Aroa Arrizubieta
Aroa Arrizubieta

2020-11-01

Eskolartekoa

Eskolartekoa-

Betidanik nahiko “antilehia” izan banaiz ere -kontraesanak barne, beti hartu baitut parte
txapelketa eta sariketetan- eskolartekoa ezberdina iruditzen zait, berezia. Askorentzat
lehenengo plaza izaten da hau, jendaurrean kantatzea benetan gustatzen zaizun ala
ez deskubritzeko aukera bat besteentzat.

Denetarik ikus daiteke halako saio batean: bakarkako batean 10 minutu zein 10 segundu
pentsatzen, haurrak baino okerrago pasatzen ari diren gurasoak, berak jakin ez arren azken
plaza izango duen bertsolaria, agurra bederatzikoan kantatu eta zortziko txikian poto egiten
duena eta hamaika bizipen ezberdin.

Bertsoa ez litzateke horren bertso inguratzen duen guztia existituko ez balitz, eta askotan,
bertso udalekuetan jaso ez duenak eskolartekoan jasotzen du magia hori guztia. Eskolartekoa
txapelketa bat bada ere, lehiakideek gehiago dute kidetik lehiatik baino, eta hori da duen
ederrena agian.

Eskolartekoa hasiera bat dela esango nuke; bide baten hasiera, non gero zuk hautatuko duzun
zein bide zabaldu eta zein ate itxi. Zoragarria da hasiera edo bide horren parte izatea, bai
zeurean bai besteenean ere, elkarrekintza bat delako finean. Bidelagun izan nahi dut zuen
bidean ere, bihurguneetan zuzen joan eta bidegurutzeetan zuekin hautatu nondik segi.

 

Eskolartekoa

Eskolartekoa-