Ttakun-Herren: Eragiten

Ane Zuazubiskar eta Haritz Mujika-(r)en argazkia Ane Zuazubiskar eta Haritz Mujika 2021-10-28

Eragiten –

 

ERAGITEN

 

 

Doinua: Ari naizela, ari naizela

 

Irudikatu larrua jotzen

norbere aita ta ama

edo amonaren hortz postizoen

basotik ura edana.

Hotel batean, aran hezur bat

zabaltzean sofa cama.

Nork nahi du ahoa zaintzen ez dutenen

ortodontistaren lana?

 

Doinua: Abokatuak deitu berri dit.

 

Gaur hiru urte betetzear da

Moha, gelako haur beltxa.

Ikaskideei bart egin zien

bizkotxo baten promesa.

Baina etxean, gosea dute

handik kanpora, jan eza…

Hogei haurrentzat ekarri ditu

zazpi mandarina pieza.

Baina gaitzerdi, haurra haurra den,

−inozentzia enpresa.

Kandelen sua itzaltze hutsaz

bete du bere ametsa. (Bis)

 

Doinua: Zuk hil zenuen artzaia

 

 

Azoka egunez arkume saltzen

senarrak dira aditu,

nahiz haz daitezen edanarazten

beti emaztea aritu.

Sekula ez du eskerrik jaso

ez txanpon hotsik aditu…

eta iritzia emandakoan

“Zure lekuan kabitu”…

Minaren minez gaur jaio diren

bostak hiltzen utzi ditu.

 

Doinua: Haizea dator iparraldetik

 

Arrainontziak deia egin du

itsas barrutik portura:

ekaitza sartu ta itsasontziko

motor gelan dago ura,

ontzia dabil dinbi-danbaka,

urak eten du aingura…

Ta bat-batean oihu bat entzun

ta seinalea moztu da.

 

Doinua: alegeraz kantatzen

 

Jon etxean bizi zen

angustiak itoz

ez eredu, ez mimo

eta ez bizi poz.

Gurasoek tratatzen

zutena ostikoz

harrera familia

batean bi tipoz

goxo hartua izan da,

jarrera etikoz.

Gaur “aita” deitu die

lehendabizikoz.

 

Doinua: Munduko ilunabarra

 

Portzelanazko panpina,

neska alai bezain fina…

Nerabetan erregina,

zahartzera erre mina.

Senargai on bat hartu zenuen

ta hark zurekin atsegina

baina denborak ta harremanak

kendu dizu bizi grina.

Portzelana haurrek birrindu dute

bihurtu arte buztina,

eltzekoaren usain sarkorra

da orain zure lurrina.

Ez zinatekeen hona helduko

lehengo hura bazina.

 

 


 

Doinua: Alduderi begira

 

Eragiten

 

Ezkerreko bertsoek

sortzen dute zerbait,

baina nik zuzen jardun

beharrez, nolabait,

ahalegina eskatu

arren hamaika gaik,

emozioei heltzen

kosta egiten zait.

 

Oholtzan zorrotz, zuzen,

lasai egotean,

gaia eztarriratzen

bazait hitz soltean,

eduki nahi izaten

dut lehen kolpean,

neurtzea ezinezko

dena kontrolpean.

 

Dardarka jartzen bainau

zenbait erabakik,

sarri performatzen dut,

sarri gaiagatik.

Emozioz zail bada

“zer” edo “zergatik”

kantatuak sentitzen

ere maiz ez dakit.

 

Pertsonak pertsonaia

badu kantatzeko,

non kokatzen ote naiz,

non ez kokatzeko?

Atzekoak aurrera,

aurreak atzeko.

Zer erakusten dugu

zer ezkutatzeko?

 

 

Gai batek bihotz-mintza

badit erdibitu,

baldin doinuan ezin

bazait deus kabitu,

gaia kolpean bada

nigan haragitu…

Gorputzak diost “ea

ez den nabaritu”.

 

Kantuz berdin al dira

Sara zein Bezaima?

Lesakan zein Gorlizen

bera al da zama?

Berdin al da Bergara,

Baigorri, Lezama?

Berdin entzuten al da

igualtsu esana?

 

Arrotz Bilbon; etxeko

guztiz Arrasaten…

Luze-laburrak mihia

baitit erasaten,

ez al nabilen ea,

azaldu nezakeen,
hanka ez sartzearren

ezer ez esaten.

Eragiten