2020-01-21
Bertso egunak
Bertso egunak –
Bertso Egun ofizialak hartu du beste jite bat, formatu berrira pasa zenetik: herrialdez herrialdeko eredura, ibiltarira, txikiagora nahi bada. Askok pena izango dute Kursaaleko jaialdi handi hura amaitu zelako; beste batzuk, errazago egiten dugu gure tokian tokiko bertso eskolak ardatz dituen gune-modu hau. Mungian, Barañainen eta aurten Aramaion hartu du lur proiektuak, eta oraindik batzuk ajeari buelta emateko lanetan ibiliko dira. Hori ere baita bertso eguna: bertso udalekuetan ezagutu zenituen haiekin ustekabeko parranda, saiotik saiora maiz topatu duzun baina sekula hitz egin gabeko epaile/antolatzaile/bertsozale harekin hizketaldi luzea, eta beste bertso eskolako batzuekin korroa ezin bereizian pentsatzea (zergatik ez gara maizago elkartzen?).
Maiz hitz egiten dugu bertsolaritza saretzeaz, eta parrandetan erraz korapilatzen garen arren, esango nuke nik gazteenei ikasi diedala mimoz ehundutako harreman horiek zaintzen. Gu elkar ezagutu gabe elkartzen ginen eskolarteko txapelketan, hauek lagun dira aldez aurretik eta beste maila batean kokatzen jakin dute talde-lana.
Aramaioko bertso egunak erakutsi du mugimenduaren indarraldi hori guztia, dudarik gabe. Zorionez, ordea, gero eta gehiago dira bertsolari eta bertsozaleok elkartzen gaituzten guneak, sareak, parrandak, proiektuak. Gero eta gehiago gara, eta gero eta gehiagotan. Elkarrengandik ikasiz goaz eta tokian tokiko taldeok ere urtean zehar gure esku dagoen neurrian erantzuten diogu eredu horri.
Urtea hasi berritan, esaterako, bertsotruk izan zenaren (eta aldi berean betidanik izan denaren) izenean elkartu ginen Bortzirietako taldekako txapelketan. Nazioarteko txapelketan (ez egin keinu hori, hala aurkeztu zuten). Eta hura sorpresa gozoa gurea, Tolosaldetik joandako atzerritar taldeak Bortzirietako bertso eskolaz gain, Aramaiokoa, Durangokoa eta Sakana eta Iruñakoa han aurkitu zituenean!
Urtetako eskarmentuak bakarrik erakusten duen mailan antolatutako bertso egun partikularra bizi izan genuen, kantu, barre, topa, otordu, kantu, topa, barre, barre, barre… Eta bueltako bidaian egun hartatik ikasi genituen ideien, jarreren eta ñabarduren zerrenda osatuz etorri ginen, itzulerako nazioarteko bertsotruk on bat antolatzeko gogoz. Bertsoa egun bakoitzean bizi dugu, eta bertso egun bakoitzak bizi gaitu.