Lujanbiotik Lujanbiora, nondik nora kanbioa
Lujanbiotik Lujanbiora –
Larraitz Ariznabarreta Garabieta, Sancho el Sabio aldizkarian.
Artikulu honek gogoeta egiten du bertsogintzak 1936tik gaur arte bete dituen funtzioen inguruan. Funtzio horien aldian aldiko agerraldietatik aztertzen da zein izan diren aldaketa nabarmenenak bertsoen artearen betekizun sozial eta kulturaletan: zer bide egin den bertsoak sortzearen herri-jarduera biluziaren praktikatik (bertsogintza) jardueraren inguruan eratu den mugimendu sozial hain arrakastatsura (bertsolaritza). Testuinguru horretan aztertzen dira, besteak beste, garaien eta ikusmoldeen bilakabidearen adierazgarri berezi modura, tradizionalki bertsoetan zirigai izan diren emakumeen irudikapenak, eta, kontrastean, azkenaldian generoaren gaiak irabaziz joan den presentzia.
Salan ez daukat ezer askorik; iya ustu zait ganbara:
nere bertsuak aituxe dira, orain gaztien txanda da.
Jose Manuel Lujanbio, Txirrita, 1936
Une egokia dirudi honek edonolako balantzeak egiteko. Izurri gaitzak hartu duenetik planeta osoa, gelditzera egin behar izan dute hainbat ekintza askotarikok, kutsatzeko arriskua murriztu edo atzeratu beharrez, eta horrek zuzen-zuzenean eragin die, besteak beste, jendaurreko zein jendarteko bertso-jardunei eta, haiekin batera, bertsolaritzaren inguruko mugimendu guztiari. Izurriteak zenbat eta nola iraungo duten, eta itxialdi orokorretik eta egokitzeko estrategietatik zer aterako den, geroak esango du. Guk, hemen, 2020 urte izurritu honetaraino bertsolaritzak (haren izaerak berak?) izan duen bilakabidea aztergai harturik, saiatuko gara zentzu bat ematen aldaketei, eta ahalbait lotzen garaian garaiko gizarte-testuinguruari.
Gogoeta egin nahi dugu bertsogintzak 1936tik gaur arte bete dituen funtzioen inguruan. Funtzio horiek aztertuz saiatuko gara zehazten zein izan diren aldaketa nabarmenenak bertsoen artearen betekizun sozial eta kulturaletan: zein bide egon den bertsoak sortzearen herri-jarduera biluziaren praktikatik (bertsogintza) jardueraren beraren inguruan eratu den mugimendu sozial hain arrakastatsura (bertsolaritza). Bestela esanda, nola aldatu diren kontuak Xenpelarren harako “debalde festa preparatzen det” hartatik azken txapelketek –besteak beste– betetzen duten “auto-ospakuntza” funtzio talde-egituratzaile ia mitiko-sakratura. Testuinguru horretan aztertuko dira, esate baterako, zirigai izan diren emakumeen aipuak, eta, kontrastean, azkenaldian generoaren gaiak hartu duen erreferentziazko lekua.
Bertsogintza bizitzako elementu izatetik apaingarri huts izatera pasatu zela zioen Antonio Zavalak Voicing the Moment liburuaren aitzinsolasean. Gizarteak ezagutu dituen aldaketez kexu, herri poesiaren “benetakotasun”aren galera salatu zuen, eta mundu-ikuskera baten testuinguruan aztertu kontua.