[Ziegatik bertsotan VII] Jokin Urain
Jokin Urain –
Lasturko jaiak, San Nikolasak, irailaren 10ean izaten dira. Huraxe izaten zen guretzat, oso gaztetatik, munduko festarik onena. Hilabete edo gehiago lehenagotik hasita, Lasturko gazteok geuk prestatzen genuen plaza ingurua, taulatua, aparkatzeko lekuak, programa egin… Auzolana, elkarlana…
Gero, espetxealdian, neu ezin joanik bertsoak bidaltzen nituen, eta hauek dira urte batean egin nituenak. Eta herrimina aipatzen nuen, herriminez, oroiminez eta ezin egonez bizitzen nuelako urtero Lasturko jaien sasoia.
Espetxean bertsoak egin izan ditugun asko ez ginen berez bertsolari, baina bertsoak idazten, bertsoak nola egin ikasten, bertsoak elkarri bidaltzen aritu ohi ginen. Komunikatzeko modua ere bazen, umorea ereiteko bitartekoa ere bai…
Lasturko jaietarako, 2004an
1
Denborak badu bere joana ta bagoaz aurrerantza; eta denborak zorrozten digu herriminaren arantza. Herrimin hori izan liteke gozua edo mikatza, laztan bat bezain leuna edota zaplada bat bezain latza.
3
Leihoetako burdin artetik begira jarri ezkero mendiak lehor ageri dira eta eguzkia bero. Elurra edo izotz gordina etorriko dira gero; leku hauetan gozo apurrik ezin liteke espero.
5
Batzutan jardun luzeegia bestetan ezin iritsi, danak aspertu baino lehenago hementxe nahi nuke utzi. Lasturra bildu zeraten danoi besarkada ta goraintzi, Sanikolasak ondo pasa ta ahal bada goiari eutsi.
|
2
Zenbat lekutan, zenbat modutan kantatzen da herrimina! Kantatzen duten guztiek zer dan ez dute jakingo baina; izan liteke barre triste bat edo negar atsegina, ametsen bizi beharra eta ametsez bizi ezina.
4
Urruti daude eztiak eta urruti daude loreak, oroimenaren gordailu diran soinu eta koloreak; baina bidean galduta uzten ez bagaitu adoreak luze baino lehen jausi litezke hemengo korridoreak.
Jokin Urain Larrañaga Palenciako La Moralejan
|