Unai Iturriaga: «Ez daukat estilorik, eta hori abantaila izan liteke»

Unai Iturriaga –

Gorka Arresek BERRIAn.


 

Unai Iturriaga. Bertsoa, musika, antzerkia, komikia, liburua… Diziplina eta lantegi askotan jarduten duenarengatik hiru gauza esan ohi dira gutxienez: dohain ugari ditu, oso saiatua da, lanok prekarioak direlako dabil batetik bestera.

 

Unai Iturriaga
Arg: Aritz Loiola, FOKU

 

Bertsolari gazteen artean 15 urterekin nabarmendu zen; Txapelketa Nagusiko finalean zen 19rekin, 1993an; eta hurrengo bost finaletan ere bai, 2013ra arte. 7 Eskale eta Gu ta gutarrak musika taldeetan kantatu zuen. Berandu da gelditzeko nobelaren egilea da, eta lau antzerki obraren idazlea. Bi komiki album berri lantzen dihardu orain.

 

Bi urte al dira Gara egunkarian tira grafikoa egiten hasi zinela?

Bai, 2019ko ekainean 3an, hain zuzen. Azkar pasatu dira. Umeekin bezala: urteak arin eta egunak luze. Ofizioan oso berria sentitzen naiz. Baina, bestetik, joan dira 700 tira baino gehiago, eta hori bada esperientzia metatu bat. Hasierako zalantza asko presente daude, lotuta daudenak nire espresio gaitasunari, marrazteko garaian, buruan daukadana adierazteko orduan. Edo gaia aukeratzean. Aurretik inoiz jardun gabeko ofizio batean nabilenez, oraindik ezin dut esan lasai ekiten diodala. Ni bertsotara joaten naiz lasai, badakit-eta bertsotan egiten. Tira grafikoa egunero egiten segitzea erronka bat da oraindik.

Estutasuna sortzen dizu?

Batzuetan bai. Zorionez, estutasuna orain da zeri buruz ariko naizen. Marrazteko nire gaitasuna erdipurdikoa izanda ere, horrek ez nau hainbeste kezkatzen. Eguneroko gimnasiak asko laguntzen dit, baina badakit oraindik ertz asko jo behar ditudala bidea topatzeko. Laster ohartu nintzen gauza batez: ez daukat estilorik. Eta hori abantaila izan liteke.

«Niri bihar esanez gero, ‘aizu, kolorea sar zenezake?’, ez, nik ez dut nahi. Hizkuntza bat da zuri-beltza»

Unai Iturriaga.

Ez duzu estilorik? Bai ote?

Pentsatu nahi dut gehiago dagoela begiradan, gero paperean agertzen den horretan baino. Horregatik batzuetan dira marrazkiak, beste batzuetan dira collageak, besteetan kalkatuak… Baina ez nau kezkatzen. Zuk ikusten duzu Olariaga edo ikusten duzu Zaldieroa, eta berehala badakizu irudia haiena dela. Nire abantaila da, marrazki batek funtzionatzen ez badit ideia bat irudikatzeko, utzi egiten dudala eta collage batekin hasten naizela. Libreago egiten nau.

Baina era batek edo besteak, nahi gabe ere lotu egiten du. Zureak zuri-beltzez eginda datoz.

Zuri-beltza hautu bat da. Niri bihar esanez gero, «aizu, kolorea sar zenezake?», ez, nik ez dut nahi. Hizkuntza bat da zuri-beltza. Nire gustuko hizkuntza da, eta zaila era berean. Gustuko ditudan marrazkilariek zuri-beltzez egiten dute. Eta erronka itzela da. Hautu horrek asko markatzen du. Bertsotan antzera… sartu behar dut tiraren neurrietan, badaukat zuri-beltzaren baldintza, eta hirugarren kondizioa da egunero egin beharra. Hori da nire kaiola.

Pertsonaiak ere baliatzen dituzu. Esate baterako, Jack Orojakiller eta Betty Valeky. Baita pertsonaia politiko publikoak ere.

Esan zidaten ez sortzeko pertsonaia bat; demagun, Zakilixut bat. Horrek beti haren begirada eskatzen du. Baina Jack eta Betty sortu nituen bi arrazoirengatik: batetik, ideia etorri zitzaidalako; bestetik, astelehenetarako. Igandetan badakit zer egin behar dudan. Astelehenez astelehen entitate bat hartzen doaz. Eta gainera, bai, badaude gure inguru politikoko pertsonaiak ere; haiek nolabaiteko fikzio batera ekartzen saiatzen naiz.

Begiratzen al dituzu beste egunkarietako tira grafikoak?

Oroz oso ona iruditzen zait, Diario de Navarra egunkarikoa. Eta zelan esango dizut… gure etxean Egin hartzen zen, eta umetatik Olariaga eta Zakilixut nire bizitza osoan egon dira. Olariaga iritsi zitzaidan Ipurbeltz bidez ere, kartelen bidez; eta liburu azaletan. Euskal Herriko artistarik handienetako bat da, erreferente bat da estetikan. Patxi Huarte gertuago eduki dut, berarekin harremana izan dudalako; sekulako meritua da nola lotzen zaion egunerokotasunari hainbeste urtean.

Jakin aldizkariko kontrazalak egiten dituzu.

Zazpi urte izan dira. Esperientzia polita izan da. Bukatu da hori. Lan asko gurutzatzen ari zaizkit, gainezka egiten didate, eta ezin dut denetan jardun. Pandemiak niretzat ekarri duen gauza on bakarretako bat izan da… geratu, pentsatu eta esan: «Zertarako bizi txarto, erdi ondo bizi ahal bada!». Sentimendu txarra da zorretan ibiltzea; lan epea betetzen ez duzunean, beste batzuei eragiten die, eta kontziente zara horrek zer suposatzen duen. Beste alde batetik, lankidetza ugaritan jardun dut urtetan, ederrak izan direnak, ikasbide handiak, baina zelanbait beti besteen proposamenen arabera mugitu naiz eta kooperatu dut; eta orain marra bat egin eta ikusi nahi dut ea zer edo zer badudan kontatzeko.

Alex Sanvirekin Udaberririk ankerrena albuma egin zenuen 2011n. Ondoren Haur besoetakoa serieko beste bi: Litxarrerien jauna (2014) eta Paristik datorren artista(2018).

Oker ez banago, Alex eta biok 2007an hasi ginen. Dani Fanok deitu zidan. Hark koordinatzen du Xabiroi komiki aldizkaria. Ni beti izan naiz marrazki zalea, komikiak irakurri ditut, Arte Ederretan ere ibili nintzen, eta utzi nuen. Irudiaren mundua albora lagata neukan, Danik deitu zidan arte, esanez gidoi bat egiten hasteko Alexekin, froga moduan. Eta gaur arte. Betiko zorretan egongo naiz Danirekin, hark ekarri baininduen komikiaren mundura: jendea ezagutarazi, Angulemara joan… Eta asko gustatu zitzaidan giro hura.

Haur besoetakoa serieko hirugarrena noiz?

Laster dator Xabiroi aldizkarian azken entrega; ondoren albuma osatuko da, 2022an agian. Alex Sanvi marrazkilari bikaina da. Gallartakoa da. Harreman oso ona daukagu. Konpartitzen ditugu gauza asko, nire gainontzeko kolaborazioetako jendearekin konpartitzen ez ditudanak. Eta badakizu, kolaborazio batzuk konplexuak izaten dira; baina Alexekin dena erraza da. Euskal kulturaren unibertsoan komikiak oihartzunik ez daukan arren, halako kalitateko album argitalpenak benetan garrantzitsuak dira niretzat, nire lorpen handienen pare dauzkat. Asko betetzen nau horrek.

Nor da Haur besoetakoa?

Ume bat da pertsonaia nagusia. Hasieran, nolabait esanda, umeen munduko mafioso bat zen. Haur besoetakoa… badakizu, Coppolaren Aitajauna filmetako giro beltz hori umeen mundura ekarria, ispilu bat ipintzeko helduen munduaren aurrean. Gaur egun ez dauka mafia kutsu hori. Jarraitzen duena da umeen munduaren bitartez nagusiena islatzen. Pertsonaia ume bat da, eta beti izango da umea. Ni oso koadratua naiz, eta baneukan kezka bat pertsonaiaren denborarekin, eta banindoan beti kronologikoki aurrera; Danik esan zidan arte: «Baina zu tontoa zara? Mafalda beti da umea».

H28 proiektua zergatik izan zen garrantzitsua?

Komiki arloa nahiko sakabanatua da. Eta iniziatiba espontaneoa izan zen, Parisen Charlie Hebdo aldizkarian 2015eko urtarrilean atentatua izan ondoren. Uste dut hogei egun geroago argitaratu genuela askoren arteko aldizkaria sarean. Eta ondoren hiru bat urtez, hilero, hilaren 28an beti. Marrazkia lehenengoz argitaratzen zuen jendea ginen batzuk han. Marrazkilarien komunitatea saretzeko balio izan zuen esperientzia hark.

Mikel Laboari buruzko proiektuan sartuta zaude.

Mikel Laboa Katedratik enkargua izan genuen komiki bat egiteko. Proiektu horretan gabiltza, Joseba Larratxe Josevinsky marrazten eta Harkaitz Cano eta biok gidoian. Ez da izango biografia bat. Ugariak direnez Laboaren lanak eta izan zituen bizipenak, kontakizun berezi bat osatzeko aukera zabala daukagu.

Errautsak (2010), Francoren bilobari gutuna (2016) eta Zaldi urdina (2019), hiru antzezlan idatzi dituzu Igor Elortzarekin batera. Ander Lipusentzat Hozkailua(2018) idatzi zenuen.

Artedrama, Dejabu eta Axut, hiru antzerki taldeen artean sortutako proiektuak dira. Errautsak obran sartu ginen nahiko aurreratuta zegoela: kontakizuna, pertsonaiak, testu konkretuak… Beste bietan hasieratik egon gara. Ez da guk gidoi bat idatzi eta haiek obra egin, baizik hasieratik elkarrekin egon, zein izango den gaia erabaki, irakurri eta komentatu, lanketa bat egin, inprobisazioak ikusi, eraikuntzan parte hartu. Gauza kolektibo bat da. Ondoren, bai, paperera etortzen da. Lan polita da. Asko ikasi dut. Prozesu luzeak dira. Eta idazterakoan lau esku. Aberasgarria da beti, baina konplexua ere bai. Inportantea da, ikasteko zein den norberaren lekua sorkuntzan.

Teatroaren oholtza exijentea da, ezta?

Obraren zerbitzura egon behar da. Norberaren eskua ez da garrantzitsua. Testuetako asko aktoreek inprobisazioetan sortutakoak izaten dira. Esateko idatzi behar da, eta pertsonaiak eraiki behar dira digresioetarako tarte barik. Aurrera joan behar du beti, koherentzia batekin, logika batekin. Gorputzezkoa denez, gertatzen den guztia ere ez da idatzi behar. Horrenbestez, egitura da oso garrantzitsua.

Zugan pentsatu duenak zugandik zer espero duen zehazki jakin barik, ea ondo emango duzun, hori da beste batekin kolaboratzen duzun bakoitzean izaten den beldurra. Espektatiba beteko ote duzun, larritasun hori hor dago beti. Zeure buruari tranpak egitea eguneroko ariketa bat da, baina beste batzuei ezin diezu halakorik egin. Horrek asko estutzen nau. Eta orain, bolada batean, ez dut era horretako estutasunik nahi.

Bertsolaria ere eszenakoa da?

Jendaurrean jartzen zaren momentutik dago eszena. Sagardotegia, bazkalostea… eszena da, esposizioa da: fisikoa batetik, dohainena bestetik. Ez da gauza bera BECen kantatzea edo gaztetxe batean kantatzea. Eta ez da gauza bera norberaren bizitzako une ezberdinetan. Eszena horretan zu non kokatzen zaren, aldatu egiten da. Horri dagokionez, momentu honetan oso ondo sentitzen naiz, hogeita hamar urteko jardunaren ondoren. Ez da beti gertatu den gauza bat.

Eszena batzuk norberak uzten ditu…

Beste batzuetatik apartatu egiten zaituzte. Orain bertsotan erraz egiten dut, gustatu egiten zait, ederra da, ez naiz zentrala, ez naiz geziaren punta. Baina Josu Zabalak [Hertzainak] erakutsi zidan: «Eszenan zauden bakoitzean oso inportantea zara. Ez baduzu hori onartu behar, ez igo». Noski. Baina orain nire posizioa errazagoa da: automobil klasikoen sailera pasatuta nago, taldean klasiko bat behar dutenerako. Disfrutatzen nabil bertsotan.

Kontu asko aldatu dira.

Bai, dudarik gabe. Ni hasi nintzenean beste bertsolaritza mota bat zegoen. Gaztetxoak ginen, eta bazegoen demostratu behar bat. Herri kiroletik gertu zegoen gauza askotan. Ordutik hona, onerako aldatu da bertsoa eta publikoa. Oso ezberdina da bertsozalea gozatzera doanean edo juzgatzera doanean. Inprobisatzerako orduan, kontu bat da urduri egotea, baina beste kontu bat da beldurra edukitzea; eta eduki izan dut momentu ezberdinetan, urte askotan. Orain ez, eta hori itzelezko lasaitasuna da.

Eszena gaineko edozein jardunetan, eta horretan bertsolaritza ez da salbuespen bat, garrantzitsua da feedbacka. Orain bertsolaritzan giro ona dago. Eta gauza hobeak ateratzen dira urterik urte. Ni bereziki saiatzen naiz rollo ona eramaten.

Bestelako perspektiba bat duzu gaur egun. Nola ikusten dituzu ondokoak bertsotan?

Maila jasoa eta gaitasun itzela dituzte. Ondo kokatuta ikusten ditut bertso kideak. Boom garaia ezagutu genuen. Basamortu bat igaro zen ondoren. Gero etorri zen BEC garaia. Orain jendea dabil bere lana serio hartzen, eta aldi berean gozatzen.

Unai Iturriaga Unai Iturriaga Unai Iturriaga Unai Iturriaga Unai Iturriaga Unai Iturriaga Unai Iturriaga Unai Iturriaga
Unai Iturriaga Unai Iturriaga Unai Iturriaga Unai Iturriaga Unai Iturriaga Unai Iturriaga Unai Iturriaga Unai Iturriaga