Abadiñoko Traña-Matiena auzoko jaietako bertso saioa, online
Traña-Matiena –
Villabonako arratsalde berotik Traña-Matienako jaietako iluntze freskoa epeltzera etorriko dira lau bertsolari gaur
2020-05-08
Kamera atzetik minutu bateko isilunea eskatu zuten. Isiltasuna ozen entzuten zen. Bertsolaritzarentzat esperimentu berri bateko beste atal bati ekin behar zioten-eta protagonistek. Izan ere, gaur Abadiñoko Traña-Matiena auzoan bertso saio bat egon behar zen. Horren ordez, gaur kantatu behar zutenak Villabonan (Gipuzkoa) elkartu ziren. Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, bertsolaritzarentzat lazgarria den egoerari buelta eman guran, hainbat herritan egin beharko liratekeen bertso saioak grabatzen ari da Tolosaldeko herrian duten egoitzan.
Babak eltzetik atera beharrean baitago bertsolaritza. Urte hasieratik 400 bat bertso saio antolatzeko bidean geratu direla kalkulatu du elkarteak. Joan zen asteburuan ekin zioten dinamikari, eta ordutik geratu barik dabiltza grabatzen. Eguaztenean Traña-Matienako saioa grabatu zuten. Bertan ziren abesteko prest Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal, Igor Elortza eta Txaber Altube. Azken biak, Durangaldekoak. Azkena, abadiñarra. Momentu batez, Gipuzkoa eta Bizkaia artean muga bat sortu zen, eta gipuzkoarrek Durangaldekoei galdetu zieten ea zer moduz joan zen bidaia. Elkartzea bera lorpena zirudien. Altuberen sentsazioa arraroa izan zen: “Villabonan saiorik izan dudala galdetzen badidate, zer esan behar dut? Baietz ala ezetz?” Izan ere, lauretako bakar batentzat ere ez zen erraza izan Abadiñon egon barik Abadiñori buruz abestea. Baina saioa egin beharra zegoen, atzera bueltarik ez balego legez. Abestu aurretik, soinu eta argi probak. Bertsolaria ez dago ohituta irudia eta soinua horrenbeste zaintzera, baina ezohiko egoeratan ezohiko neurriak eta ezohiko argiak. Elortzaren eta Altuberen kasuan zalantza sortu zitzaien: “Bizkaieraz? Ala batuan?”. Kameralariak ere adi detaile bakoitzari. Bertsolari bakoitzeko mikrofono bat zegoen. Zelan aukeratu non den bakoitza? Baten batek mikrofonoren bat ukituz gero, huraxe aukeratu behar. Saioak abantailaren bat badu, irisgarritasuna da hori, gura duenak gura duen lekutik ikusi dezakeelako saioa, ez abadiñarrek bakarrik.
Mikroari heldu, altu abestu
Saioari ekin behar zitzaion. Hasierako eskerrak eta agurrak ez ziren besterik barik joan. Bertsolariek egoera baliatu zuten saioa ikustea posible egiten duen guztia eskertzeko. Hasierako agurrekin gelako beroa eta saioaren hotza ahaztu zituzten. Kostata, baina buruari eragiten hasteko unea zen.
Lehenengo ariketan, herriko jaietan izaten duten nortasunaz abestu zuten. Bertsoari berari nortasuna eraldatu zaio San Prudentzioetan. Ondoren, lehenengo ofizioan, abadiñarra Euskal Herriko txapeldunagaz aritu zen abesten. Ez da lagun makala saio bati ondo ekiteko. Bertsoak igaro ahala, igarri zitekeen bertsolariek ez zutela gogoko isilunea. Hasierako isilunea protokoloagaitik zelako, baina bertso arteko jenderik bako isiluneak are deserosoagoak bihurtu ziren. Bazirudien jendearen gutxieneko zarata horren beharrizana zutela bertsolariek. Isiltasunean, Lujanbioren buruan argia piztu zen: “Galtzea ezinezkoa, irabaztea zaila”. Gai-jartzailea esaldi horregaz geratu da, baina bertso sorta osorik entzutekoa da.
Gaiak eta bertsoak jaietatik konfinamendura eta konfinamendutik jaietara saltoka aritu ziren. Egon zen tarteren bat gai arraroentzat ere. Ibarzabal markinarrak udaltzain lanak bete behar izan zituen, eta inguruko hirurei isuna ipini ala ez erabaki behar izan zuen. Elortza euskarazko telebista kanal liderragaz zer gertatzen ari den deskubritu guran aritu zen, eta Altube, puntu erantzunen bitartez, Traña eta Matienaren arteko aldea azaldu guran txapeldun hernaniarrari. Saioa amaitu behar zen, gura zein ez, gai-jartzaileak ez zeukan-eta ezer gehiago prestatuta. Ordubetea aspaldi zen igaroa, kamera aurrean zein atzean zeudenen azalen pleguetan hezetasunak eta izerdizko errekek bidea egin zuten. Orduan, bertsolariak puntuka hasi ziren, saioari amaiera bat prestatzeko asmoz. Barreak ez ziren falta izan tiki-taka kolektibo horretan.
Baina saio oro hasi eta amaitu egiten da, eta Traña-Matienakoa ezin gutxiago izan. Teloia jaisteko lau zertzelada. Aurretik, eta bigarrenez, eskerrak. Kamera aurrekoei eta atzekoei. Ez litzateke Abadiño Villabonara eramatea posible izango lanik eta gogorik ez balego. Gaur Traña-Matienan bertso saio bat egon behar zen, baina etxeetara eramango dute. ANBOTOren webgunean, bertsoa.eus atari digitalean, eta Abadiñoko Udalak jaietarako sortu zuen webgunean egongo da ikusgai.