Euskaraz idazten dudalako
Euskaraz idazten dudalako –
Oihana Bartrak Pikara Magazinean.
Askotan errepikatu zaidan sentimendu hori agertu da Pikaran euskarazko zutabea idaztearen proposamena jaso dudanean. Bertso saio baterako deia jaso eta “emakume bat behar dugu” esaten didatenean sentitzen dudan mina.
Emaila ireki dut. Pikaran zutabe bat idazteko proposamena heldu zait. Gero El Salton ere argitaratuko dela diote. Harritu egin nauela aitortu behar dut. Beldurtu ere bai. Ni? Hasieran, ezetz esatea pentsatu dut. Ez dut autoritate nahikorik sentitzen Pikara bezalako komunikabide feminista batean idazteko. Gustura irakurtzen ditut aldian-aldian iritzi-artikulu eta erreportaje interesgarri askoak. Besteek idazten dutenetik ikasten ahalegintzen naiz eta beste emakume batzuekin eztabaidatzen dut zalantzagarri zaizkidan gaien inguruan. Zer pentsatua ematen didate beti, baita nire posizioa zalantzan jarri ere. Baina zer daukat, ba, nik aportatzeko? Ezer gutxi, seguru asko. Beste norbaiti lekua uztea komeni, agian.
Nirekin harremana egin duenak adierazi didanez, Pikarak El Saltorekin duen akordioaren arabera, hilero argitaratzen dituzte paperezko edizioan lau bat orrialde, eta, dirudienez, “entre los contenidos, hay una columna de opinión en una lengua minorizada del estado”. Hor sartzen naiz ni. “Ah, klaro, horregatik esan didate hau idazteko”, pentsatu dut. Euskaraz idazten dudalako. Askotan errepikatu zaidan sentimendu hori. “Berriz min hau” moduko bat. Bertso saio baterako deia jaso eta “emakume bat behar dugu” hori. Inoiz jaso nahiko ez nukeen dei hori. Emakume bat behar dugu. Emakume bilbotar bat behar dugu. Emakume bilbotar gazte bat. Gaztearena gero eta gutxiago. Azken batean, kupo bat. Emakume bertsolariok elkarren ordezkagarri bihurtu gaituzte horrela. Berdin du ni edo beste bat. ¨Zuk ezin baduzu deituko diozu beste edozeini, mesedez?”.
Seinalatu izan gaituzte: emakumeak zaretelako deitzen dizuete. Bestela hainbeste kantatuko zenuketela uste duzue? Mailarik ez duzue eta. (Azken hori esan barik esan digute). Sarri entzun behar izan dugu hori, guk geuk sinesteraino entzun ere. Zenbat herritara joan ote garen inpostorearen sindromeak jota. Emakumeak garelako, gu baino hobeak zirela sinetsita zeuden gizonekin kantatzera. Makina bat bider hartu dut neuk ere kotxea, burumakur, saio horretan kantatzea merezi ez dudala pentsatzen. Errudun sentitu izan naiz beste norbaiti (gizonen bati) lekua kentzen ariko nintzela uste izanda.
Emakume bertsolarien artean gaiotaz hizketan hasi ginenean konturatu ginen guztiok sentitu izan garela horrela noizbait. Seguru nago beste hainbat esparrutan ere gertatzen dela. Eskerrak egun batean bertsokide batek, haserre, hau esan zidan: «Eta haiek zer uste dute ba? Gizonak direlako daramatzate-eta hamarkadak oholtza gainean».
Pentsamendu hori gogora ekarri eta baietz erantzun diot emailari. Konbentzimendu handirik gabe baina “Bai, zeozer egingo dut”. Espektatiba handirik ez sortzeko moduan, badaezpada. Euskarazko zutabea idatziko dut. Eta orduan neure burua konbentzitzen ahalegindu naiz: ze arraio, besteek gaztelaniaz idazten dutelako idazten dute eta.