Iker Gorosterrazu
Iker Gorosterrazu

2020-11-26

Entzulea

Entzulea –

Entzulea
Antzuola. Arg: Goiena

 

Entzule izatea sekula ere ez da erraza izan. Ttikitatik bertzeen hitza aditzen ikasteko ahaleginak egin ditugu baina aunitzetan gurea bakarrik aditzen dugula iruditzen zait. Haurren bertso eskoletan argi ikusten dut hori, bertsotan dabilenak gainerakoek entzutea nahi du baina gero gainerakoei entzuteko nahiko lan… Helburua bertsotan aritzea da, baina baita aditzea ere. Aritzetik aditzera, ordea, pausu handia edo handiegia dago gehienetan. Hala ere, helduoi kostatzen zaigula jakinda ez da harritzekoa haurrei guri bezainbertze kostatzea.

Entzun eta aditu bereizi behar omen ditugu. Entzutea soinua hautematea omen da eta aditzeak ulertzea ere dakar berarekin; beraz, aditzea adi egotea ere bada. Ondorioz, ez dakit entzule izatetik aditzaile definiziora pasa behar ez ote garen (bai, Harluxet hiztegian behintzat katalogatuta dagoen hitza ezagutu dut gaur).

Aspaldian bertso saio guttitan egon izan naiz egoera honetan: distantziak, maskarak,… Eta entzule gisa sentsazio arraroa izan dut nire inguruko gainerako guztiek bezala. Bertsolariek botatako bertsoekin gozatzeko baldintzetako bat bertsoa ulertzea izan ohi da eta horretarako ezinbertzekoa da adi egotea, aditzaile izatea. Baina bertsolariek botatako bertsoen inguruan iruzkinak egitea ere aunitz maite dugu entzuleok. Horrela, bertsoaldi baten ondotik ondokoarekin ahapeka iruzkinak egitea ohikoa da. Da ez, zen. Izan ere, azken bertso saioetan distantzia zein maskara medio hori ere ezin izan dugu egin. Badakit entzuleak beti isilik eta adi egon behar duela baina zenbat gustatzen zaidan… horixe.

Ondorioz, aditzaile eta entzule aktibo hitzak datozkit burura. Bai, bertso saioetan aditzaile bikainak izan gara baina baita entzule pasiboak ere; entzun eta irentsi. Entzule aktiboa ote da iruzkinak egiten dituen hori? Bertso saioa akitu ondorengo aipamenak momentuan egindakoaren antzekoak al dira?

Entzule izatea sekula ere ez da erraza izan. Baina bertso saioetan ez ote gara denbora guztian isilik eta adi egon behar?

Entzulea