Bertsozale Elkarteak 2020aren balantzea egin du
Bertsozale Elkarteak 2020aren balantzea egin du –
Xenpelar Dokumentazio Zentroak jaso ditu bertso saioen inguruko datuak. 2019an bertsolaritzaren bueltan 1.121 ekitaldi egin ziren; 2020an 435 egingo direla aurreikusten da.
Eragin handiena, libreko saioetan
Segurtasun arauen neurrira egokitutako saioek ondorioak handiagoak eragin dizkie bertso saio mota batzuei, lagunarteko eta libreko saioei kasu. Saio hauek osatzen dute bertso plazaren zati handiena: otorduetan edo mahai-inguruan egiten direnak eta gai jartzailerik gabe bertsolariek ikus-entzuleengandik gertu egiten dituztenak. Aurten, %58 jaitsi dira lehenak, eta %86 bigarrenak.
%58 eta %86 jaitsi dira lagunarteko eta libreko saioak
Jaialdiak – bertsolariak oholtzan eta haien aurrean ikus-entzuleak – izan dira egoerari ondoen eutsi diotenak, Bertsozale Elkarteak adierazi duenaren arabera: “nahiz eta iaz baino gutxiago izan diren (138 egin dira, %37 gutxiago), lagunartekoen eta librekoen ordezko ere izan dira, hauek egiteko baldintzak ez egonda”.
Lanku Kultur Zerbitzuetan ondorioak
Lanku Kultur Zerbitzuak enpresa ERTEn egon da udaberrian, arestian aipatutako testuinguaren ondorioz. Xenpelar Dokumentazio Zentroko datuen arabera saio gehiago egin ziren ohituraz lasaiagoak diren lehen bi hilabeteetan.
“Bertso-eskola edota bertsozale talde bat dagoen herrietan eutsi zaie, bereziki, bertso saioei, eta Bertsozale Elkarteak herriz herriko bertso-eskolen eta antolatzaileen lana balioan jarri nahi du, zailtasun guztien gainetik ekitaldiak gauzatzeko ekina eta eginahala handia izan delako”, adierazi du Bertsozale Elkarteak.