Bertsolaritza sektorearen gaineko irakurketa eta plaza indartzeko neurriak hartu ditu Bertsozale Elkarteak

Bertsolaritza sektorearen gaineko irakurketa –
 

Elkarteak eskuartean zituen egitasmo ugari bertan behera geratu, atzeratu edota moldatu egin dira. Osasun krisiak bertsolaritza mugimendu osoari eragin dio.

Egungo egoerara egokitutako ekimenak jarriko ditu abian: bertsolaritzaren ikusgarritasunari eusteko eta bertsolarien egoera zaurgarria leuntzeko 45.000 euro bideratuko ditugu. 

 

Martxotik, 400 saio gutxiago

“Inondik inora espero ez genuen bat-bateko kolpea izan da”, Lanku Kultur Zerbitzuetako Marta Agirrezabalak apirilaren 7an Bertsoa.eus atarian egoeraren inguruan ateratako erreportajean azaldu bezala. “Lanku erabat lotuta dago plazari, lan jarduera nagusiena plaza da, eta bat-batean geratu gara”, gaineratu du. Plazaren etetearen ondorioz, Lanku Kultur Zerbitzuak larrialdiko ERTE egoeran dago.

Saio eta egitasmo ezberdinak bertan behera geratzeak ondorio ekonomiko nabarmenak ditu: martxotik ekainera arte, 385.600 euro inguruko galerak aurreikusten ditu Elkarteak.

 

Jon Agirresarobe Bertsozale Elkarteko koordinatzaileetako bat

 

Bertan behera geratu edo atzeratu direnak

Elkarteka jakitera eman duenez “epe luzera ere, 2020ko egitasmoa eta aurrekontua berrikusi behar izan ditugu”. Honakoa da osatu duten zerrenda:

– Bertan behera geratu direnak: Bertso Udalekuak eta barnetegiak; Haizea dator; Sakontze Bertso Eskola; Eskolatik Plazara; Plazara!; Bertso Eskolen Egunak; Bertsulari Ttiki, Elebidunen ikasturte bukaerako Besta Eguna.

– Atzeratuko direnak: Arabako Bertso Kuadrilla Artekoa; Bardoak; Bizkaiko Txapelketako Udabarriko fasea; BBK Sariketa; Eskolartekoa; Pello Mari Otaño bekako deialdia (epea luzatu zaio); Udako Euskal Unibertsitateko eskola (ikusteke).

– Egingarri diren ikusi behar (beste modu batean): Zenbait ikastetxetako ikasturte amaierako jaialdia; Bertsoa Bizi Gazte lehiaketa; Oholtzapetik; Hernandorena Sariketa; Ahalduntze Bertso Eskola; Gizonezkoen Bertso Eskola Feminista; UPV/EHUko Uda Ikastaroa.

 

 

45.000 euro, plaza indartzeko lanari ekiteko

Aurreko urteetan, www.bertsoikasgela.eus prestatzen egindako lana azken hilabetetan oso baliagarria izaten ari dela azpimarratu da. Bertsozale Elkarteko irakasleek Internet bidez eskaini dituzte eskolak, eta modu honetan arituko dira ikasturtea amaitu arte.

Plazara begira, konfinamendu garaian bertsolaritza mugimenduko hainbat eragilek Interneteko online saioak jarri dituzte martxan (Nafarroako Bertsozale Elkarteak ere Konfinamenduko bertso saioak egitasmoa abiatu du Nafarroako hainbat irratirekin elkarlanean).

Epe luzeagorako erantzunak lantzen ari da elkartea, eta konfinamendutik ateratzeko baldintzak ezagutu ahala berrikusiko dituzte hartutako erabakiak.  Momentuz, Bertsozale Elkarteak 45.000 euro bideratuko ditu plaza indartzeko eta bertsolarien zaurgarritasun egoera leuntzeko: “maiatzaren 2tik aurrera, Internet bidezko bertso plaza aberastuko dugu, garai honetarako Lankuren bidez hitzartuta zeuden zenbait saio sarean eskainita, eta bertsolariek proposamen ordainduak izatea bermatuta”.

Eduki haek Bertsoa.eus ataritik bideratuko dira.

  • Potokastak: Bertsolari gazteei egindako elkarrizketak dira, entzutekoak. Azken asteetan ditugu www.bertsoa.eus atarian, Ane Zuazubiskar, Eli Pagola, Peru Abarrategi, Aitor Bizkarra, Sarai Robles eta Aner Peritz bertsolariekin osatutakoak. Sorkuntza jolas txikiekin gozatzeko aukera izango dugu astelehenero.
  • Plaza: Lehendik lotuta zeuden eta mantendu nahi dituzten edo datozen hilabeteetan saioren bat antolatu nahi duten antolatzaileei saioak online egiteko aukera eskainiko die Bertsozale Elkarteak. Lankutik saioak kontratatzen dituzten antolatzaileei eskainiko zaie aukera. Villabonako Subijana etxean prestatu dugu grabaketa lekua, beharrezko osasun neurriak hartuta, baina denborarekin herrietatik saioak egiteko aukera aztertuko da, konfinamendu aginduen arabera beti ere. Saioak osorik eskainiko dira www.bertsoa.eus atarian, zuzenean edo diferituan, antolatzaileak erabakitzen duen egunean.  
  • Bidaiak: Inertziak hautsi eta esperimentazio gunea izango da. Ekitaldi formatuetan eta gaitegian berritzaileak izan nahi duten saioak eskainiko dira, molde ezberdinetakoak, asteazkenetan. Herrialde eta adin ezberdineko bertsolariei eman nahi zaie ahotsa; helbidean gustura asko jasoko ditugu proposamenak.

 

Xabi Igoa Bertsozale Elkarteko lehendakaritza taldeko kidea

 

Ekarpena egiteko kanalak

Bertsozale Elkarteak bere baliabideekin finantzatuko ditu egitasmo hauek, baina bertsozaleek eta herritarrek ere izango dute ekarpena egiteko aukera kanal hauen bidez, maiatzaren 2tik aurrera:

  • 688.886.935 telefono zenbakian Bizum bidez; eta
  • Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko honako kontu edo IBAN kodean:

ES16 3035 0060 43 0600042844  >>>  BIC (Swift) kodea behar izanez gero, CLPEES2MXXX 

 

Plaza eta Bidaiak saioen lehenak, datozen egunetan: aurrerapena, hemen!