Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2021-08-24

Hitz hutsa

Hitz hutsa –

Bertsoa hori da finean, hitz hutsa. Jantzi ohi dugu doinuz eta ahotsez, ematen dugu oholtza baten mailatik eta zabaltzen da megafonia bidez; baina ez da hitza besterik. Batzuetan sekulako boterea duela sentitzen dugu, benetan eragiten sumatzen baititugu kantatutako hitzok. Erantzuna jasotzen dugu. Hitz hutsa zenbateraino hel daitekeen ohartzen gara. Aitzitik, beste batzuetan hitzek huts egiten digute, edo huts egiten diegu, edo hutsik aurkitzen ditugu. Bertsolari on batek esan bezala, “betearen gainean aritzeak hutsik uzten nau”.

Amaitu ziren zutik geratzen diren azken puntu epikoak, doinu maiorrean eta ia ukabila jasoz errepikatzekoak. Oraindik tarteka antzeko oihartzun bat sumatzen diegu hitzei, baina gutxitan geratzen zaigu zerbait aldatu izanaren sentipena. Bertsoa hitz hutsa baita: hitz neurtua, hitz-jokoz, maiz hitz-aspertuz eta tarteka hitz-totelez osatua. Gutxi batzuetan, hitzez hitz katarsi txiki bat sortzen da, eta (h)itzali gabe eusten diogu.

Eta bien bitartean, saioz saio gabiltza ez-festak dituzten herrietan barna, gozamenetik eta hausnarketatik zerbait utzi nahian. Albistegiei kritikatzen dieguna lehen pertsonan bizitzen dugu: krisi sozial larrienetik kiroletara pasatzea tartean amildegi bat ez balego bezala. Ze erremedio, bestela ez genuke bururik altxatuko. Ordea, tragediei hitzak jartzea eskatzen zaigunetan, nola sartu hitz batean egoeraren injustizia, analisi sozio-politiko apur bat eta norbere pribilejioen kontraesanen hausnarketa? Batzuetan, guri albistegitik harago zuzenean gutxi eragiten diguten krisi larriez edo haiek eragindako gorpuei kantatzen diegu, min horri hitza eskainiz.

Horrelakoetan, ezin izaten dut jasan buruak ekartzen didan baliabide literariorik, guztiak iruditzen zaizkit hutsalak eta desegokiak. Gure hitzek hori dute izatekotan, distantzia; eta distantziak uzten du drama literarioki baliatzen. Eta batzuetan merezi du, jendeak gogoan har dezan badelako funtzioetako bat; elkarrekin horri ahotsa jartzeak eta ahoz gora partekatzeak baduelako kontzientzia ariketa minimo bat … tarteka, baina, kosta egiten zait zentzu horretan hitza hartzea.

Hitza ematen zaigu eta hitz ematen dugu, ez dugula hitzik jango. Hitz gorriak, itsusiak, gozoak, lohiak, eta momentuz literalki zuriak dauzkagu eskaintzeko. Hitz hutsa ez da aski, baina hats izan litezke betez gero; eragiteko boterea duen tresna delako hits hutsa.

Hitz hutsa
Hitz hutsa
Arg: ENDIKA PORTILLO/FOKU