2020-04-03
Egin nahi nuke
Egin nahi nuke –
Felix Zubia: “Bertso sorta hau koronabirusaren aurka gabiltzan guztioi eskainia dago. Hemendik ez denbora askora, “egingo dugu” ere izango delako, nork bere erara. Besarkada handi bat”.
Felixek bertsoak hemen entzungai
Doinua: beti penetan
1- Egin nahi nuke mendian korri,
Zelaien artean zuzen,
Aldapa beheran arnasa hartu
Eta oihukatu ozen.
Nekeak ere sendatzen baitu,
Norbait jakitun ez bazen,
Polainapean dauzkadan oinak
Libre sentitu daitezen.
2-Egin nahi nuke uretan murgil,
Zain dut itsaso zabala.
Berotu gabe baldin balego
Oraindik ere, oxala.
Olatuetan salto eginez,
Izurde-sarda bezala,
Freskatu dadin mantal azpian
Egosi zaidan azala.
3-Jon, Olatz eta Susannarekin
Mendi buelta bat, lasaia.
Gozatuz, epel, udaberrian
Kimatuz doan paisaia.
Patxadaz etzan eta usaindu,
Loratu zaigun zelaia,
Uxatu dadin gorputz guztian
Daukadan xaboi usaia.
4-Txalupa hartuz moilatik irten,
Ez ote da zilegia,
Ipar haizea badabil hobe,
Bizia, ez gehiegia.
Kaioen gisa, hegan sentitu,
Aitor dezadan egia,
Arindu dadin maskarapean
Preso dudan aurpegia.
5-Egin nahi nuke taldean negar,
Ez bazterrean sartuta.
Sufritzen duen jendeak ere
Kanporatu behar duta.
Elkartasunez egingo dugu,
Elkarri besarkatuta,
Guretzat ere barrera diren
Eskularruak kenduta.
6-Bertso sorta bat jarri nahi nuke,
Horretan nola anima,
Modu hontako egoeretan
Guztiok gara biktima.
Bilatu ditut nire arrazoi,
Neurria eta errima,
Sendatu dadin sufrimenduaz
Gaixo daukadan arima.