Kazetari beteranoen begirada: Joxe Mari Iriondo

Argazkiak: Conny Beyreuther

Joxe Mari Iriondo –

 

Joxe Mari Iriondo

 

Kazetari beteranoaren begiradak ziento bat istorio gordetzen ditu, garai batean biharamunean kontatzeko jaso eta inoiz ahaztu gabekoak. Baita kontatu gabekoak ere, bidean egindako zauriren batekin batera. Kazetari beteranoaren begiradak asko ikusi duenaren zorroztasuna izan ohi du, eta beste norbaiti oharkabean pasatu zaizkionak argitara ekartzeko berezko sena.

Joxe Mari Iriondori, Nikolas Aldairi, Joxean Agirreri eta Joxerra Garziari egindako elkarrizketa bana[1] jasotzen dira jarraian, irizpidetzat beterania hartzen duen hurrenkeran. Bertsolaritzari buruzko kazetaritza da aitzakia, baina zeharka bertsolaritzaren azken hamarkadetako historiaz hitz egiten da. Beteranoenetik hasita jarri dugu hurrenkera.

[1] 2017an ‘Bertsolaritzaren historia: hedabideratzea, eragiletza eta proiektua (1823-2018)’  tesirako egindako elkarrizketen bertsio laburtua dira.

 


 

JOXE MARI IRIONDO: Elkartearen sorrera guretzat lasaitasun bat izan zen”

 

Loiola Irratian, Telenorten, Euskadi Irratian eta ETBn ibilitakoa besteak beste, eta Euskadi Irratiko eta ETB1eko zuzendari izandakoa. Loiola Irratiko hainbat programatan hasi zen bertsolaritzari tarte bat egiten, txapelketak zuzenean emititzen eta bertsolari gazteen irratiko sariketa antolatzen. Irratian, bertsolaritzari buruzko eredu garatu bat estreinatu zuen. Gai-jartzaile eta aurkezle ibilbide luze eta oparokoa, eta eragiletzan ere aritu izan da, besteak beste, Euskaltzaindiaren eskutik, 1980ko eta 1982ko txapelketen antolakuntzan. Bertsolariei buruzko hainbat lan argitaratu ditu Auspoa sailean.

Historia bizia da Iriondo. Bertsolaritzaren historia, 60-70 hamarkadetako mugimendu euskaltzalearen historia eta 80-90 hamarkadetako kulturgintza instituzionalagoaren historia. Izen abizenekin, data zehatzekin, gertakari garrantzitsuenen eta pasadizo kuriosoen inguruko iruzkin xehea topatzen du segundo erdi batean kokotean daukan artxibo harrigarrian. Estilo liburuek gehienez ere ordu t’erdiko elkarrizketa gomendatzen dute, baina ordu t’erdi horretan ez gara galdetegiaren erdiraino ere iritsi. Bazkaltzera etxera joan beharra duenez bigarren hitzordua jarri behar izan dugu Zarautzko Euromarren eta pendrive batean dakartzan dokumentu mordo batekin bueltatu da bazkalondoan. Bost orduko elkarrizketaren laburpena da jarraian datorrena.

Bokazioa eta hastapenak

 

Bertsoarekiko zaletasuna nondik zertorkizun?

Bertsolariak lehenengoz Aratz-Errekan ikusi nituen, San Isidrotan, zortzi-bederatzi urte nituela. Sakristiako bi balkoitan Txapel eta Joxe Lizaso ari ziren. Hango umeek hurrengo egunetan jolas hori egin genuen etxe batetik bestera, atetik atera. Handik aurrera beti izan dut bertsolaritzaren mirespen bete hori.

Bertso zaharrak ere entzuten genituen, Santa Genobebarenak esaterako. Gero, Gabirian ikasle nerabe nintzela, irakasleen liburutegian Basarriren bertsoak topatu nituen Zarauzko Kulixkak ateratakoak. Bere entzutea banuen lehendik ere, Ameriketan geneukan osaba baten bidez. Liburua irakurri eta guztia eskuz kopiatu eta buruz ikasi nuen. Oraindik ere gai naiz bertso haietako batzuk buruz kantatzeko… Liburu hura deskubritu nuenetik Basarriren idatziak eta irratian egiten zuen lana oso-osorik jarraitzen nituen.

Gero, Koldo Sarasola irakasle pasiotarrak erakutsi zidan silabak kontatuz bertsoak nola neurtu, eta bertso batzuk jartzen hasi nintzen. Zuzendarien urtebetetzea zela eta abar, eskatu egiten zizkidaten. Trikiti kopla batzuk ere egin nituen, erreakzionario samarrak, emakumeen pinturen kontra eta gisakoekin…

Aurrerago, soldaduskan nengoela, Txapelen seme Migel zen Azpeitiko Olatz aldizkariko zuzendaria eta bertsoak eskatu ohi zizkidan. Dozena erdi bat sail bidali nion. Edo Gabiriatik Eguberrietan etxera idatzi nuen lehenengo karta ere, koplatan idatzi nuen. Gordeta daukat gutun hori. Kopla kaskarrak dira, baina gustatzen zaizkit.

Eta kazetaritzarako zaletasuna?

Ni Aitzumarriagan bizi nintzen gure ama zena hil zenetik, baina gure jaiotetxean irratia zeukaten eta liluratu egiten ninduen. Gogoan daukat behin lubizi batek Errezilen baserri bat azpian hartu zuela eta hildakoak izan zirela entzun nuela, eta lo egin ezinik aparatuari begira pasatu nuela gaua, handik lau pertsonak nola hitz egin zezaketen asmatu ezinik.

Gabirian, bestalde, Euskara ikasgaia geneukan eta hilean behin idatzi bat egiten genuen. Idatzi horietako batekin, Noiz amatxo?ipuinarekin, Agora saria irabazi nuen Donostian, eta Orixek argitaratu egin zuen Euzko-Gogoan. Idazteko harra orduan sartu zitzaidan.

Ikasketak buruturikoan, aurrezki kutxa edo banku baterako prestatu nintzen, eta bi oposizio irabazi ere bai. Baina irratiaren aukera egin nuen soldaduskatik itzultzean. Izan ere, Afrikan soldaduska egiten ari nintzela, Radio Juventud de Sidi Ifniren barrunbea ezagutu nuen, kasualitatez, eta enamoratu egin nintzen, lehenaz gainera.

Nola hasi zinen Loiolako Herri Irratian?

Soldaduskan nengoela andregaiak Loiolako Herri Irratia irekitzekotan zirela eta jende bila zebiltzala kontatu zidan eskutitz batean. Eta bueltatu bezain pronto, 1961eko abuztuan, bankura lanera beharrean irratira jo nuen lan eske. Administrazioa eramaten eta horrelakoetan jarri ninduten hasieran, baina hilabete gutxira Juan Lekuona zuzendari jarri zenean, galdetu zidan ea ausartuko nintzen ordura arte Luis Terrado Mayorrek gazteleraz egiten zuen Beti-Jai programa euskaraz egiten. 

Beti Jai izan zen hainbat urtetan gidatu zenuen programa erreferentziala.

Beste irratsaio asko ere egin nuen Loiolan, baina Beti Jai-ren arrastoa gelditu da, bereziki. Magazine bat zen; 1962ko azaroan hasi nintzen eta, 1983ko martxoaren 30ean Loiolatik despeditu nintzen arte, astero-astero egin genuen: euskal kantu berriak, nik astero idatzi eta irratiko langileen artean antzezten genuen, asteburuko agenda, ebanjelioari buruzko hitzaldia igandeetan aita Patxi Altunak… 21:00etatik 22:00etara egiten genuen, horixe zen eta irratiko benetako Prime Timea.

Loiola Irratian garaturiko eredua

 

Bertsolaritzari zer tarte eskaintzen zenion?

Eusebio Eizmendi Txapel zen ezagutzen nuen bertsolari bakarra. Eskatu nion eta hiru-lau egunera agertu zitzaidan ‘Jarri alkahuetea martxan’ esanez. Zazpi bertso kantatu zizkidan Gernikako arbola gai hartuta. Irratiz eman eta, badaezpada ere, zinta etxera eraman nuen. Denuntzia izan zen, baina zintarik ez zutenez topatu, libre.

Txapelen bidez, hiru azpeitiarrak etorri ziren ondoren. Eta, gero, aurrez gaia emanda moldatzen ziren mordoa zeuden inguruetan eta horrela jarraitu genuen. Hamar-hamabi minutuko tartea izaten zen, beti bakarka, eta aurrez grabatuta.

Programa gehiagotan ere sartzen zenuen bertsoa?

Astean zehar, albistegi eta bestelako irratsaioetan ere begirunez tratatzen genituen bertsolarien gaiak, eta han-hemen jasotako bertso saioak eman. Edo Saski-Naski irratsaioan, adibidez, igande goiz-eguerdietan, beti emititzen ziren bertsoak.

Bertsolariei eginiko elkarrizketarik emititzen zenuten?

Bai, bertso saioen ondorenetan grabatzen nituen normalean. Elkarrizketak ia beti kanpoan, beren giroan. Asko. Grundig handia hankartean hartu eta nire Vespan ibiltzen nintzen.

Txapelketei zer jarraipen egiten zenieten?

1962ko Bertsolarien Txapelketa nagusiaren finala, eta 1965eko nahiz 1967ko final aurrekoak eta finala zuzenean eman genituen.

Ez zen lan erraza. 1962koan baimena eskatu genion, zuzendariak esanda, Euskaltzaindiari. Inazio Maria Etxaide zen buru, integrista bat, Aste Santuan etxeko oilategian oiloak eta oilarrak aparte jartzen omen zituena, eta jokoz kanpo harrapatu genituen; ez zekiten zer erantzun. Ordurako, justu ezagututa nengoen Antonio Zavala, banekien Arrue, Asteasu Beltza, ezagutzen zuela eta, harekin hitz egin ondoren, baietz erantzun zidaten. Erregimeneko gizona zen Arrue, baina sui generis samarra, karlista foruzalea zelako. Euskara eta bertsolaritza maite zituen eta oso hiztun ona zen… Información y Turismotik gai guztien zerrenda behar zutela esanez etorri zitzaizkigun, ordea, hurrena. Jakina, gairik ez geneukan, txapelketa Euskaltzaindiak antolatzen zuen… Berriro ere Arruek lortu zuen traba hori gainditzea.

Egunero Informacion y Turismori gidoiak bidali behar izaten genizkion. Probintziakoak izanda, bentaja autobusean bidaltzen genituela, eta erantzuna zetorrenerako jada emitituta zegoela…

Pentsatzen dut txapelketetan ere egingo zenituztela elkarrizketak eta iruzkinak.

Irabazlearekin beti egin ohi genituen elkarrizketak. Eta, ahal genuela, gehiago ere bai…

Pena daukat ez nintzelako ausartu 1967ko final ostean Xalbador elkarrizketatzen. Ez nintzen kazetari bezala portatu egoera hartan. Hain egoera surrealista zen hura… Ez nekien txistuak disimulatu irratirako ala ez. Erabaki nuen komentarioekin ateratzea, ‘ikaragarri gogorra da hau, zer pasatu behar du’. Beti izan dut nire ausardiaren muga horren damua. Nik errespetu handia edo handiegia izan diet bertsolariei. Haiek neuri baino handiagoa, seguruenik.

Badaukazu gogoan bereziki gustura utzi zintuen saio edo elkarrizketaren bat?

Xalbadorrek azkena egindako elkarrizketa, nirekin izan zen, 76an Xenpelar saria irabazi zuenean, Donostian. Begitik operatuta zegoen, eta “Farolak konpodu dizkidate baina moto zaharrak motorra gaizki badauka, alferrik”, esan zidan.

Jubilatu nintzenean, Azpeitiko Uztarrian galdetu zidaten zenbat elkarrizketa izango ziren nire ibilbidean zehar egindakoak. 4.000, esan nien, baina 8.000 ere izango dira. Horien artean aukeratzea… Gehien sufrituarazi zidana 62an Uztapidek txapela irabazi zuenean egin niona izan zen. Bere etxera joan nintzen eta planteatu nion bost bat galdera bertsotan erantzutearen ideia. Galdera egiten nion, hasten zen bertsoak idazten eta ezin idatzi. Zenbat sufritu zuen, eta nik ere bai.

Dialari errepasoa

Zeuek zineten txapelketak eskaintzen zituen kate bakarra edo bazegoen gehiago?

Gogora datorkidan bakarra 1965ekoa da. Lotsagarria izan zen. Donostiako Radio Popularrak Hernaniko Aitor Zineman egin zen saiora Luis Mari Bereziartua euskalduna eta Onofre Gomez Nisa izeneko galego bat, frankista totala, bidali zituen, eta geuk hartuta geneukan tokian jarri nahi izan zuten. Bertsoen ondoren erdarazko komentarioak egiten zituzten…

Txapelketatik kanpo zer emititzen zuten gainerako irrati-kateek?

Inoiz edo behin Segurak edo Arratek bertsoak ematen zituzten. Horretarako jarraipen finkorik gabe, ordea. Bizpahiru laguneko enpresak ziren eta gu hamazortzi ginen.

La Voz de Guipúzcoak ez zuen sekula ezer egin Basarri, Oñatibia, Zurutuza eta horiek egiten zuten irratsaiotik aparte. RNE-k eta Radio San Sebastianek, ezta hori ere. Donostiako Herri Irratia 1972tik aurrera hasi zen taxuzko zerbait egiten, gurekin bat egiten zuenetik. Aldai, Zubizarreta eta horiek ere orduan hasi ziren.

1970eko hamarkadan, Bilboko Herri Irratian, Pedro Mari Goikoetxeak ere eskaintzen zuen bertso tartea. Herrietako saioak grabatzera joaten zen eta tratua egin genuen trukerako.

Zu hasi aurretik irratian bertsoaren inguruan zer egin izan zen arrastorik topatu duzu?

Euskarazko lehen irratsaioak Union Radion Zubimendi eta Luzearrek gerra aurretik egindakoak dira, eta han, bertsotan ibili ziren Basarri eta Matxin Irabola. Ez ziren grabatzen, baina garaiko La Voz de Guipúzcoan iragartzen ziren saioen edukiak.

Gerra ondoren, 1949an hasi ziren berriro Basarri eta horiek Radio San Sebastianen. Agricultura y Pesca-ko Aldundiko Roke Aranbarri Epeldek ireki zien atea, Alianza Popularren sortzaileetakoa izango zena gero. Horren aktak daude Gipuzkoako Diputazioan. Esaten du Aranbarrik baserritarrak abandonatuta dauzkatela eta irratian zerbait egin beharko litzatekeela euskaraz. Jose Artetxe, Basarri, Maria Dolores Agirre eta abarrek egiten zuten astean ordubete. Basarrik Nire Bordatxotik egiten zuen hor, apustuak eta kultura, eta albiste bakoitza bertsoekin bukatu.

1959an, La Voz de Guipúzcoara pasatu ziren, ‘Movimiento’ko irrati katera. Talde bera, eta oso antzeko programa: Agirrek, etxekoandreentzat gauzak; Zurutuzak eta Oñatibiak, antzerki moduko bat baserritar ezjakinarena eta beterinario jakintsuarena eginez, baserritarrentzat albisteak; eta Basarriren zutabea.

Radio Parisek 1958an zuzenean emandako saio bat ere badago. Teodoro Hernandorenak antolatu zuen sariketa Parisko Euskal Etxean. Horko grabazioa Jokin Zaitegik egin zuen lehenengoetako zintetan. Gero, Euskaltzaindian entregatu zituen zintak, eta San Martinek edo Irigoienek hartu zituen, Eganen zenbaki batean argitaratu zen transkripzioa egiteko. Teorian, San Martinen fondoan, GFAan, edo Irigoienenean, BFAan, egon behar dute zinta horiek.

Loiola Irratiko bertsolari gazteen sariketa

 

Nola sortu zen bertsolari gazteen sariketa?

Liga txiki bat egin eta bozketak entzuleek karta bidez egin zitzaketela bururatu zitzaigun irratian. Joxe Agirre Alkiza apaizak Onena pentsuen babesletza ekarri zuen, Biona pentsuena lotu genuen guk, eta bozkatuz parte hartuko zuten entzuleentzako sari bat lotzea erabaki genuen. Fagor etxeko Lorentzo Peñak, enteratu zenean euskaraz egin nahi genuela publizitatea, sukalde oso bat jarri zuten irabazlearentzat.

Sei bertsolarirekin astero buruz burukoa antolatuz aurrera egitea erabaki genuen. Astean ehunen bat eskutitz iritsiko ote ziren esperantza geneukan, eta ia mila iritsi zitzaizkigun lehen astean. Lekuonak zioen: “Pero, ¿estos chavales tienen tanta capacidad de convocatoria?”. Harrituta geu ere. Mundu bat ireki zitzaigun.

Beste bost saio egin genituen ligaren baitan, egunero jendearen parte hartzea eskatzen zuten iragarki laburrak aireratuz, larunbatero aurreko asteko emaitza argituz, eta 10.000 eskutitz iritsi zitzaizkigun guztira, asko eta asko euren boza bertsotan ematen zutenak. Loiolatxoko soziedadean bazegoen tablatu bat, bete-bete egiten zen eta han grabatzen genuen igandero 11:00etatik 12:00etara, gero irratian 13:00etatik 14:00etara emateko.

Finala Azpeitiko Zelaitxo antzokian egin genuen, maiatzaren baukaeran. Ligan aritu ziren sei bertsolariek hartu zuten parte, baina bi bozkatuenen artean aukeratu behar zuen epaimahaiak.

Entzule bakoitzari hastean boto bakarreko topea jarri behar zitzaiola ere ikasi genuen. Entzule batek Jauregiren alde berak kantatu aurretik 600 boto bildu zituen Orion, letra berdinarekin eta matasellos berdinarekin. Bigarren gelditzera zihoan eta uko eginarazi genion.

Garmendiak irabazi zuen. Eta izandako arrakasta ikusita, urtero antolatzea erabaki genuen.

Zenbat antolatu zenituzten? Bukaeran boikot bat egon zela ere irakurri izan dizut.

1972ra arte antolatu genuen. 1966an ezin izan zen egin irratia itxita zegoelako. 1965eko udan itxi zuen gobernadoreak eta urtebete egin zuen itxita. 1970ean ere ezin izan zen egin Gipuzkoa Salbuespen egoeran zegoelako, eta 1973an ere, berdin. Boikotarena 1974an izan zen.

Urte hartan, lehen aldiz, partaideak entzuleek aukeratzeko bozketa bat jarri genuen martxan aurretik. Zortzi bozkatuenekin egitea erabaki genuen, baina aukeratuei deika hasi ginenean, Sebastian Lizaso izan zen ezezkoa eman zigun lehenengoa. Aittolak Sebastianekin bat egin zuen eta, gero, goierritarrek. Ematen zuten lehen arrazoia zen ez zeudela sartuta bertsolari gazte guztiak, alegia, ‘denak ala inor ez’. Baina hori ezinezkoa zen guretzat, handiegia esku artean geneukan liga formatuan egiteko. Bestalde, bestelako formatu batekin ezinezkoa zitzaigun entzuleen bozketak bideratzea, azpiegiturarik ere ez geneukan bertsolari askoren arteko saio asko antolatzeko… Bigarren arrazoi bat ere gaineratu zuten orduan: ‘Gure herria borrokan ari den bitartean, bizi den egoera politiko eta sozialarekin, horrelako lehiaketa batean parte hartzea fribolitate bat da’. Orixe saria, Añorgan; Osinalde Saria, Gabirian, Murua eta Igartzabalek antolatua… horiek ere garai hartan martxan zeuden, baina ez zitzaizkien fribolitate iruditzen. Horrela bukatu zen gurea. Min handia eman zidan hark.

Aldizkariaren proiektua Markinan

Irakurri dut bertsolariek urtero Markinan egiten zuten Bertsolarien Batzarretako batean Bertsolari izeneko aldizkari bat martxan jartzeko proiektua aurkeztu zenuela.

Urtero pare bat hitzaldi antolatzen ziren Markinako batzar haietan, urte hartan niri eskatu zidaten, eta planteamendu horrekin joan nintzen.

Aurreko astean Santi Onaindiak bertsolaritzari buruzko liburua atera zuen. Elkarrizketa bat egitera joan nintzen irratirako, eta aldizkariarena bota nion. “Lehengo Bertsolariyaren bidetik Bertsolari izeneko aldizkari bat egingo balitz?” 1.000 soziorekin, huskeria bat ordainduz, ateratzeko modua ikusten nuen. Gainera, Onaindiak erraztasun handiak zituen inprimatzeko. Diru-laguntza publikoren bat lortzeko modua ere egin genezakeen.

Zuzendari zein izan daiteke? Eta, hasteko behintzat, bera eskaini zen. Markinako bileran, bada, proiektua aurkeztu nien bertsolariei: aldizkari horretan artikulu batzuk joango ziren, baina batez ere bertso hautatuak. Horretarako, Gipuzkoatik bost bat orri betetzeko prest ni, saioetan grabatzen nuenetik, eta Bizkaian beste hainbeste egiteko prest izango zela Pedro Mari Goikoetxea. Aipatu nien zuzendaritza aita Onaindiak hartuko zukeela, euskara batura joko genukeela ere bai. Eta artikuluak bakoitzak nahi zuen euskaran egin ahalko zituela.

Esango nuke hilabetekaria edo bihilabetekaria egitea zela asmoa. Sinadurak, berriz, bertsolarien artean, medioetan publikatu izan zutenak: Lopategi, Muniategi, Basarri, Iparraldekoak… Eta noizean behin artikuluren bat idazteko animatuko liratekeen Antonio Zavala, Juan San Martin…

Zergatik ez zen aurrera atera?

Proiektuaren defendatzaile nagusiak Prudentzio Egiguren Artañola errezildarra eta neu izan ginen, eta aita Migel Mari Juaristi. Baina ez zen beste gestiorik egin, eta hartan ito zen ordukoz… Bertsolariek berek ere ez zuten berotasun handirik erakutsi…

Hitzaldia eman, bazkaldu eta bazkalondoan, zein animatzen da? Inortxo ere ez. Bakarrik gelditu nintzen. Donde no hay mata no hay patata, izan zen nire sentsazioa. Etxera bidean Prudentzio Egiguren Artañolari galdetu nion zer iruditu zitzaion, eta esan zidan: “Joxe Mari, ez hadi alferrik nekatu”.

Gerora, Santi Onaindiarekin bildu nintzen gertaturikoa azaltzeko eta esan zidan: “Zergatik ez duzu aurrera egiten?”. Eta erantzun nion: “Batetik, ez daukat astirik; bestetik, ez da nire eginkizuna; eta, azkenik, honetarako bertsolariak inplikatu beharko lirateke”. Horretan gelditu zen dena.

Gero Principe de Vianak bertsolaritzari eskaini zion atal batek hartu zuen nolabait proiektu horren lekukoa, ezta?

Egia esan ez dakit nola izan zen hori. Dena dela Principe de Vianak lan ederra egin zuen, Mariano Izeta eta abarren bultzadari esker. Jose Mari Satrustegi ere laguntzaile ona izan zen. Baina zabalkunde eta indar txikia zuen aldizkari horrek, Gipuzkoan eta Bizkaian behintzat.

1960ko eta 1970eko hamarkadetako giroa

 

Ez Dok Amairuren sorreran egon zinen, bai ideiari forma eman ziotenen artean eta baita abeslarien kantuak irratian grabatuz eta emitituz, edo emanaldien antolatzaile nahiz aurkezle gisa. Bertsolarien mundua eta euskal kantagintza berriarena ongi ezagutu zenituen. Zenbaterainoko harremana zegoen batzuen eta besteen artean?

Bertso saio asko egin ziren taldeko kideen jaialdien osagarri. Lurdes Iriondoren osagarri, edo Lurdes eta Xabierren jaialdien osagarri. Benito eta Mikelen osagarri, gutxiago. Ez Dok Amairu talde bezala aritzen zenean, nik behintzat ez dut gogoratzen bertsolariekin aritzen zirenik. Nestor Basterretxea eta Larruquerten Pelotari, Ama Lur, Alquerzar eta horrelakoak bai eman ziren jaialdien osagarri, baina bertsolaririk ez.

Zein izan ziren Ez Dok Amairukoekin harreman gehien izan zuten bertsolariak?

Joxanton Artze, Xabier Lete eta besteren bat kenduta, ez dut uste benetako harremanik izan zenik bertsolarien eta taldearen artean. Letek estimu handia zien bertsolariei. Urnietan urtero egiten zen San Migeletako bertso saioa antolatzen Xabier ibili zen asko… Bertsolarien aldetik, berriz, Euskal Kantagintza Berriarekin harreman gehiena izan zutenak Azpillaga eta Lopategi izango ziren.

Gehiago ikusten zena bertsolari eta trikitilarien arteko harremana zen. 1950eko hamarkada bukaeratik dezente ibili ziren Basarri eta Uztapide soinujoleekin. Soinu handiarekin ibiltzen ziren Angiozarko Itsuarekin eta Pepe Yanzirekin batez ere. Eta aurkezten ia beti, Pello Kirten. Bizkaian, berriz, Txomin del Regato jartzen zuten emanaldi hauen aurkezle, baserritar arlotearena egiten.

Dagoeneko aipatu dituzu bertsolaritzaren inguruko zentsura eta debeku batzuk. Puntu hau gehiago zabaltzerik bai?

Gipuzkoan, Salbuespen Egoeran ez zegoen bertso jaialdirik. Debekaturik egon ziren Lurdes, Xabier, Benito eta Mikel ere. Eta bolada batzuetan Bizkaira joatea ere debekatua zuten Gipuzkoako bertsolariek.

Kasu konkretuak oroitzen hasita, 1972ko apirilaren 30ean, Donostiako Anoeta pilotalekuan Zeruko Argiaren alde egin genuen jaialdia datorkit burura. Egun hartan gelditu zen Uztapide mutututa, eta, laster, erretiroa hartu behar izan zuen. Uztapide bera, Joxe Lizaso, Gorrotxategi, Azpillaga eta neuri isuna ezarri ziguten. Gaia zera zen: “Odolkiak ordainetan”, eta itzulpena egiterakoan, “una tradición antiquísima en el país” jarri nuen. Uztapide zen hasten, eta “nola egingo ditugu ba odolki onak, zerririk haundienak Madrilen daude eta”, bota zuen, eta Lizaso-Gorrotxategi-Azpillagak bide berdinari jarraitu zioten. Garai hartan, Carlos Claveria zen Gipuzkoako Delegacion y Turismoko buru zebilena, eta ez zen inor bakean uztekoa.  Ez dut esango nor zen, baina badakit “txibatazoa” zein “euskaldun jatorrek” sinatu zuen bakoitzarentzat berrehun pezetako isuna proposatuz.

Zarautzen egin zen bertso jaialdi batean, Iparraldetik Mattin eta Xalbador etorri eta Xalbadorri ez zion kantatzen utzi Guardia Zibilak. Edo Lazkao Txikiren pasadizo ezaguna Getariako saio batera bidean gertatua. “¿A donde van, y a qué?”– Guardia Zibilak. “A cantar”- Lazkao Txikik. “¿A cantar qué?”. “Ah, eso no sabemos”. “Pues menudos cantaores son ustedes que no saben qué van a cantar”.

Giro aldrebes horretan lan egitea nekeza suertatuko zitzaizun.

Bai, kontu handiarekin ibili beharra zegoen. Kantariekin ere hainbat arazo izan genuen irratian.  Zenbat aldiz joan gidoiarekin eta abestiekin Información y Turismok Andia kaleko hirugarren pisuan zuen bulegora, Lasarteko neskazahar lotsagabe batek hartzen zizkigun, eta “vuelva mañana” beti…  Conjuntos y cantantes recomendados zerrenda ere bidaltzen ziguten…

Gaurdia Zibilarekin arazoak izan genituen Arrasateko jaialdi batean ere. Pantxoa eta Peioren kontzertu bat antolatu genuen Gurea aretoan, eta bertara sartu zen dozena erdi bat guardia  “tienen cinco minutos para desalojar la sala!” oihukatuz. Lau minutu sobratu zitzaizkigun. Mondragoiko kuarteleko teniente gazte bat zuten buru, eta Gipuzkoan kuartel hau egin zen ezagunena bere ankerkeriagatik. Bizkaian, berriz, Durango, Santutxu eta Ondarroako kuartelak ziren famatuenak.

…Bergaran, Pentekostesetako jaialdi baterako, amerikanoek arraza berezi bat egin nahi zutela eta tipo puntakoenen haziekin banku bat egiten ari zirela zebilen egunkarietan. Eta gaia jarri nien esanez Lopategi zebilela puntako har horiek aukeratzen, eta Joxe Agirre izan zela aukeratuetariko bat. Oso saio polita egin zuten. Bada, hurrengo egunean, kristorena eta biko artikulua La Voz de Españan gai-jartzaile eta bertsolarien moralitate falta aipatuz. Egunak egin nituen multaren baten edo salaketa ofizialen baten zain, baina hartan pasatu zen hura.

‘Telenorte’n eta txapelketen antolaketan

 

1975ean, Herri Irratia utzi gabe, TVEko Telenorten hasi zinen lanean.

1975eko abuztuaren 20an deitu ninduten bilera batera, Manu Oñatibiak eta Jose Mari Etxebestek, norbaitek esan omen ziela nirekin kontatzeko. Euskalerria zen egokitu zidaten saioa. Astean behin zen eta ostegunak hartu ohi nituen horretarako. Gero, larunbat arratsaldeetan aritu izan nintzen elkarrizketa eta erreportaje batzuk egiten… A fondo, el hombre izenarekin emititu ohi ziren.

Saio horietan eskaini zenion tarterik bertsolaritzari?

Bai, Euskalerria-n, albisteak. Elkarrizketak gehiago, A fondo, el hombre horretan: Basarri, Uztapide, Hernandorena, Kepa Enbeita, Lopategi… Amuriza txapeldun bezala eraman nuen 1980an, eta bertsoak bota zituen elkarrizketaren bukaeran… 40 minutuko emisioa zen. Konpromisoa zen erdaraz eta euskaraz egitekoa, eta nik orduan egiten nuen hasieran lau lineako aurkezpena erdaraz eta beste dena euskaraz. Koloretan zen. Pena, dena galdu dela.

1980ko hamarkada hasierako txapelketa nagusiak eman zenituzten?

1982ko finala bi kamerarekin grabatu genuen osorik, zeluloidean, eta astelehen eta astearte osoa hartu nituen postprodukzioa egiteko, teknikari baten laguntzarekin. Ordubeteko emanaldia eskaini genuen, laburpen bat.

Tamalez, ez dut uste Telenortek artxibatu ere egin zuenik hainbat kosta zitzaigun saio hura.

Txapelketen antolaketan ere ibili zinen Euskaltzaindiak 1980ko hamarkada hasieran antolatu zituenetan.

Antton Haranburu eta biok izan ginen, 1978an, Euskaltzaindiaren Ahozko Literatura Batzordean proposatu genuenak. Juan Mari Lekuona, Joxe Mari Aranalde, Jesus Mari Etxezarreta, Antonio Zavala eta abar zeuden batzorde horretan, eta balekoa eman ziguten. Lekuonak zuzendaritzan aurkeztu zuen proposamena, eta han ere, aurrera.

1980koa horrela atera zen, Haranburu eta biok kamikaze batzuk bezala lana eginda. Amurizak sorpresa polita eman zuen, eta hiru urtean behin egitea erabaki zen. 1982koa ere antzera joan zen. Eta eskolarteko bertsolari gaztetxoen txapelketa ere jarri genuen martxan.

1985ean, Txapelketa Nagusia antolatzeko talde bera jarri ginen lanera: Aranalde, Lekuona, San Martin, Irigoien, Juanjo Zearreta, Iñaki Behobide, Etxezarreta, Haranburu… Oinarriak egin, bertsolariak konbokatu Loiolako Kiruri jatetxean, eta problemak jartzen hasi ziren. Lehen bilera hartan, esango nuke Lopategi izan zela epaimahaian bizkaitar gutxi zegoela eta planto egin zuena. Hurrengo bilerarako, talde handi samarra zegoen ezezkoan. Euskaltzaindiak dirua ateratzen zuela zioten, baina guk ez geneukan Jaurlaritzaren, diputazioen, udalen eta abarren laguntzarik, sarreretatik egiten genuen dena. Hori entzun eta erabaki genuen, bale, antolatu zeuok txapelketa. Euskaltzaindiari esan zitzaion eginkizun hura bertsolarien esku uzten zela eta hortxe bukatu ziren Euskaltzaindiaren txapelketak.

Minduta utziko zintuen horrek ere.

Ez pentsa. Elkartearen sorrera guretzat lasaitasun bat izan zen. Sartuta nenbilen gai batzordean, administrazio batzordean, antolakuntza batzordean, aurkezle… Eta xentimo bat kobratu gabe gehienetan. Urtean zenbat egun etxetik kanpora, zer neke… Etorri zirenean, nik sentitu nuen: “Guk egin dugu zerbait, ahal genuena, eta orain etor daitezela beste batzuk”. Ikaragarrizko lasaitua hartu nuen.

Antton Haranburuk ere berdin esango dizu. Logikoena euren eskuetan gelditzea zen. Beste ezer ez zegoen garaian Euskaltzaindiak egiteak bazuen bere logika, baina gerora, eurek hartu nahi bazuten, eurek hartzea logikoena.

Bertsoa Euskadi Irratian

 

1983an EiTBn hasten zara lanean, Herri Irratia utzita. 1985ean, ETBko zuzendari izendatu zintuzten. 1989tik 1998ra bitartean, EiTBko irratietako burua izan zinen. Pentsatzen dut, ardura kargu horiek izanda, bertso kontuak uztea tokatuko zitzaizula.

Bai, aurkezle eta gai-jartzaile lanak asko jaitsi nituen 1985etik aurrera, ez neukalako batetik bestera horrela ibiltzeko astirik. Ondorioz, grabatzeari ere utzi nion. Eta eragiletza ere Elkarteak bere gain hartu zuenez, beste distantzia batetik hasi nintzen bizitzen bertsolaritza.

Bi hamarkada luze egin zenituen erakunde publikoan. Bertsolaritzaz egiten zenari jarraipena egiten zenion?

Bai, bai. Beti interesatu izan zait gaia, eta normalean banekien etxe barruan gaiaren inguruan zer egosten zen.

Euskadi Irratian, esaterako, zein izan ziren bertsolaritzari buruzko eskaintzaren gako nagusiak 1980ko hamarkadan?

Joxerra Garziak eta Pello Zabaletak Sorginen afaria programa egiten zuten, eta, astean behin, bertsolaritzari buruzkoa izaten zen. Fernando Amezketarra izeneko txapelketa ere antolatu zuten, pixka bat guk Loiola Irratian antolatu izan genuenaren traza batzuk bazituena. Programa polita egiten zuten eta arrakasta handia izan zuen. Oroitzen dut Zabaleta oso idazle ona zela, euskaldun bikaina.

Antton Haranburuk ere egin zuen ekarpen zelebreren bat. Gogoratzen naiz informatiboak bertsotan eman behar zirela tematu zela bolada batean, eta bat baino gehiago eman zutela horrela… Bertsotan konplikatua da informatibo bat, minutu bat behar da zortziko nagusi bat botatzeko, eta denbora gehiegi da hori informatibo batean. Bertso bidez eman daitekeen informazioa ere nahiko mugatua da… Euskadi Irratiaren oso hasieran izan zela esango nuke. Otermin zen irratiko buru orduan eta nahikoa pazientzia izan zuen.

Euskaltzaindiako Ahozko Literatura Batzordeko Aktak bertsotan jasotzen ere saiatu zen Haranburu. Artista izan da… Gogoratzen dut EiTBra pasatu aurretik Herri Irratiak eta Deiak bi bertsolari eta Haranburu bidali zituztela Andaluziara, Sevillara eta abar. Han ikusten zutenaren kronika bertsotan egin behar zuten bertsolariek irratirako, eta hitz lauz Haranburuk egunkarirako. Urte batean, Lazkao-Txiki eta Txomin Garmendia joan ziren. Beste urte batean, Lazkao-Txiki eta Patxi Etxeberria… Taulatu batean dantzan ibili zirela eta horrelako kontuak ekartzen zituzten… Gehitxo esatea izango da, baina  Haranburukeria bat izan zen.

Oso bertsozalea da. Gai jartzen ere ibiltzen zen asko garai batean. Gai jostariak jartzea gustatzen zitzaion. Ez zen gai-jartzaile makala.

Gero, galderara itzuliaz, Basarriri ere egin zitzaion tarte bat lehen urte haietan. La Voz de Guipúzcoakoan 1970eko hamarkadaraino jarraitu zuen, eta utzita zegoen urte batzuetan, baita pixka bat bajatzen hasita ere. Baina berriro Nire Bordatxotik eskaini zuen bolada luzean Euskadi Irratian, betiko eskema jarraituz.

Txapelketen jarraipena ere egingo zen.

1980 eta 1982koena ez, Euskadi Irratia oraindik martxan jarri gabe zegoelako, baina 1986tik aurrerako guztietan, jarraipen osoa: kanporaketak, finala, elkarrizketak, adituen iritziak…

Eta herrietan egiten zirenei ere jarraipena egiten zitzaien: Orixe saria, Añorgan; Osinalde saria, Gabirian; Artxanberri saria, Zaldibian eta abar.

Mujikaren artxiboa eskuratu ahal izan zuen Euskadi Irratiak.

Oterminen meritua izan zen hori. Segituan hasi zen gainera: 82ko azaroaren 30ean hasi zen Euskadi Irratia emititzen, eta 83an hasi zen Mujikaren atzetik. Sekulako aguantea dauka Oterminek. Oso ona izan da horretan, etsitzen ez duena.

Mujikak sare bat osotua zuen garai batean. Bera ez ezik, andrea eta beste mutil bat ere ibiltzen ziren grabatzen herriz herri. Jaso bai, baina ematea kosta egiten zitzaion. Gogoan daukat Uztapideren Lengo egunak gogoan idazteko bertso batzuk eskatu zizkiola endoiarrak; honek ukatu eta bertsolariek ezin zuten ikusi ere egin, baina berebiziko artxibo gotorra zuen ordurako. Arazoa zen bere komentarioak grabatzen zituela bertsoekin batera eta horrekin alferrik galtzen zuela hainbat grabazio.

Nahiko lan eman zion Otermini. Dena batera pasatu beharrean pixkanaka-pixkanaka joan zen pasatzen, diruaren truke, noski. Beltzean eskatzen zuen gainera, baina Euskadi Irratiak ezin zuen horrelakorik egin, urtero bi auditoria pasatzen baitzituen…

Zure artxiboa ere irratiari pasatu zenion?

Bai, 1993 edo 1994an. Zalantzak izan nituen, bertsolarien eskubideen kontua zela eta abar. Debalde utzi beharra nuela ere ikusten nuen… Eta horrela egin nuen.

Beste irrati kateek zer eskaintzen zuten urte horietan?

Herri Irratian, nik utzi nuenean, Laxaro Azkune eta Alberto Gorritiberea sartu ziren. Martxoaren 30ean despedida egin zidaten eta apirilaren 1ean sartu ziren bi horiek. Gorritibereak informatiboak eta nire bestelako pare bat programa hartu zituen, eta kultura arloan egiten nituenei Laxarok eman zien segida. Bertsolaritzaren jarraipena azken honek egin zuen urtetan.

Azkenik, Arrate, Segura eta Bizkaia Irratietan ere bertsoak tarte onak izan ohi zituen.

1990eko hamarkadan, Aldairen Eta Hitza Jolas Bihurtu Zen izango da erreferentziala. 

Aldaik, aurretik, Donostiko Herri Irratian egin zuen lana, eta han ere jorratu zuen bertsolaritza. Euskadi Irratian hasi zen gero, eta hemen ere egin zituen gauza batzuk programa horri ekin aurretik. Batez ere lan ikaragarri ederra egin zuen irratiko artxiboa ordenatzen. Eta programa ere oso txukuna zen.

1980ko hamarkadan, esango nuke, bertsolaritzari buruzko irratsaioen lidergoa Herri Irratiak mantendu zuela, Euskadi Irratiaren aurretik, baina Aldairen programak aurrea hartu ziela hurrengo hamarkadan.

Orain esango nuke entzunena Sukiaren Hitza Jolas dela. Ondo dago.

Bertsoa Euskal Telebistan

 

Baduzu gogoan Hitzetik Hortzera martxan jarri aurretik ETBn bertsolaritzari zer eskaintzen zitzaion?

ETBn asteburuetako informatibo eta kiroletako erredaktoreburu/zuzendari izan nintzen 1983ko apiriletik 1985eko irailera. Informatiboetan sartzen genituen bertsolariei buruzko albisteak eta laburpenak. Eta txapelketak ere eman ziren, 1986koan Elkarte sortu berriarekin nahikoa gorabehera izan bagenuen ere. Dirua eskatzen ziguten, eta guk dirurik ez.

Gogoan duzu Hitzetik Hortzera nola jarri zen martxan? Audientzia ikarragarriak izan zituen, ezta?

Bada, egia esango badizut ez daukat arrasto handirik. Ni 1985etik 1987ra izan nintzen ETBko zuzendari, 1988tik aurrera Euskadi Irratia, Radio Vitoria, Radio Euskadi eta Euskadi Gaztea koordinatzea eta Radio Euskadiko zuzendaritza ziren nire ardurak. Baina, esango nuke, Joxerra Garziaren ekimenez jarri zela martxan. Arrakasta ikaragarria izan zuen, bai.

EiTBren eta Elkartearen arteko liskarrak eta programaren etenak oihartzun handia izan zuen bere garaian. Elkartearen posturaren berri irakurri dut han eta hemen. Zein zen EiTBren posizioaren azalpena?

Esandakoa, 1990eko hamarkadaren erdialdean izan zen eta irratietan nenbilen buru-bihotz. Ez nuen asko jarraitu borroka hura. Badakit gairen batekin arazoak izan zituztela, eta emanaldiak bertan behera gelditu zirela.

Gehiago eragin zidana geroxeago etorri zen. ETBk bere kasa, alegia, Elkartearekin akordio batera iritsi gabe, programa berriro martxan jarri nahi izan zuen nonbait, eta niri proposatu zidaten gidaritza. Zarraoa zuzendari nagusiak proposatu zidan hori, eta ezezko borobila eman nion, ez nuela ezer jakin nahi saltsa hartan. Biharamunean, ordea, Correo Españolen eta Deian programa berria nik aurkeztuko nuela argitaratu zuten. Sutan jarri ninduen horrek. Eta mingarriena hurrengo egunetan etorri zen, hainbat kaskarinek nire kontra idatzitakoak argitaratu zirenean. Orduko errekorte asko daukat jasota. Hainbeste urtean hainbeste lan egin eta oso esker txarrekoa irudi zitzaidan esan zirenak esatea, gezur batean oinarriturik gainera. Ez erantzutea erabaki nuen. Izan zen bere babesa emanez deitu zidanik ere: Azpillaga, Lopategi, Amuriza, Joxe Lizaso… Baina dezenteko nazkatua hartu nuen kontu guzti horrekin.

Basarri eta Zavala

 

Zeuk sakondu izan duzu gehien, Auspoarako apailatu duzun hainbat lanen bidez, Basarrik egindako ekarpenetan. Nola laburbilduko zenuke ekarpen hori?

Euskara azken hamarkadetan normalizatzen hasi den arte bertsolaritzaz gehien idatzi duena Basarri izan da eta euskaraz gehien idatzi duena ere bai. Paulo Iztuetak esan zidan behin, “Orixek baino gehiago?”. Bai, noski. Beste kontu bat da nolako euskara erabili izan duen batek eta besteak, baina kantitatez gehien argitaratu duena Basarri bera izan da. 1930eko hamarkadaren hasieran hasi zen prentsan kolaboratzen eta 1990eko hamarkadaraino jarraitu zuen. Dozenaka argitalpenetan kolaboratu zuen, eta asko idatzi zuen gai askori buruz. Produzitzeko gaitasunari dagokionean munstro bat izan zen. 

Kazetari gisa bertsolaritzaren inguruan egin zuen lanak zenbaterainoko garrantzia izan zuen erreferentzia nagusi izan zen hamarkada horietan bertsolaritza iraunarazi, hauspotu eta garabidean jartzeko?

Zaila da oraingo ikuspegitik hori neurtzen, baina Basarriren zutabeak ez ziren ahuntzaren gauerdiko eztula. Jendeak irakurri eta entzun egiten zituen, bai Gipuzkoan, bai Bizkaian, Iparraldean edo Nafarroan ere. Eman zaiona baino garrantzi gehiago izan zuen Basarrik bertsolaritza eta euskal kulturaren esparruetan.

Uztapideren Lengo egunak gogoan gisako bat ez zitzaion egin.

Antonio Zavalak bazeukan kezka Basarrik ez zuela bera begi onez ikusten eta pena zuen ez zirela garbi hitz egitera iritsi. Uztapideren Lengo egunak gogoan prosaz urteetan gehien saldu den liburuetako bat izan zen, eta Basarrirekin ez zen egin. Uztapidek haren salmentarekin etxe berria egin zuen, 13 milioi pezeta atera zituen. Odolaren mintzoa ere ikaragarri saldu zen.

“Basarriri eskatu izan banio, ez bertsoa, prosa”, esan ohi zuen Zavalak. Pena zeukan. Eta Basarrik ere sufritu zuen liburu hori ez zelako egin. Baina Basarri estresatuta bizi zen, eta bera ere ez zen jarri. Kontatzeko asko zuen. Berak aitortzen du prentsako elkarrizketa batean baduela pena elkarrizketa liburu on bat egin ez izana.

Zavalaren eta Basarriren proiektuak, neurri batean behintzat, ezberdinak ziren, ezta?

Zavala etnografoa zen. Lehengo bertsolaritza nahi zuen, herrikoa, naturala. Txirrita gehiago maite zuen Pedro Mari Otaño baino. Eta Xenpelar…

Basarri justu kontrakoa zen, bertsolaritza sagardotegitik ateratzea zen bere xedea… Otaño eta Kepa Enbeita Urretxindorra ziren bi jainkoak. Txokerik ez zuten izan, ordea. Basarri gozoa zen harremanetarako, eta Zavalak maitasunez tratatzen zituen bertsolariak. 

Basarrik hainbat polemika izan zituen, ordea.

Jenio bizikoa zen bai, eta ez zen isilik gelditzekoa. 1962an txapela Uztapideren burura pasatu zenean, esaterako, polemika izan zuen Ayalderekin.

Final hartan, azkenengo bertsoarekin, oso ondo gelditu zen esanez “nire lagunik maiteenari eman diot txapela”. Barrutik erreta egongo zen, agian, baina dotore gelditu zen. Gero Goiz-Argiren inguruko kuadrillak zirikatu egin zuen, Oñatibiak eta, eta Ayalderekin saltatu egin zuen. Isilik gelditu izan bazen beretzat askoz hobe. Baina bere egoa ere bazeukan hark…

Arestirekin ere izan zituen batzuk.

Bai, bai. Aresti bera ere polemika zalea zen. Gogoan dut urte batean Markinako bertsolarien bilkura haietako batean hitzaldia eman zuela eta dena hankaz gora jartzen saiatu zela.

Basarrik bere buruan frantziskotar sermoilarien nostalgia ere bazuen. Oso itxia zen erlijio eta moral kontuetan. Beti zebilen bere moralinarekin, eta jendea nekatu egin zuen horrekin. Ehun mila pezetako sariketarekin egin zuen itzulera ere polemiko samarra izan zen… Ayalderekin izan zuen polemika hartan, txapelketak uzten zituela iragarri zuen eta halaxe egin zuen, baina 1968an sariketa handi bat antolatu zen, eta, horretara bai, aurkeztu zen. Esamesek zioten Basarrirentzat propio antolaturiko zerbait izan zela, eta halaxe zen, baina ez ziren konturatu Urepeleko “berdotza” ere tartean zela. Basarrik lortu zuen puntuaziorik handiena, baina Xalbadorrek sekulako saioa egin zuen, eta hamar puntu baino gutxiagoko tartearekin gelditu. Hain tarte txikia zenez, bi sariak batu eta erdibana eman zieten azkenean, aurrez horrela erabakita zegoen eta.

Basarrirekin bazegoen halako kontra egiteko gogo bat, baina, nire ustez, oso ikuspuntu interesgarriak defendatu zituen, gehienean behintzat, bertsolaritzari zegokionean.

Bukatzeko, zer-nolako garrantzia izan du, zure ustez, bertsolaritzak hedabideetan lortu duen oihartzunak bertsolaritzaren garapenerako?

Hedabideek garai berrietara eguneratzen lagundu diote bertsolaritzari ere. Ez zeukan beste erremediorik, bizi nahi bazuen, medioetan egon beharra zeukan. Denetan sartzen asmatu du, baina, nire ustez, egokiagoa da irratirako telebistarako baino. Telebistarako apur bat motela dela iruditzen zait…

Eguneratu egin da, jakin du pausoak ematen. Nik uste, gerra aurretik egin zen ahalegina funtsezkoa izan zela. 1935 eta 1936ko txapelketak egin izan ez balira, baserritarren fenomeno bezala gelditu eta desagertu egingo zen, agian. Azkenik, bertso eskolekin beste dimentsio bat eman zaio baita. Pozten naiz, benetan.

Joxe Mari Iriondo Joxe Mari Iriondo Joxe Mari Iriondo Joxe Mari Iriondo Joxe Mari Iriondo Joxe Mari Iriondo Joxe Mari Iriondo Joxe Mari Iriondo Joxe Mari Iriondo Joxe Mari Iriondo Joxe Mari Iriondo Joxe Mari Iriondo Joxe Mari Iriondo Joxe Mari Iriondo