean baduten prentsan argitaratutako fikzioen zerrenda polita osa daiteke, bertsolaritzaren historia sozialaren baitan Lore Jokoen zikloa dei genezakeenaren baitan (1845-1917)
XIX. mendean egun baino dezente ohikoagoa zen fikzioa prentsan. Folletoiak zeritzenak, atalka hainbat egunetan zehar argitaratzen ziren istorioak, arrakasta handikoak eta ohikoak ziren, eta kazetari bezala ezagun egindako sinadura asko animatzen zen gisako testuak lantzera. Ez luke inor harritu behar, bada, bertsolaritzaren inguruko fikzioren bat topatu izanak. Topatutako kopurua, ordea, 72 testu guztira, bada harrigarri samarra. Kopuruak, nolabait, bertsolaritzak euskal iruditerian hartu zuen pisua erakusten duela esan daiteke.
V.I. Bertsolaritza lehen euskal eleberrian (1880)
Mogelen Peru Abarka euskarazko lehen eleberritzat hartzen du hainbatek (beste hainbatek trama nahikorik ez duela-eta Txomin Agirreren lanetan jartzen du mugarri hori), maila literario bikaina duela esan ohi da, bizkaiera literarioaren erabileran aitzindaritza aitortzen zaio, gerora hainbesteko indarra hartuko zuen euskal kostunbrismoaren lehen aletzat ere hartzen da, eta funtsezkotzat jotzen da euskal nortasun politiko modernoaren oinarrizko iruditeriaren sorkuntza prozesuan.
Juan Antonio Mogelek (1745-1804) aita, Maisu Juan bezala, medikua zuen, eta hura bezala, ilustratua, Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteko kidea. Bera ere Adiskideen Elkarteko kidea, Filosofia eta Teologia ikasita, apaiztu egin zen 1770ean, eta Markinako erretore izan zen 1788tik heriotzara arte. Garaiko apaiz apologisten korronteko kidea izan zen, euskararen inguruko lan bat argitaratu zuen, baita euskarazko katekesi bat ere, eta harreman estua izan zuen Humboldtekin, bera izan zelarik Leloren kantuaren berri eman ziona. Galdua den euskal kantutegi baten egiletza ere aitortzen dio zenbaitek.
Frantziako Iraultzatik ihes egindako elizgizonak etxean hartutakoa zen, eta modernitateak zekarren zentralismoak eragindako foruen aurkako lehen erasoak ere ezagutu zituen; hori zen Peru Abarkaren idazketaren testuingurua. Horrela, modernitatearen aurka mundu zaharrean gotortu beharra azpimarratu nahi izan zuen idazle eibartarrak, eta baserria, euskara nahiz fedea seinalatu zituen mundu horren oinarri gisa, baita aurremodernitateko formula ekonomikoak eta euskal kultura popularra ere.
Bere heriotzean, Peru Abarkaren eskuizkribua Zarauzko Frantziskotarren esku utzi zuenean, hainbat kopia hasi ziren zabaltzen, argitaratzeko hainbat saiakera egin zirelarik. Testua 80 urte geroago argitaratu zenean (lehen aldiz Bilboko Beti-Bat aldizkari karlistan folletoi gisa), beste oihartzun bat hartu zuten bere izenak eta lanak, agortzear zen foralismoak nahiz sortze bidean zen abertzaletasunak bere egin baitzuten bertan jasotzen zen ideologia guztia.
Rusticus abnormis sapiens, crassaque Minerba (‘Baserritarra jakintsu bikaina eta Minerba jakintsua tentel hutsa’. Horazioren aipua darabil Mogelek hitzaurrean, eta horixe da lan osoaren planteamendua ere. Peru Abarka baserritarraren jakinduria naturalak mila buelta ematen ei dizkio Maisu Juan medikuaren jakinduria ikasiari. Eta tartean, hainbat orrialde hartuz, bertsolaritza, herriaren xehearen kulturaren aberastasunaren eta berezko bizkortasunaren adierazgarri: lana osatzen duten sei elkarrizketetatik hirutan agertzen da.
Lehenengoan, Peru Abarkak eta Maisu Juanek tabernan nola elkar ezagutzen duten azaltzen digun elkarrizketan, goiko solairuan kantuan ari den agure mozkor bati entzuten dizkioten bertsoek hartzen dute orrialdeen herena.
Maisu Juan, medikua, kaletar ikasiaren paradigma, txunditurik dauka bertsolariaren etorriak. Liluratik haserrerik sutuenera pasatzen da, ordea, pixkanaka: bertsoek diotena da agureak parranda batean erorikoa izan eta medikuarengana eraman zutela, Maisu Juan deitzen ziotela mediku hari, eta borrerotik gehiago zuela sendagiletik baino. Ez dio graziarik egiten honi, baina bertsolariaren etorriaren aurrean honen etorria aitortuz bukatuko du. Lehen elkarrizketa honetan, bada, gerora hainbeste joko emango duen parrandazalearen irudiarekin lotzen da bertsolaria.
Hirugarren elkarrizketan azaltzen da berriro bertsoa eszenan. Peruren baserrira bisitan joana da Maisu Juan eta haren seme Txominek hiriko eta baserriko saguen ipuina, abade batek irakatsia, bertsotan eskaintzen dio. Berriro ere baserrikoaren gorazarrea eta berriro ere zur eta lur kaletar eskolatua. Elkarrizketaren erdia hartzen du pasarteak.
Azkenik, bosgarren elkarrizketan, Peruren alabak dira lihoa lantzen ari diren bitartean Maisu Juani bertso sorta eskaintzen diotenak, eta bertsoaren lilurak elkarrizketa herena hartuko du.
El Doctor Peru Abarca catedrático de la lengua vascongada en la universidad de Basarte ó diálogos entre un rústico solitario bascongado y un barbero callejero llamado Maisu Juan, Juan Antonio Mogel, Beti-bat, 1880ko ekainaren 15ean hasita.
“MAISU JUAN: (…) Zer daantzut?… Kanteetan… Gagozan isillik zer dinuan… Peru, artu dozu goguan koplatxuba? (…)
PERU: Ona. Aita semiak edanda dagoz/ama alabak jokuan;/ostera bere egongo dira/soñoko zaarrak kakuan.
MAISU JUAN: Nor ete da kantoria?
PERU: Nik ezdakit, itanduko deutsagu neskatilliari, eta esango deusku.
MAISU JUAN: Praiska, nor da alango kantore ederra?
PRAISKA: Aita seme batzuk juan dira sabaira, aita katu andijaz ta semia bere bai zerbaitakuan. Lo egiteko asmoz igon dabee, baña emon deutsa aguriak kantiari. Soñulari eder bat dozu ardaoz basa basa eginda bere.
MAISU JUAN: Peru, esaidazu arren ostera bersua, ta aterako ditut papera ta tinteruba beti aldian darabildazan legez, eskribiduko dot aztu eztekidan (…)
Berso asko irakurri ditut neure aldijan erdaldunen liburubetan; baña ez berba gitxitan gauza geijago esan gura dabenik. Ai ostera kantauko baleu! Ai! Asi da… Gagozan issillik. Peru, artu goguan… Kantau ditu berso bi: zer dino?
PERU. Ona zer dinuan.
Egun baten gaba eginda /ninoian neure etxera /larrapastadatzar bat eginda /jo neban beeko bidera. /Jaso nenduben danau mankauta /bizkar azurra ausirik, /miñaren miñaz katu guztia /beinguan niri igarorik”.
MAISU JUAN: Zetan parau ete zan Piestia? Nok osatu eban? Berso oneek gejaguen eske dagoz (…) Zer esan dau?
PERU: Ona zer dinuan.
Ekarri eusten egun-sentijan /Maisu Juan Barberuba, /gurago neban neure albuan /euki Gaiskin Diabruba.
MAISU JUAN: Ze diabru? Nungua da agure ordi kantore au? (…)
PERU: Nik eztakit baña bai zeu aitatuten zaitubana, ta Diabruba baño gaisto gogorragotzat zauzkazana (…) Ara… badarraijo. Dino bada.
Borreru arek birau nenduban /albo bateti bestera, /egon biar dau onek, zinuan, /begira gaur bazterrera. /Asi zan gero erremientak/bere ziskuti ateraten, /otso bijotzaz barre eginda /an egozanai esaten. /Kangrenatzar bat jajoko jako /ondo ezpadogu sajeetan; /ezdira ez onlango heridak /bedartxubakaz osetan./Jaurtigi neutsan ostikadiaz /ezarri neban lurrera /sartu eztedin Maisu Juane /nire etxian ostera.
MAISU JUAN: Badakit orain nor dan agure kantore au. Da ordi pusga etxe guztija ondatu dabena; zorrez beterik dago: tabernarik taberna dabill. Nosian bein darue banatuta, katubagaz duala, golpiak artuta (…)
(…) nago ikaratuta, zelan gizon ordi batek atera leikezan alango bersuak, ta kantau ain klaru. Nik uste neban, eztarri gustia euki bihar ebala katigatuta, ta berso gauzarik ezin gomutatu litxakiola.
[Hirugarren elkarrizketa]
(…) MAISU JUAN: Agindu egijozu arren, esan daigula apaldu baño lehenago.
PERU: Txomintxu, esaizu lengo eguneko ipuin abadiak atera, ta irakatsi eutsuna. Ez bildurtu; etxekotzat euki egizu emen dakutsun gizon au.
TXOMIN: Aita, asko da zuk agindutia ta ona bera.
Sagu bi zelai baten/ Egozan gauzak esaten,/ Bata zan basokua,/ Bestia etxekua./ Dirautsa ak oni; Gurozu neugaz etorri?/ Bai ordu onian/ Adiskide usainian./ Baña emen kanpuetan/ Zelai basuetan/ Zer dogu guk janto?/ Ezdeustazu emongo (…)
MAISU JUAN: Txomintxu, ez juat inos enzun ipuin ain ederrik. Zelan baña imini dabee berso ain luzian? Ze plagak irakasten deutsee euskeraz koplaak egiten? Asto bat naz ni. Ordi sats egiñak bere ateraten jitubek bersuak, eta ezin najaik bat bizitziaren beian.
Eta, zer esan eban abadiak kanta ori irakatsita.
TXOMIN: Ez inos aztuteko. Goguan banerabillen, biziko nintzala ondo; bada bizitza onak ekarrela bijotzeko bakia, ta dongiak, atsekabia ta ikaria (…)
[Bosgarren elkarrizketa]
PERU: Eldu gara etxera, ta neure ustian izan dozu gois eder ta atsegintsu bat olaan ikusi dituzun gauzaakaz. Jan daigun gogoz, ta eguberdi ostian lo apur bat eginda (…) Emen da arratsaldian lino ezpateitia, ta ikusiko dituzu ez dakizuzan gauza asko biargintza gogaitkarri onen gañian (…)
MAISU JUAN: (…) Agur neskatillak; arratsalde ona euki daizubela. Jainkuak bedeinka zuben biar egiteko gogua, ta besuetako sendotasuna.
LAS ESP.: Ez da guretzat biargintza atsegingarrijagorik: alkarren leijan, miña berba egiteko askatuta daukagula, olgantzaan egotia, neke gogorra ez da: gogorraguetara eginda gagoz, bakarrago ta gitxiago jan da. Gura dogunian kanteetan dogu geure soñuban. Batek ekiten deutsa zorzikuari, ta gero bestiak eranzutiari. Gura dozu enzun? Ona bada (…)
Kantadu dagiguzan/ Linuaren penak /Ezpata oneen otsian/ Izanik latzenak;/ Alkar ondo artuta,/ Soñuba neurturik,/ Gorputzeko nekia/ Isteko arindurik (…)
MAIDU JUAN: Eztakit topatuko dan inun andrakume euskaldunak baño senduagorik.
PERU: Nik bere ezdakit, Maisu Juan. Dira sona, dulabre ta askotakuak. Nork sinistu lei, gizonen premiña baga artu daikeezala linunak dakazan ta enzun dituzun arazo ta lor guztijak? (…)”.