Aroa Arrizubieta
Aroa Arrizubieta

2020-07-14

Bertso udaleku gabe

Bertso udaleku gabe –

Doinua: Haritzaren memoria

Bertso udaleku gabe

 
 
Zenbatero egon garen
betiko(o)k, betikoetan:
juergan, bazkari, bidaia
zein eskolartekoetan…
Lagun on batek gezur gisara
azken agurrean irriz, hara
hala esan zuen bertan:
Han ezagutu ginen bezela
berriz elkartu ahalko ginela:
Bertso udalekuetan.
 
Eta ez, ez zen egia,
jarriz udari begira
faltan bota baitut gure
hamar egunen desira.
Gitarreoa, piropoposta
-nahiz egia esatea kosta-
arnasgunea hori da.
Ahazten ez diren une onenak,
gure oroitzapen horiek denak,
memorian bizi dira.
 
Bertso afari, antzerki, 
hondartza, Azpeitin parranda…
Dena da “intensitoa” 
zuen alboan izanda.
Gure kantak balira bezala
“Miseriak”, “La otra”, “Ojala”
kantatuz dena emanda…
Azken agurrean tipikoa
den gisara diot, betikoa:
Plazer handi bat izan da.
 
Azti, iratxo, erraldoi,
gure bizitzen uharte;
antzerki, mikro ireki,
muxu plakajera arte;
gabeko gabon muxu ederrak,
besarkadak, ukimen tailerrak…
Hainbeste eman didate…
Kontatzen nabil mila istori,
zeren gure mikromundu hori
ere zabal genezake.
 
Argi esan dezaket hau
dudala ahulezia
eta aurreko urtea
azken izan zenez (ia):
Nork itsatsiko dizkit hegalak?
Nork entzun krisi existentzialak?
Dena da hain berezia…
Sarri pentsatu dudala ea
udalekua edo urtea
den gure parentesia.
 
Baina dramaqueen gisara
jartzeko unea ez zen,
ze pasatako uneak
ez dizkigu inork kentzen.
Bizitza aurrera doan gisan,
aurrera jarrai daigun bizitzan,
gure nahi denak betetzen;
eta ikasi dugunarekin
udalekutatik kanpo berdin
egoten saia gaitezen.

 

Bertso udaleku gabe