Herri urratsa sagardotegian
Herri urratsa sagardotegian –
Hirugarren urtez jarraian, urtarrilaren 31n izan zen Herri Urratsen aldeko bertso-afaria Astigarrako Zapiain sagardotegian.
Urtea joan eta urtea etorri, maiatzaren bigarren larunbatean izaten da Herri Urrats jai ezaguna Senpereko lakuaren inguruan. Borondatez aritzen den guraso eta herritar mordo batek urtero antolatzen du jaia Seaskaren alde dirua biltzeko. Diru hori Iparraldeko ikastola, lizeo eta kolegioetako eraikuntzak berritu zein eraikitzeko erabiltzen da normalean. Ohikoa den moduan ez da falta izaten kontzertu, bertso, jan-edan eta festarako gogo faltarik, ezta izerdi faltarik ere. Zapiain sagardotegikoek ere badakite zerbait borondatezko lan horri buruz, izan ere, urteak daramatzate Herri Urrats egunean 300 lagun baino gehiagorentzat sagardotegi menua eskaintzen. Sagardotegian ohiko sukalde eta leku aproposik izaten ez bada ere, bertan prestatzen dute otorduetarako janari guztia eta eurak arduratzen dira otordurako gunearen muntaiaz, tikeak prestatzeaz, salmentaz…
Hortik sortu zen, hain justu, Herri Urratsen aldeko dirua biltzeko bertso-afaria egitearen ideia. Urtean egun batean laguntza eskaintzeaz gain zergatik ez etxean beste ahalegintxo bat egin eta beste bultzadatxo bat eman Seaskari? Esan eta egin. Bertsolariekin harremanetan jarri eta 2017az geroztik hirugarren edizioa izan da 2019koa. Amets Arzallus izan da urtero errepikatu duen bertsolaria. Lehen urtean Unai Agirre izan zuen lagun, bigarrenean Jon Maia eta azkenekoan Iker Zubeldia Txapi.
Azpimarratzekoa da bertso-afariko txartelen salmentatik ateratako diruaren ehuneko ehun doala Herri Urratseko zakura. Zapiain sagardotegikoen sagardoa eta eskulanaz gain behar da ordea zerbait sabela betetzeko, eta Astigarragakoek aliatu bikainak aurkitu dituzte horretarako: Donostiako Txogitxuk ematen ditu sagardotegi menuan hain ezinbestekoak diren txuletak, eta bakailaoa, berriz, Elgoibarko Alkortak jartzen du.
Ez da kasualitatea hirugarren ediziora iritsi izana. Aurreko guztietan bezalaxe azken edizioan ere osorik bete zen sagardotegiko jangela. Eta afaltiarren artean denetik: hango eta hemengo bertso saioetan hutsik egiten ez duten bertsozale porrokatuak, sagardotegiko planak erakarrita bertso askorik entzun gabekoak ere nabari ziren tartean, gazte mordo bat, ez hain gazteak ere bai…; orokorrean, hegoaldekoak nagusiki, baina Iparraldetik etorritako jendea ere bai.
Tartean zen, halaber, Beñat Bidegain Herri Urratseko koordinatzailea ere. Duela hiru urte Zapiainekoen deia nola jaso zuen kontatu zigun, beren ekimen propioz bertso-afariaren proposamena nola egin zieten: “Guk oso pozik hartzen ditugu modu honetako laguntzak, asko diegu eskertzeko bolondres moduan lanean aritzen direnei, eta baita Zapiaineko lagunei ere”.
Bertso-afaria ez da bertso-afari otordurik gabe eta sagardotegia testuingurutzat hartuta menua ere ohikoa izan zen, aurtengo sagardo berriak txiritik lagunduta, noski. Eta afalondoan hasi ziren kantuan bi protagonistak, zutik jarrita eta mikrorik gabe. Giroa hasieran hotz samar, sagardotegiak ez dira jantoki epelenak izaten askotan, baina hendaiarrak eta zegamarrak asmatu zuten entzulea berotzen eta, pixkanaka-pixkanaka, jendea bertsolariak zeuden mahaiaren ingurura hurbildu zen.
Libreko saioak ez dira errazenak izaten, are zailagoak hain entzule heterogeneoen aurrean. Iparraldeko eta hegoaldekoek errutinan ditugun ordutegi ezberdinak medio edo… batzuei saioaren hasiera berandu samar egin ote zitzaien zurrumurrua zabaldu zen, eta hortik ekin zioten bertsolariek. Duela urte batzuk Herri Urratsen izandako ibilerak ere kontatu zituzten Ametsek eta Ikerrek. Guztiak ez ziren sinestekoak izango, beharbada. Hari horri tiraka, iraganaren eta orainaren arteko alderaketa asko ere ekarri zituzten bertsoetara.
Lehen saioa amaitzeko kupeletara joateko gonbita egin zuten, eta txotxetik trago batzuk egin ostean ekin zioten bigarrenari kupel arteko korridorean. Bertsoak eta sagardoak ba omen dute lotura eta Zapiainen ere oso giro berezia sortu zen. Upeltegiko akustika berezi eta guzti, kupelaren kontra pausatuta, zortziko txikian eta puntuka, bizi-bizi aritu ziren txaloentzako tarterik utzi gabe.
Amaieran bertsozaleak pozik eta baita antolatzaileak ere. Frantziako hezkuntza politika dela eta euskarazko hezkuntzak badu oraindik Iparraldeko zein Hegoaldeko laguntzaren eta borondatezko lanaren beharra. Helburu horrekin, festa giroan, Herri Urratseko poltsa, eta honenbestez Seaskarena, apur bat goxatu zen.
Hala amaitu zuen Amets Arzallusek saioa:
Ta sagardoak dena izaten du
edaria eta patsa
baina halere aurrera doa
gaur iluntzeko arratsa
eta guk uste baino lehenago
iritsiko da maiatza
gaur egin trago eta Senperen
eman herriari hatsa
baina gaur zuzen eman zazue
etxerainoko urratsa.
Zapiaingoa, ordea, ez da bertsoa eta Herri Urratsen arteko lotura bakarra. Otsailaren 9an Senpereko Larreko gelan izan zen Euskal Herriko finalisten saioa Seaskaren alde, eta maiatzaren bigarren igandean ere ez da bertsorik faltako lakuaren inguruan. Animatu zaitezte.