[ Jon Barberena I ] Poesiaz jantzitako bertsolaria

Alazne Untxalo-(r)en argazkia Alazne Untxalo 2020-09-02

Jon Barberena –

Jon Barberena Ibarra  Elizondon sortu zen 1979ko otsailaren 21ean. Ikasketaz Kultura eta Gizarte Antropologian lizentziatua zen, Heziketa Fisikoan diplomatua, eta Bergarako UNEDen Idazle Eskolako graduondokoa zuen. Lanbidez euskara irakaslea zen. Xorroxin Irratian urte anitzetan ibili zen kolaboratzaile, batez ere Ti-ta iritzi tartean. Berria egunkariko Nafarroako Hitzan ere kolaboratzaile ibilitakoa zen. 2018ko martxotik kolaborazioak egin zituen Ttipi-Ttapan, iritzi saileko Nire txanda atalean; eta aitzinetik Bota bertsoa txokoan ere ale ederrak utzi zituen.

2004an Iñigo eta Imanol Goikoetxeak Baztandarren Biltzarrerako sortu zuten kantaren letra berea da; 2012an Baztan pelikularako Angel Illarramendik sortutako soinu bandari hitzak jarri zizkion; 2015ean eta Elizondon ospatu zen Nafarroa Oinezen abestiaren hitzak bereak ziren.

Kirolaria: mendigoizalea, txirrindularia. Bertsolaria, bat-bateko jardunean zein idatzizkoan aritutakoa.Olerkaria. Lagun ona, aita bikaina.

Jakin badakit Baztan ikastolako ikaslea izandakoa zela, eta hango irakasleen eskutik izan zuen lehen harremana bertsolaritzarekin.

Jon noiz ezagutu nuen pentsatzen jarri naiz eta datorkidan oroitzapen bakoitzak geroz eta atzerago narama; bertsoaren bitartez ezagutu nuen Jon.

Umiltasunak ez zion bere buruari bertsolari deitzen uzten. Baina harekin kantatu edo hura entzuteko parada izan dugunok badakigu hitzekin magia egiten zuela.

Bertso eskolan imajinatzen dudanean, Jon Elizetxe eta Julen Zelaietarekin ikusten dut, Bittor Elizagoienen aurrean. Txapelketan, berriz, Julio Soto eta Erika Lagomaren artean.

Bat-bateko bertsolaritza

2003an hartu zuen parte lehenengoz Nafarroako Bertsolari Txapelketan, eta urte berean Goizuetan jokatutako Xalto sariketa irabazi zuen. 2004. urteko Txapelketan finalera sailkatu zen lehenengo aldiz. Urte hartan ezagutu genuen anitzek Jon Barberena bertsolaria. Lesakako Zambran jokatu zen final hartan laugarren postua eskuratu zuen, orduko bere irakaslea zen Bittor Elizagoienen gibeletik.

Nik 13 urte besterik ez nituen. Gogoratzen dut jendea harriturik geratu zela batez ere kartzelako bere lanarekin. Urte berean, azaroaren 26an, Mariano Izetaren omenez antolatutako sariketan txapeldun suertatu zen. Bere sorterrian, Julen Zelaieta, Jon Elizetxe, Erika Lagoma, Julio Soto, Oier Lakuntza, Mizel Mateo eta nirekin kantatu zuen.

Jon bertsolaria izateaz gain, Kirol Irakasletzan diplomaduna zen. Hala ere, Doneztebeko Mendaur institutuan euskara irakasle izan zen urte batzuetan, eta oso gertutik ezagutzeko aukera izan genuen, guk (Malerrekako bertso eskolako kideok) bertan ikasten baikenuen. Urte batzuk geroago, Oronozko bertso eskolan elkartzeko aukera izan genuen, beti irribarretsu, baikor, umil, fin, zirikatzaile…

Nafarroako bertsolarien artean nabarmentzen zen bertsolaria zen; horren adibide, 2004, 2005, 2006, 2007 (txapeldunorde), 2008 (txapeldunorde), 2009, 2011 eta 2013an finalera sailkatu izana.

Bertsotan egiteko modu berezia zuen, bertsoak poesiaz janzten zituen eta bakarkako ale ederrak utzi dizkigu: esaterako, 2005. urteko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean.

Gaia: Badira bi urte berarekin ez zaudela, oraindik ohatzeko albo berean  lo egiten jarraitzen duzu.

Doinua: Atmosferatik atera eta

 

Utzi zenitun hiru-lau krema
eta zerorren txamarra
eta etxetik aldegin zendun
bizi-bizi, tirri-tarra…
‘Etzaitut maite’ hola zioen
zuk utzitako oharra,
hura irakurriz burutu nuen
buru barneko hausnarra.
Gela hontatik ezta ageri
zeru goiko ortzadarra
malkoz malko barra-barra,
pasaz tristuraren marra
gaur faltan ditut zure begiak
eta zure irrifarra
kuarto honetan goatzea ez da
hutsik dagoen bakarra.

Latza izan zen zure hutsunea
latza zure erretira,
zu joan eta kimurik gabe
dago etxeko mizpira,
askorik ere ez du balio
eguneroko partida,
zu joan eta amaitu baitzen
zure senarran kondaira.
Urruti zaude baina halere
zerorri zaitut desira
zerorrengan daukat mira
pasioak nola deskriba…
baina begiak ez zaizkit busti
maite begira-begira
ia nituen malko guztiak
agortu egin baitira.

Bertso irakasle ere aritu zen Baztanen, bai haurrekin eta baita helduekin ere. Baztango Bertso Eskolaren sortzaileetako bat izan zen Jon Elizetxerekin batera, aurten 10 urte beteko dituen bertso eskolarena, hain zuzen ere. Indar handia izan zuen talde honek, eta bertan trebatuak dira Kotte Plaza, Xabi Maia eta Oier Amiano, besteak beste.

Berak erran bezala, aitatasuna zela-eta, azken urteetan bat-bateko bertsolaritza alboan utzita zuen, noizbait bueltatzeko esperantzarekin. Hala ere, biak Erratzun bizi ginenez, sarri egiten genuen topo bertsotarako geratzen ginen lokalaren aurrean, Lixutegian. Gu, kantatzera eta bera haurrekin eta Maiderrekin paseatzera. Beti inbidia puntu batekin begiratzen gintuen arren, bere bizitzako etapa berriaz gozatzen ari zirela nabari zen.

Bertsopaperak

2003an, Iruñeko Udalak antolatutako Egile Berrientzako Literatur Lehiaketako bigarren saria lortu zuen bertsopaperak modalitatean, Euskal Herriko konpota lanarekin. 2004an, lehenengo saria lortu zuen, Algecirasko Carmele lanarekin. 2005ean, berriz ere lehenengo saria lortu zuen, Europa aldetik dator Thaimiren gutuna lanarekin.

Olerkaria

Azken urteetan, olerkigintzaren bidea jorratzen ari zen. Familia giroko etapa berrian, olerkia idazteko tarteak bilatzen saiatzen zen iluntzeko ordu txikietan. Olerkia libreagoa zela zioen. Bere buruari bertsolari deitzeko baimenik ez bazion eman, olerkari deitzeko are gutxiago. Olerkari gehiegizko pisua duen hitza izaki, “olerkizale” egokiagoa iruditzen zitzaion. Baina, bere azken liburua eskuetan duenak nekez laxatuko du poema guztiak irentsi gabe. Olerkari handia zen.

2011n, Iruñeko Udalak antolatutako Egile Berrientzako Literatur Lehiaketako lehenengo saria lortu zuen poesian, Emaztekien oihu mutuak lanarekin; 2013an, bigarren saria lortu zuen Kontraerranak lanarekin; 2015ean, lehenengo saria lortu zuen ( ) utsunea lanarekin; 2016an, Nafar Ateneoak eta Iruñeko Udalak antolatutako Iruña Hiria I. Nazioarteko Poesia Sariketa irabazi zuen Izoztu zitzaigun negu hura poesia lanarekin. Horri esker dugu  gaur egun altxor bat gure eskuetan. 2018an, Mungiako Udalak antolatutako Lauaxeta Olerki Sariketa irabazi zuen Neguko gaba poesia lanarekin.

Txapelketako saioaren bezpera

Ederki oroitzen dut Lixutegian elkarrekin bertsotan egin genuen azken eguna. 2019ko Txapelketa aitzakiatzat hartuta, goiz batez, kantatzeko geratu ginen. Lehenik, librean buelta batzuk; gero, puntu erantzunak, binaka gaia zuk jarrita, bakarka… Herdoilduta zeundela erraten zenidan, baina nik ez nuen horrelakorik sumatzen. Zita bukatzeko, aholkuak eta animoak, nola ez!

Saioen bezperan, zuzenean ez bazen, dei baten bidez edo bideo moduan ere, azken momentuan behar nuen indar hori emateko asmoarekin zuzendu ohi zinen, hitz goxoz, hurbiltasunez, baikor. Bereziak ginela sentiarazten gintuzun, bai, gintuzun, ni ez bainintzen dei edo mezu horiek jasotzen nituen bakarra; anitz zaintzen zenituen lagunak.

Izoztu zitzaigun negu hura

Uda partetik edo loturik izango genuen ilbeltzaren 12ko Bertso-saio literarioa. Julio eta biok ginen zuk markatutako bidetik kantuan aritzekoak. Ezin izan zen guztiz horrela izan. Baina, Dani Martiarenak zuk idatzitako olerkiei ahotsa jarri zien. Guk barrutik kantatuz eman genien jarraipena; hegan eginez, lur hartuz… eta lagun batek oholtzan laurak egon ginela erran zidan.

 

Kantukidea eta laguna, Alazne Untxalo

 

Algecirasko Carmele

1. Nire bizitza kontatuko dut
bertso bidez alafede
errima eta hitz neurtuak
izango direla lege.
Behin sortu nintzen GIL abizenez
eta izenez CARMELE…
nahiz mama ez zen erregina (e)ta
papa ez nuen errege
zeruko jaunak egin ninduen
mundu hontako andere.

2.
Haurtzaro dena iragan nuen
ez jostailu (e)ta ez panpin
eta haizea izaten nuen
“asper zaurien” botikin.
Gero guztia ulertu nuen
urteak batzearekin;
familikoak gaixorik ziren
eta ezin zen ekidin…
pobrezi izenez ezagutzen den
gaitz sendaezin batekin.

3.
Ene sorleku beltz eta hitsa
ez dut a(ha)ztu ezustean,
lehen urteak han pasa nitu(e)n
etsipenaren katean;
kimurik inoiz loratzen ez zen
lurralde antzu batean,
malkoz josita paseatzen nu(e)n
mukizapien artean…
Algecirasko kanpokaldean
tristeziaren kalean.

4.
Gure etxea ez zen egoten
urre gorriz disdiratan
lau txatar zatiz egina baitzen
porlan (e)ta adreilu faltan.
Hura ez gendun Zarzuela eta
hura ez gendun Buckingham…
nola moldatu (e)ta egokitu

hango zabor eta kakan?
txerririk ere ez zen biziko
metalezko etxe hartan.

5.
Teilatu hartan hezi zituen
mamak sei seme-alaba,
abuelo Poli, abuela Loli
eta Cadizko osaba.

Hamaika kidek osatzen gendun
familiako brigada,
nahiz etxe harek hogei bat metro
karratu zituen hara!!
han bizi ginen sardinak latan
egoten diren gisara.

6.
Gauza askorik ez zen aurkitzen
sukaldeko zartainetan,
tripa orroka ibili ohi zen
janari eske penetan.
Bizitza osoa iragana dut
ahi (e)ta ezinaren dietan,
aukeratzeko gauza askorik
ez zen gure errezetan…
haginak ere findu nituen
ogi mutur gogorretan.

7.
Gazte nintzela soineko beltz bat
heredatu nuen legez,
ez zego(e)n lino finez landua
baizik oihal xume merkez.
Nahiz eta Gucci eta Dior-en
prendekin amestu berez
nire gorputza estaltzen nuen
asteburu, astegunez…
*Erratzuk baino petatxu gehio
zituen soineko batez.

8.
Gero mutil bat txunditu nuen
soineko harekin seko!
Nahiz ogibidez hura ez gendun
mediku ez arkitekto,
semaforoan mukizapiak
saltzen zituen tarteko
hala (e)ta guztiz senargai gisa
hartu nuen Anacleto…
sasi bidetik baztertu eta
loreetan mamitzeko.

9.
Ai ezkontzeko, sufritu nuen
ijitoen terapia…
garbia nintzen edo ez nintzen
bermatzen zu(e)n garantia.
Aulki batean jarri ninduten
hanka tartez irekia,
eta aluan finkatu zuten
detektore egokia,
birjina nintzen edo ez nintzen
salatzen zuen zapia.

10.
Lau odol tantez mozorroturik
atera zen zapi fina
eta ezkontza eraman gendun
festa giroan aitzina,
momentu hortan ezagu nu(e)n
errealitate gordina;
senar gozoa beharra zena
ez zen horren atsegina…
apo bihurtu egin zitzaidan
ustezko printze urdina.

11.
Nola bidera erlazioa
pasioaren ildotik?
Ispiluaurrean pinpilin jartzen
saiatzen nintzen gogotik;
soineko estuz, karmin gorritan
jartzen nintzen polit-polit
baina begirik ez zuen inoiz
hark altxatu niregatik
eta bakarrik uzten ninduen
bi baxoerdirengatik.

12.
“Mozkor arraila” etorri eta
enekin beti zen gaitzik
kolpe-kolpeka, ubelez ubel
hark nahi ninduen iraitzi.
Odol artean entzun zitezken
mila negar (e)ta irrintzi
nahiz (e)ta gorputza geroztik hona
osatzera den iritsi
bihotz barneko zauri saminak
oraindik ez dira itxi.

13.
Kolpe artean osa genuen
sentimenen erresuma
eta horrela iragaten zen
eguneroko jarduna.
Ze momentutan hautsi ote zen
eraztunen batasuna…
bihotzak ezin maita zezaken
halako gizon lizuna
eta gorrotoz zipristindu zen
harekiko maitasuna.

14.
Nola ahaztu, nola atzendu
eduki nuen senarra
haren ezpainen whisky kiratsa
(e)ta nirekiko marmarra.
Muxu umelik ez nuen jaso
ubel beltzak barra-barra,
iraganari so natzaiola
ez ote da zori txarra
mundu honetan behin jaio eta
horrela bizi beharra.

15.
Nahiz eta gure erlazioak
guztiz gaizki ziharduen
kosta a(ha)la kosta irtenbide bat
aurkitu beharra nuen.
Ama izatea pentsatu nuen
urte batzuen buruen
zilbor-estea lokarri zela
lau fruitu izan nituen
baina gizarte honen sistemak
usteldu egin zituen.

16.
Le(he)nengo alaba eduki nuen
nerabe hutsa nintzela
baina nigandik aldegin zuen
urteak batu bezela.
Uniformetzat hartu nituen
tanga, gona,” errimela”…
gizon askoren paradisua
izan genuen Gabriela…
iskinetako Mari Errauskin

bihurtu zen hura bela.

17.
Hurrena aldiz mantendu nuen
nire ondoan urtetan
eta egoki hezi zezaten
sartu nuen eskoletan.
Han murgildu zen literaturan
eta matematiketan,
nahiz eta sutsu saiatu ziren
Bernardoren heziketan
hau lizentziatu egin zitzaigun
banketxeen lapurretan.

18.
Ai hirugarren seme laztanaz
oroitu ohi naiz aldiro…
nola besotan laztantzen nion
adats beltza egokiro.
Baina hark ere pekatu zuen
behin sortu izana txiro
nahiz (e)ta ametsa bakarra zuen
“gizarte statusa” igo
paperontzien esploratzaile
izan genuen Cándido.

19.
Manolo berriz eduki nuen
“treintaisko” hasieran
baina gorroto zuen hark mama
(e)ta drogak maite soberan.

begiak beti erne zituen
jende arrotzen karteran…
behin poliziak eskuburdinak
jarri zituen beregan
eta burua urkatu zuen
Carabancheleko ziegan.

20.
Ene kuttunak non ote dauden
haizea(r)i diot aipatu
mundu eder hau, bihurtu baitzait
bakardadean abstraktu.
Gizartearen lege zitalak
nahi ditut madarikatu!
Seme-alaben bila nabilki
baina ez ditut harpatu
zilbor-hesteak batu gintuen
eta sistemak banatu.

21.
Senarra jada ez dut alboan
baina ez nago penetan
ubel morerik ez da ageri
nire begi magaletan.
Bere burua behin ito zuen
ardo gorri dosietan,
medikua fin saiatu arren
hilotz geratu zen bertan
ipar haizea lagun zuela
abendu baten hamekan.

22.
Bizitza hontan sufritu ditut
jada hamaika aberi
eta borroka hontan ezin dut
tinko aurrerantza segi.
Larrosa bide behar zuena
bilakatu zait trajedi
jainkoa ez da nirekin behintzat
sekula izan zilegi…
gozatu gutxi egin dut baina
sufritu berriz gehiegi.

23.
Iraganeko oroitzapenek
burua dute egoitza
eta oraina bihurtu dute
oldarkor eta bortitza,
zentzu gabeko amets gaiztoa
beldurgarri eta hitsa.
Nola suntsitu bizkar gainean
daramadan martiritza
ea heriotzak eskaintzen didan
hemen ez dudan bizitza.

24.
Badajoz izan, Vallecas izan
Cadiz zein Slovakia
diru gorriak finkatu ohi du
bizi mailen hierarkia.
Gizakiontzat mundu zital hau
ez da ongi eraikia;
txiroentzako mikatz antzean
aberatsentzat eztia…
lurpean behintzat izango a(ha)l da
pobreentzako tokia.

25.
A(ha)te itsusiak edertasuna
lortu zuen urteekin
piztia aldiz, bizi izan zen
eztiki Ederrarekin.
Marcok amatxo topatu zuen

ibiliz ekin (e)ta ekin.
Baina ni berriz, agurtzear naiz
luzatu gabe zuekin…
zorionezko amaia ez duen
istorio labur honekin.

 

2004an, Iruñeko Udalak antolatutako Egile Berrientzako Literatur Lehiaketako lehenengo saria lortu zuen bertsopaperak modalitatean.

Jon Barberena Jon Barberena Jon Barberena Jon Barberena Jon Barberena Jon Barberena Jon Barberena Jon Barberena Jon Barberena Jon Barberena Jon Barberena Jon Barberena Jon Barberena Jon Barberena Jon Barberena