Ekaitz Goikoetxearen sorta irabazlea Lazkao Txiki bertsopaper lehiaketan: Jokoa ez da errenta

Jokoa ez da errenta –

Dagoeneko 30. edizio bete du Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketak. Helduen kategorian Ekaitz Goikoetxea beasaindarra saritu dute “Jokoa ez da errenta” lanagatik. Eskerrak eman nahi dizkiogu Ekaitzi bere bertso sorta bidali eta hemen zabaltzeko aukera emateagatik… zabaltzeko modukoak dira eta!

 

 

Jokoa ez da errenta
Arg: A.Garmendia, Goierriko Hitza

 

Doinua: Martxa baten azken notak

 

Zoriona ta ongizatea

eskura izan genitzan,

hamaika urtez hamaika ordu

sartua naiz etxegintzan,

baina zoruak zerua amets

ta asko aski ez izan,

ta loteria hogei euroko

paper muttur bat bailitzan,

babestu nintzen sorgindutako

ke hari baten gerizan;

hainbat nerabe eta gaztetxo,

hain gazte_ez garenon gisan,

sasi gabeko bidezidorrik

ez dagoela bizitzan,

ikusi nahi ez genuelako

ikusi nola gabiltzan.

 

 

Zilarrondorik ez daukagunoi

pizgarri zaigu txin-txina,

“balitz”, “bagenu”, “bagenizkio”,

“balitzaigu” ta “bagina”,

sosak ez ezik, aditzak ere

joka litezke, jakina,

baina balizko errotetatik

halamoduzko irina…

Maite nautenen begietara

lerratzen den zipriztina,

mingainari koxk egin beharra,

barruak hustu ezina,

ez da oiloen axeri-dantza,

ez usoaren zirina,

makina batek makina bati

eragiten digun mina.

 

 

Esku batean zigarreta bat,

bestean kafe kikara,

atzamarretan egunik egun

gorpuztu zaidan ikara;

itzal errari baten antzera

daramat azken bolada,

“ludopatia” ahoskatzea

niretzat ere zaila da.

Borondatea bihurritua,

lanbrotua begirada,

proposamenei entzungor eta

aholkuei purrustada,

emaztea hits, semea uzkur,

negar antsika alaba,

gaitza bakarrak izanagatik

gaixoak gehiago gara.

 

 

Gabon bezperan seme-alabak

hasten bazaizkit galdezka,

aitatxo, aurten opariren bat

iritsiko zaigu, ezta?

Ez dut jakiten isildu edo

“bai” esan irribarrezka,

esaeretan soilik egiten

baita ezer ez ta festa…

Amesgaiztotik amesgaiztora

bazkalosteko siesta,

maileguaren urka-bilurra,

alokairuaren kezka,

burua eta burutapenak

zorrez ta zorriz gainezka,

kontzientzia asmo txarreko

oroimena baino ez da.

 

 

Nahiz bestelako iragarpenak

ehizatu horoskopoan,

ta saiakerak egin ditudan

primitiba ta lotoan,

zoriarekin ez dut zorterik

izan oraindainokoan,

zuriuneak dira nagusi

nire egunerokoan…

Emaztea ta haurrak kezkati

utzi sukalde xokoan

ta hiriaren zabalgunera

inguratu naiz motoan,

apustu-etxe erraldoi baten

atea jo dut gaurkoan,

jokoa ez da errenta baina

errenta dago jokoan.

 

 

Izotzak klin-klin, euroak klon-klon,

arratsean arratseko,

begiak diz-diz izanagatik

nabil umore beltzeko,

Codere, Betsson, Reta, Kirolbet,

Betfair eta gainontzeko,

ahots ezberdin bat entzuten dut

arnasaldi bakoitzeko:

“martxa honetan berehala haiz

ez etxe ta ez etxeko”,

edo “nirekin dantza dezaan

hator lagun bihotzeko,

oraindik hamar euro badauzkak

nire kolkotik sartzeko,

zirrikitu bat izan nintekek

zulotik ateratzeko”.

 

 

Aurten bai, aurten Real Madrilek

irabaziko du Liga,

Realak galdu arren ez nadin

neure buruaz kupida,

sei euro bihar Altuna ezetz

iritsi hogeita bira,

lau whisky tanta hartu makina

txanponjaleei begira,

tiribiribi-tiribiribi

soinua eta distira,

azken pixarrak askatu eta

mugimendua hasi da…

Hiru marrubi lerrokatzea

baino ez nuen desira,

baina laranja erdi bat eta

bi limoi atera dira.

 

 

Etengabeko gurpil zoroan

sar nintekeenez horrela,

konbentzimenduz ahurreratu dut

terapeutaren txartela,

sei, bederatzi, zazpi, zazpi, lau,

“segi, ez izan ergela!”,

bederatzi, bat, bat, bederatzi,

ahots ezti ta epela,

“barkatu, orain ezin dizuet

erantzun behar bezela,

seinalearen ondoren utzi

zuen mezua bestela,

bukaeraren hasera da hau

eta bejondeizuela,

esnatzen denak bakarrik daki

ametsetan zegoela”.

 

 

 

Arg: A.Garmendia, Goierriko Hitza

 

 

Jokoa ez da errenta Jokoa ez da errenta