[Bertso ibilbidea] Donostiako ziudadia
Donostiako ziudadia –
Lehendabiziko abisua: bidaia hau ez duzu inongo gidatan aurkituko. Bigarren abisua: Donostia bakarra munduan kantatzen den arren, ez da egia: Donostia asko daude Urumea ertzean. Badago Donostia bat Pello Mari Otañok deskribatu zuena: “Donostiyako Ziudadia, Irutxulo-ko uriya; / Etxian zuben perlik onena Jainkuari ixuriya / zartzen diranen alaitzallia gazte guztiyen nobiya; / Zeruba zer dan ez dakit, bañan, zu zera nere gloriya“. Badago beste Donostia bat Infernu izeneko auzoa hustu eta biharamunean bertako bizilagunek bertsotara ekarria: “Infernua da Donostiako postal kanpoko aldea / hiri klasista ta arrazistan sobratzen zaien taldea / propietateak esaten al du zein den etxeen jabea? / Atzo okupen sarea / oso izan zen klabea / desalojoak indartuko du gure komunidadea / zuen hiria ez da izango ipurtzulorik gabea“. Eta badago beste Donostia bat hemen erakutsiko dizuguna.
AÑORGA
Errepidea alde batean eta trenbidea bestean; labe gosetua etengabe martxan daukan porlan fabrika aldamenean. Añorgan. Garai bateko baserri sakabanatuzko auzoa zena XIX. mende bukaeran hasi zen aldatzen. 1890ean, lehendik Añorga Txikin zegoen errota, harriak txikitzeko moldatuta, zementua ekoizten hasi zen. Hortik aurrera, poliki-poliki hazi da fabrika, eta fabrikaren bueltan auzoa. Fabrikako nagusiek langileei etxeak jarri zizkieten lantoki inguruan, eta, ondoren, baita eskola, zinema, ostatua, frontoia eta pilotalekua ere. Fabrikaren sirena-hotsaren taupadan sortu zen Añorgako kultur dinamika ere.
1972an bertsolari gazteentzako sariketa bat ere antolatzen hasi ziren añorgatarrak: Orixe Saria. Euxebio Igartzabal, Xabier Zeberio, Juan Mari Narbaiza, Jon Enbeita, Luis Otamendi… garai hartan gazte ziren bertsolariak trebatzeko aukera eskaini zuen. Eta ez bertsolariak bakarrik: epaileak zailtzeko ere plaza izan zen Orixe Saria. Joxe Mari Aranaldek Bertso kontuak liburuan jasota utzi zuenez, sariketa hartan aritu zen emakume bat lehenengoz epaile lanetan: Arantza Arruti.
Dena den, plaza bakarrik ez, Añorgak biltzeko lekua ere eskaini die bertsolari eta bertsozaleei. 2008an helduentzako bertso eskola jarri zen martxan, eta dinamika bizian dirau oraindik ere.
Goazen atzera, ordea. 70eko hamarkadaren hasiera da. Bertso jaialdia antolatu dute gaur egun Antxon Aiestaran izena duen aretoan. Bertsozalez beteta daude besaulkiak. Oholtza gainean sei bertsolari, Fernando Aire Xalbador eta Mattin Treku tartean. Bigarren hau altxarazi du Joxe Mari Aranaldek, bakarka aritzeko. Eta jarri dio gaia: “Zuek ez dakit badakizuen, nik bai: Mattinek seme bat du eta seme hori Parisera joan zaio; lan beharrez edo, behintzat etxetik Parisera joan da. Eta nik nahi nuke Mattinek seme horri hiru bertso kantatzea”.
Ordura arte irria ezpain ertzetik zintzilik daraman Mattinen barruan zerbait hautsi da. Eztarrian korapiloa estu, begiak umel, hiru bertso kantatu ditu. Entzuleak inarrosi ditu beren butaka erosoetan. Eta baita bertsokideak ere. Biharamunean Xalbadorrek Mattin nigarrez ikusi dut izeneko bertso sorta ospetsua jarriko dio adiskideari. Guk Mattinen bertsoak ekarri ditugu hona:
Oraintxe gaia etorri baitzait hemen neri bat-batera,
halabeharrez, nere semea, hi juan haiz Parisera;
bainan aitaren esan hau beti hartu behauk bihotzera:
urte batzuek hor pasata’re etorri behauk etxera.
Nik bazakiat hi ez haizela Parisa joana gogotik,
pena haundia huen partitzia ait’et’amaren ondotik;
bainan bizitzeko gizonak asko ikusi behar dik;
hire bihotza bein’ez urrundu hik, otoi, Eskual Herritik.
Herri txikitik partitua haiz Parise herri haundira,
ait’eta ama haretxetikan hor zaudek hiri begira;
urte batzuek hor pasata’re Parisen, itzul ta bira,
ait’amengana etor adi ta lehenbailehen Euskal Herrira.”
BELODROMOA
Periferiatik erdigunerako bidea egin dugu Donostiako satorzuloetan barrena. Anoetako estaziora heldu gara itsu-itsuan. Hauxe da Donostiako kirolaren zero gunea: Anoeta (barka, Reale Arena) futbol zelaia, Atano III pilotalekua, Gaska saskibaloi kantxa, Txuri-Urdineko izotz gunea, Karmelo Balda kiroldegia… Eta, noski: Belodromoa. Antonio Elortza belodromoa. Hitzaren Kirol Nazionalaren lau urtean behin 0-tik 10-era neurtzeko ahalegina egin izan da bertan behin baino gehiagotan. Orixe Sarian Arantza Arrutiren izena aipatu baldin badugu ere, Bertsolari Txapelketa Nagusien epaimahaiaren historian 1997an aurkitu dugu emakume bat lehenengoz: Arantzazu Loidi.
Bertsolari Txapelketa Nagusiek, dena den, areto gehiago ezagutu zituzten hona heltzerako. 1936ko San Sebastian bezperan, adibidez, Victoria Eugenian aurreko edizioko txapelduna, Basarri, ari da aurkezle lanetan, gaiak bertsotan jarriz. Hona urte hartan txapeldun geratu zen Jose Manuel Lujanbio Txirritak gerrari kantatu zion lehendabiziko bertsoa:
Zenbat errezo egin izan det
nere denboran elizan,
ta pozik nago ikusirikan
pakian nola gabiltzan.
Ni naizen bezin kobarderikan
iñor ezin leike izan
semeak gerra ez yoateatik
mutilzar gelditu nitzan.
Baina goazen 1997ra eta gatozen Belodromora. Aulkietan kabitu ezinda dago jendea. Asko zilar-paperetan bildutako ogitartekoak ahalik eta soinurik gutxien eginez irensteko eginahalean ari dira, txirrindularientzako jarritako pista ogi papurrez betetzen. Bertsolari belaunaldi berri bat iritsi da finaleko oholtzara. Bertan da Jexux Mari Irazu. Eta Txirritari bezala, gerrari buruz galdetu dio Bernardo Mandalunizek larrauldarrari: “Gaztetan eraman zintuzten gerrara. Gaur, zahartuta, gerrako zeure zauriei begira zaude”:
Goitik agindua eman:
“fusila eskutan hartu”,
gerraren gogortasuna
txikitatikan probatu;
frenteko lehen lerroa
ederki nuen gozatu,
etsaia ala laguna
aurrekoa tirokatu!
Mendian gora ta behera,
han ezin gendun nekatu;
orain begiak malkotan
ta ezin dira lehortu,
nere zauriei begira
begiak zaizkit lausotu,
zauriak ez dira itxi
ta gerra ez da bukatu.
Nahiz barrutikan beldurrez,
itxuraz behar zan trebe;
odola ez zan neretzat
sorpresa ta nobedabe;
Gerran maltzurkeri dana,
ezin da izan herabe,
nere bizia arriskuan
ezin nun utzi debalde.
Nahiz beti zalantzan izan
han gelditu edo alde,
beti onartzen ditugu
kanpokoen hainbat lege;
beti behar ote degu
etsaien zaurien mende?
Ordun zatitu gintuzten
ta oraindik hala gaude.
Nere desioan kontra
aberkide harei tira,
nork murgildu ninduen ni
hainbesteko sarraskira?
Orain hurreratua naiz
jubilazio eztira.
Oraindik gogoan daukat
orduko gauen dizdira;
halare barru-barruan
biharko egunan desira,
begiak itxita goxo
etorkizunai begira,
nere zauriak, badakit,
lurpean itxiko dira,
ojala herriarenak
han itxiko ez balira!
EASO PLAZA
Berriz ere satorzuloan barrena iritsi gara Easoko tren geltokiraino. Gezurra dirudien arren, garai batean Urumea ibaiaren arroa honaino zabaltzen zen, itsasoarekin topo egiteko. Hondartza eta baserri ingurua izan zen hau. Urari lurrak kendu ahala, garai bateko Donostia zaharra honaino zabaldu zen, baserriak eta larreak irentsiz. Gaur egun, Amara Zaharra ere deitzen diote batzuek inguruari. Dena den, auzotarren bat inguruan baldin badago, hobe “Amara” bakarrik esanda.
Donostiako festa nagusiak urtarril bukaeran ospatzen diren sansebastianak izan arren, azken hamarkadotan indarra hartu du abuztuko Aste Nagusiak ere. Su-festak zeruan eta izozkia ezpain ertzean dilindan. Herri eta hiri askotan gertatzen den moduan, erakunde publikoek antolatutako egitarauaz gain bestelako proposamenak ere egin izan dituzte herritarrek. 2003tik aurrera Piratek beren egitaraua antolatu izan dute urtez urte.
Hala ere, Donostiako Aste Nagusiak beste hutsune bat izan du urte askoan: bertsolaritzarena. Azkeneko hamarkada pasatxo honetan Easo plazan aurkitu du bertsoak bere lekua. Hemen, adibidez, 2017ko jaialdietako batean Unai Gaztelumendik eta Maialen Lujanbiok egindako saioa, Imanol Artola Felix gai-jartzaile zutela. Unai Aste Nagusirako plan lasai bat egin nahian ari da, baina Maialenek beste asmo batzuk dauzka nonbait…
UNAI GAZTELUMENDI | MAIALEN LUJANBIO |
Bertsotan jardun gera
leheno ttirri-ttarra gero bazkalostea izan da earra zenbat trago ondoren zerbezan aparra Maialen ez al zaude nekatu xamarra?
|
Bertso saioa nola
ez degun izan gaitz hauekin poteatzen hasi gera garaiz nik beste plan bat nahio nere artean, maiz gazte plantak egiten hementxe ari naiz.
|
Urtero Piratetan
batetik bestera bateko txalekoa, bestetik bandera baina orain joan nahi det suak ikustera barruko donostiarra nahi nuke atera.
|
Nik uste nuen zala
den-dena mesprezu baina egitan dabil ta ni ez naiz kexu berezko donostiarra hementxe zaude zu San Sebastian Region esan behar dezu.
|
Nik hemen bota dizut
Maialen erronka donostiar egin naiz halaxe det bota benga onartu zazu nigana igota hau berriz sekula ez zaizu pasako ta. |
Intentzioa eskertzen
dizut Unai tira baina suek ze mina nere belarrira helaua urtu eiten da eta garesti da garbi esango dizut: goazen Hernanira.
|
PIKATXILLA. GROS.
Aste Nagusian bertso saioak berandu hasi ziren antolatzen. Baina, Bertsolari Egunak 1968tik antolatu izan dira sansebastianen jiran. Urtez urte, bertsolari baten omenaldi gisara antolatzen ziren bertso saio haiek. Bertsozale Elkarteak sortu bezain laster hartu zuen bere gain egun honen ardura eta, 1995ean, Bertsolari Egunaren norabidea aldatzea erabaki zuen: omenaldiak egiteari utzi eta esperimentaziorako aukerak zabalduko zituen saio mota bat antolatzeari ekin zion. Hala sortu zen Bertso Eguna.
Hogeita bat urte beranduago, urtarrilaren 30 batean ospatu zen 2016ko Bertso Eguna. Arratsaldeko saioa Kursaal auditorioan egin zen, baina, goizean ere antolatu zen saio bat, Kursaal pareko Picachilla tabernan. Tabernak izena Ulia parean ur azpian dagoen arroka bati zor dio. Donostia eta Pasaia aldeko itsas emakume-gizonek ondo ezaguna dute aizto formako ezkutuko harritzara, hainbat itsasontzi hondorarazi dituelako mendetan zehar. Zaila da ur-azaletik ikusten, ez bada oso marea beheran, edo olatuei aparra ateratzen dielako. Eta zergatik pasatzen dira ontziak Ulia magal horretatik, arriskua dagoela jakinda? Bajurako ontzientzat leku ezin hobea delako. Arrainek arrokan nahikoa zer-jana izaten dute, eta han ibiltzen dira buztana dantzan. Arrantzarik egingo bada, arriskatu beharra dago.
Eta halaxe egin zuen Rosi Lazkanok berrogeita hamar urteak beteta. Txikitatik izan zen bertsozalea. Neba-ahizpek elkarri puntuak jarriz arintzen omen zituzten baserriko lanak. Berrogeita hamar urte beteta hurbildu zen lehen aldiz Orioko bertso-eskolara. Baita oholtzara salto egin ere. Urtarrileko goiz hotz hartan, Picachilla tabernan, honako bertso-jarriak kantatu zituen:
Zaharrak-berri dion
haritik tiraka,
gogoa haurtzarora
doa pirrillaka.
Nahiz denboran txokoan
lotsan hautsak tapa,
irriparra sortzeko
ahalmena daka.
Nahiz denboran txokoan
lotsan hautsak tapa,
bizi- bizirik daukat:
aitzen det tik-taka.
Nere lehen ipuia
zan kristau dotrina.
Isilik egon behar,
hizkuntz asko baina…
Etxekuak euskeraz,
mezetan latina,
Santa Anako monjak
gaztelera fina.
Etxekuak euskeraz,
mezetan latina,
eta neskak eraman
behar mantellina
Txarolezko zapatak,
galtzetin txuriak;
neska txiki harentzat
momentu haundiak.
Egun berezietan
jazteko jantziak,
ahizpa zaharragon batzuk
aurrez erantziak.
Egun berezietan
jazteko jantziak
Begiratuta garbi
neuzkan belarriak.
Astelehen goiza beste
denen desberdina
Sukaldia betian
erropa zikina
Goiz osoan burrundan
jaboi-ur makina
Aurrena maindirea,
gero galtza urdina
Goiz osoan burrundan
jaboi-ur makina
Automatikoa zan
amaren ezina
Nerabetzan ez katxi
eta ez zurito
Nere beldur guziak
izerditan ito
Hanka punttetan dantzan
bi ordu ta piko
Abiapuntu txarra
etzan nerekiko
Hanka punttetan dantzan
bi ordu ta piko
Faborez baten hasi
ta lotu betiko
Etxerako bidea
argitik ezkutu
Lehen muxua, bueno…
ezpainak ikutu
Barru dena algaraz
kanpo dena mutu
Segundoa bihurtu
zitzaidan minutu
Barru dena algaraz
kanpo dena mutu
Pekatua zan baino
ez nintzan damutu
Orain dirudigula
katu eta xagu
Zulotxoan sartzeko
ez nabil hain malgu
Oilo-ipurdin jartzea
hori ez det galdu
Desio berriren bat
beti zait azaldu
Oilo-ipurdin jartzea
hori ez det galdu
Eta akne zein grano
itxusitik salbu
Hazitarako hemen
izango ez geranez
Holako aukerari
ez diot orain ez
Seguru segiko det
tabarra emanez,
gustokoa dudana
gustora eginez
Seguru segiko det
tabarra emanez
Lehen hanka punttetan
eta orain oinez
GUARDETXEA. URGULL
Goazen aldapan gora. Urgull mendian dago Guadertxea. 1863ko eraikuntza militarra zena mendiko guardaren bizileku bihurtu zen gerora. 2014ko Feministaldia iritsi zenerako, urteak zeramatzan kultur ekintzetarako espazio gisa moldatua. Urte hartan antolatu zen lehen aldiz bertsolaritzarekin loturiko ikuskizun bat erreferentziazko kultura feministaren inguruko jaialdian. Eta abenduaren hogei hartan han ziren Maialen Lujanbio eta Uxue Alberdi, Ainhoa Aranbururen gidaritzapean, Guardetxeko oholtza hartan, entzule ez-baitezpada-bertsozale saldoaren aurrean.
Spoiler: azken urteotan urtero antolatu dira bertsolaritzari buruzko hitzaldiak, bertsolariek egindako performanceak edo bertso saioak Feministaldian. Are gehiago. Azken edizioetan jaialdiaren itxiera festaren eguna Txapelketa Nagusiko finalaren egunaren arabera aldatu izan dute. Baita Gipuzkoako finalaren egunagatik ere. Publikorik ez galtzeko. Atera kontuak.
Rewind: 2014an, Guardetxean zeuden horietatik gutxi egon ziren 2013an BECen.
Urte hartan Feministaldian programatu ziren hitzaldi, mahai inguru, tailer, proiekzio edota performanceetan monster kultura izan zen ardatz. Gorputz desegokiak, anormalak, bazterrekoak. Zerbait eskas duten gorputzak. Zerbait soberan dutenak.
11:00-13:00 Pedagogías queer: otras producciones de conocimiento Mari Luz Esteban, R. Lucas Platero.
16:30-18:30 Literatura, sexualitatea eta feminismoa Danele Sarriugarte, Kattalin Miner, Itxaro Borda.
19:00-21:00 Rocka, feminismoaren soinua MEFSST!, EmaRock, Anari.
22:00 Bertso saioa: Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi (gai jartzailea: Ainhoa Aranburu) eta kontzertua: Elbis Rever eta DJak: Pinchadiscos Tonadilleras + Dj gurebesta.
Gorputz okerrak. Gorputz desegokiak. Ozenegiak. Gorputz bilauak. Lekuz kanpo dauden gorputzak. Ez dagokien lekuan ez dagokiena egiten duten gorputzak.
Ainhoa Aranburuk hala galdetu zien bi bertsolariei: “Gorputza aipatzen dugunean, zertaz ari gara?”
Lujanbio
Mikrotik derrepentean
horra, gorputza, aditu
bio edo politiko
ez du zeharo argitu
bakoitzak bere ispiluan
zer ikusi, zer aurkitu
zenbat sakondu nahi duzun
zenbat pentsatzen aritu
gorputza izan liteke
mami ta odol zirkuitu
gorputza egin liteke
handitu edo txikitu
ze lupa erabiltzen den,
mila zirrikitu ditu.
Alberdi
Gorputza da gure gune
eta ikusmiren talai
gorputza haragi, hezur
eta ileekin jarrai;
bere neurri ta distantzi,
arau, lege eta epai;
bere bakardadean nahiz
ondoko gorputz horien zai.
Izango al naiz gorputza
tajuz deskribatzeko gai?
Bertsotan gorputza aipatuz
aritzen banaiz nolanahi
guduzelaiaz ari naiz
gozazelaiaz ere bai.
ANTZOKI ZAHARRA
Gorputz desegokirik bada, Bilintxena izango zen bat. Guardetxea eraiki gabea zen 1831n Alde Zaharreko San Bizente elizan bataiatu zutenean. Handik urte gutxira, hirugarren soilairutik erori (edo eskaileretatik amildu, bertsioen arabera) eta aurpegia okertzerainoko kolpea hartu zuen Joakin Indaleziok. Hortik, Moko ezizena.
1865etik aurrera Teatro Zaharrean bizi izan zen, Nikolasa Erkizia eta hiru seme-alabarekin. Bertan, emanaldietarako arotz lanak egiten zituen, eta baita atezain aritu ere. Zortea erdipurdikoa izan eta, 1876an, Bigarren Karlistadan, karlisten granada batek eztanda egin zuen Bilintxen etxean, aurrez beste etxe bat jo, lehertu ez eta leihotik sartuta. Hanka bat ebaki zion eta bestean zauri izugarriak eragin. Sei hilabete iraun zituen bizirik. Geroztik, haren gorpua Polloeko hilerrian dago, eta bere izena daraman Donostiako kalea hiriko kalerik laburrena da; Antzoki Zaharraren aldamenekoa.
Juan Mari Lekuonaren esanetan Bilintxen bertsoen “ikuspunturik aipatuena eta landuena […] damaren dohai fisikoen deskribakuntza poetikoa [da]”. Joxe Mariri idatzitako hauek ere ez dira makalak, ordea.
Zaldi baten bizitza (edo Zaldi zuriyarena)
1.
Orra sei bertso kale
garbitzalleari,
zeña bere izenez
dan Joxe Mari;
erreza lezazkike
iru abe mari,
indarra etortzeko
zaldi zuriyari;
animali ori
urriki zait neri,
falta du ugari
egoteko guri;
kartoiakiñ egiña
dala diruri.
2.
Goizero biar diyo
eraso lanari,
zikiñak bildu arte
erri danari;
berriz ere obeto
bizi ez danari
nabarbenduko zaizka
ezurrak ugari;
ez naiz txantxaz ari,
eta, Joxe Mari,
zaldi gaxuari
nai aña janari
eman zaiozu, jartzen
ote dan lori.
3.
Dago eskeletuen
itxura arturik,
diña jan ezak daka
orla galdurik;
nola ez da egongo
oso argaldurik,
irukitzen badute
askotan baraurik?
Zaldiya orri nik
ez det esperorik
ezer ikusterik
ezurrak besterik;
ez du beintzat izango
odol-kolperik.
4.
Lana sobra du baña
janariya falta,
urrikigarriya da
dakarren planta;
gaxuak ez lezake
luzaro aguanta,
flakiyarekiñ eziñ
mugitu du anka;
pentsu gutxi jan ta
kalian jiraka,
gaizki bizi da ta
indarrik ez daka;
eziñ karriatu du
karro bat kraka.
5.
Munduban ez liteke
zaldirik arkitu,
dubenik orrek aña
pena sufritu;
biyotzik gogorrena
lezake kupitu,
ez du zartzera txarra
gaxuak atxitu;
pausua nagitu,
eziñ da mugitu,
gutxiyenaz ditu
zazpi espiritu,
bestela bizirikan
eziñ segitu.
6.
Gizarajuaz danak
pena ar zazute,
baldiñ biyotz biguñak
badituzute;
asi zan egunetik
eta oraiñ arte,
serbitzuba egiñ du
erriyan bastante;
igande ta aste,
jaiarekiñ naste,
makiña bat urte
pasa dizkitzute;
oraiñ erretirua
merezi luke.
7.
ZALDIAREN ERIOTZA
Indarra zekan arte
zikiña karraio
eragiten zioten
makiña bat saio.
Bañan miñez jarri da,
indarra juan zaio!
Nekearen pagua
balaz eman zaio!
8.
OBIZDEA
Azkenak emen daude
zaldi argal baten,
zeñak ez zuen iñoiz
pentsu on bat jaten;
gelditu zaizkan mami
puskak eramaten,
beliak lan askorik
apenas daukaten.
R.I.P. Amen
Bilintx hil eta lau urtera, 1880ko irailaren 26an, sei bertsolarik kantatu zuten Antzoki Zaharrean bertan, goizeko 11etan hasita. Tartean ziren Pello Errota, Otaño eta Udarregi. Bertsoaldiz bertsoaldi paretsu ibiliak ziren nonbait hiru bertsolariak eta, prestatutako ariketak bukatu zirenean, desenpatea nola hautsi ez zekitela gelditu ziren epaimahaikideak. Denis Labordek kontatzen duenez, orduantxe bururatu zitzaien bertsolariei hasierako puntuak jarri eta bertsoa bukaraztea. Hori ere bata besteak bezain ongi edo gaizki egingo zuten, epaiaren arabera hiru bertsolariek irabazi baitzuten egun hartan. Kontuak kontu, geroztik, makina bat puntu erantzunekin sufritu —eta gozatu— dugu azken mende eta erdian.
IKATZ KALEA
Antzoki Zaharretik ez gara askorik urrunduko, hala ere. Guardetxean utzitako entzule-ez-baitezpada-bertsozale horiekin batera murgildu gara garai batean ikatza saltzen zen kale ilunean. Inguruko soto batzuetan sagardoa ere egiten zuten, eta jendea elkartzeko aitzakia ederra jartzen zuten kupel inguruetan. Kupel horietako gehienak desagertu dira dagoeneko. San Sebastian Region-a bisitan datozen pintxozalez lepo beteta daude aldameneko kaleak. Marea bizietan itsasoa adina igo dira alokairuen prezioak inguru honetan, eta lorerik gabeko balkoiak eta itxitako pertsianak sumatzen dira nonahi, oporretako etxebizitza bilakatutakoetan. Eta, hala ere, bada oraindik ere igogailurik gabeko eraikinetan gora eta behera ibiltzen den auzotarrik ere.
Baina ez gaitezen desbidera, kale honek galtzeko arriskua izaten du eta; abuztuan, irailean, abenduan eta urtarrilean, bereziki. Edonoiz ikusiko ditugu kantu taldeak Herria parean; Arrano Beltza elkartetik eltze, burruntzali eta kutxarak hartu eta San Sebastian bezperan abiatutako desfileen parodia desordenatuak; 2018ko Donostiako Bertsolari Egunean tabernaz taberna bertsotan jardundako Donostian bizi diren dozena bat bertsolariak; belarri ertzera nahi baino gehiago hurbiltzen diren errimarik gabeko zirtolariak… Denetarik dago hemen. Babes bila dabilenak, dena den, barra ertzera hurbiltzea besterik ez du, Aurresku tabernan, adibidez. Elenitak berehala atendituko du. Hantxe aurkitu ditugu Easo plazako bertsozaleak eta Belodromoko pistan ogitartekoak jaten ari zirenak ere. Xalbador, Bilintx eta Mattin ere begiak piztuta ikusi-uste izan ditugu telebistaren eskuinaldean dagoen txoko estuan. Baina guri kasu handirik ez egin. Kontua da beste bi bertsolari sartu direla tabernara, Elenitak musika itzali duela, eta lepotik helduta entzun dugula Eli Pagolak eta Itxaso Piquerrek osatutako Goierriko ditxaren bertsio aurreskuarra.
1. Kantatzen hastera goaz
Aurreskuko istoriak batzuak erdi egiak beste batzuak egiak.
|
2. Txaleko eta partxea
tekila eta pechea Aurresku bihurtzen degu gure bigarren etxea.
|
3. Jende asko, lotsa gutxi
laztan, muxu ta igurtzi Elenitak parrandetan zer ez ote du ikusi?
|
4. Kuadrillakoa, laguna,
lankide, bizilaguna pertsona diskretoentzat hor egongo da komuna.
|
5. Zumetza eta elorri
hamaika istilu gorri kuadrilla gabe joan ta txalekuakin etorri.
|
6. Festazalea bazera
etorri zaitez gurera lagun kuadrilla eder bat zure zai egongo gera
|
- Gehiago ere badira
gertatu gabe tartean
eta gerta daitezela
hemen gauden bitartean
gure Aurresku maitean.