Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2021-01-21

Bolumena

Bolumena –

Mikrofonoak asmatu aurreko garaian, ahotsaren bolumena izan zitekeen bertsotarako aurrebaldintza. Isiltasunaren bolumena beti zaindu izan da bertsogintzan, txaloena baino gehiago axola zaigu, ziurrenik (biak dira bertsoaren lehengai, baina oparoago izaten da lehena). Bertso eskolan ere, azkar esan ziguten ozen kantatzeko (bularra puztuta eta paparra goian). Geroztik, ahotsa eta eztarria zaintzen ikasi nahi izan genuen, bertsoan zehar bolumenari tinko eusteko.

Bolumen fisikoari dagokionez, beti sumatu dugu ezin dela oholtza erdizka okupatu. Orduan eta espazio gutxiagorekin ausartu, orduan eta txikiago sentituko gara. Hobe bularra puztean eta paparra jasotzean hankak zabalik kokatzea mikrofonoan. Eserita zaudela ere, belaunak elkarrengandik apartatzea komeni. Okupatu bolumena, izan bolumena.

Pandemiak okupatu daitekeen bolumena erdira jaitsi duen honetan; oholtzan elkarrengandik gero eta urrunago gauden honetan; musukoak derrigorrezkoak diren honetan, bertsoak bolumena galdu du. Ez naiz galdu diren plazez edo espazioez ari, ez eta megafonia edo ahotsen ozentasunaz ere. Txanponaren beste aldeaz ari naiz, elkarren arteko bolumen fisiko minimoaz eta batez ere, xuxurlaz.

Xuxurla galdu du bertsolaritzak COVID garaian. Lerro militarretan sakabanatutako entzuleek ez dute gaia entzun osteko ideia lagunari kontatzerik, musukoaren atzean ezkutatutako aurpegiek ez dute ateraldi batek eragindako barrea konpartitzen uzten. Bertsolariok ere, ez daukagu atzean eserita saioaren inguruko iruzkinik egiterik (askotan, lagungarri zaiguna, konpainiatik harago giroari begira erabakiak hartzeko). Musukoaren atzetik elkar ulertzen ahalegintzen gara, bolumena igo eta bertsokidea oztopatu edo esatekoaz beste egin hautatuz etengabe. Gero zutitu, gaia entzun, mikrofonoa mugitu/edo ez, mozala erantzi eta doinua adosteko ere koreografia xelebreak antzezten ditugu, gehiegi gerturatu ez baina kideak xuxurlatzen duen doinua zein den antzeman nahian (zenbat bider hasi dugu saioa ondo entzun gabe eta lehen notetan ohartu ez zela hori…!).

Bertsolaritzak eutsi dio bere funtsezko izateari, komunikazio hori bermatzea lortu da. Baina hizki xeheko komunikazioa, paratestuala, keinuz egiten duguna eta batez ere xuxurla galdu ditugu; gure lana ez baita mikrofonoan abesten dugun horrekin bakarrik eraikitzen. Bolumen handi aforo-neurtuen garaiak ez dio tarterik utzi gure komunikazio modu oharkabe bezain garrantzitsuari. Garai txarrak dira bolumen baxuko hitzentzat. Niri garbigailua ataskatuko didate musukoan trabatutako xuxurlek.

Bolumena
Arg: Gorka Rubio, Foku (Argia)