BERTSOLAMINTZA I: Beñat Gaztelumendi

Beñat Gaztelumendi-(r)en argazkia Beñat Gaztelumendi 2020-01-14

Beñat Gaztelumendi bertsolamintza –

 ABIAPUNTU BAT

 


Bertsogintzaren ezinbesteko ezaugarria da gogoeta: plazarik plaza dabilen bertsolariak etengabe aztertzen du inguruan duen mundua, bere kokapena eta bere ahotsa. Tarteka, ordea, arnasaldi luzeagoko hausnarketak ere eskatzen ditu ibiliak. Maiatzean eta ekainean Iruñean, Senperen, Bilbon, Gasteizen eta Amasa-Villabonan egin ditugun Bertsolamintza jardunaldiek eman digute horretarako aukera.

Bi bertsolari, auto batean, gelditzen ez den auto batean, bertso saio batetik bueltan. Bata ez da gustura geratu halako gairi heldu dion moduarekin, beste bide bat egon zitekeela sentitu du. Bigarrena zalantzan geratu da, ea halako bertso hartan esan nahi zuena esan ote duen edo, behintzat, publikoak hala ulertu ote duen. Irratia martxan daramate: orduroko albistegiaren momentua da. Bi bertsolariek arretaz entzun dituzte esatariaren ahotik ateratako notiziak. Eta norbera bere baitan arakatzen hasi da, ea zer dagoen albiste bakoitzaren atzean, ea zer ertz izan ditzakeen, zer galdera, zer helduleku. Bi bertsolari, isilik, gelditzen ez den auto batean, gero eta bizkorrago doan mundu batean eta bere buruaz etengabeko gogoeta egiten duen gizarte mugimendu batean.

Mugitzen ari dena, askotan, ez da bere mugimenduaz ohartzen. Distantzia bat hartu behar izaten du, geldialdi bat egin, bere mugimenduaz gogoeta egiteko. Bertsogintzan etengabea izan da ariketa hori. Bertsolari bakoitzak bere baitan distantzia hartu behar izaten du munduarekiko, momentu batzuetan, gertatzen ari denaz eta gertatzen ari denarekiko berak daukan kokapenaz gogoeta egiteko. Gogoeta hori bere buruarekin bakarka egiten du askotan, eta beste bertsolari batzuekin konpartitua ere izango da kasu batzuetan. Bertsolaritzak, berriz, gizarte mugimendu gisa, etengabeko gogoetaren bidez adosten ditu etorkizunerako estrategiak eta jarraitu beharreko bideak. Tarteka, gogoeta sakonagoen beharra ere izaten da, epe luzeko ikuspegiak lantzeko. Besteak beste, horretan aritu ginen 2018ko udazkenean Baionan eta Barrian. Mugimendua hamabi urterako ibilbidean kokatu dugu. Baina, nora joan nahi du mugimenduaren muin-muinean dagoen sormen diziplinak?

Mugimendua sorkuntzan eta sorkuntza mugimenduan

Garai mugituak bizitzea egokitu zaigu; “historiko” etiketa soinean daramaten egun asko erori zaizkigu egutegiko orrietatik urte gutxian. Euskal Herria gatazka armatuaren zikloa bukatu eta ziklo berrira egokitu nahian dabil, “errelatoaren” matazan katramilatuta. Hendaia eta Irun arteko kasernak kendu eta hainbeste urtetara muga deskubritu dugu berriz ere alde batetik bestera ezkutuan igaro nahian dabiltzan migratzaileen larruan. Martxoaren 8an jendez lehertzen dira kaleak matxismoak hil egiten duela ikasi dugun garaiotan. Zahar etxeetako langileen greben Euskal Herria da hau, Euskaraldiarena, giza-kateena eta Autogobernu Lan-Taldearena; Euskal Hirigune Elkargoarena; turismo, etxebizitza eta mugikortasun ereduez eztabaidan ari den Euskal Herria; euskalgintza, kulturgintza eta gainerako -gintza gehienak ziklo aldaketan sartuta omen dauden Euskal Herria. Kultur kontsumo masiboaren Euskal Herria da hau; Netflixena, MTVrena, Game of Thrones-ena, Conquis-ena, Justin Bieberrena; baina baita BerriTxarrak, Handia, Huntza eta Twist-ena ere. Eta bien bitartean, txikituta dago Libia, itxita Gaza eta gerran Siria; ardatz askoren jo-puntuan dago Venezuela; eskuinak agintzen du Argentinan eta Brasilen; Estatu Batuetan Twitterretik agindu daitekeela erakutsi du Trumpek; Txinak esnatzen jarraitzen du; Putinek gotortuta dirau Errusian; Sahara debekatua du Marokok; atentatuak titularretatik desagertu dira Nigerian eta Apartheidaren ondoren ere desberdinkeriari buelta eman ezinda dabil Hegoafrika. Euskal Herria borborka ari da, bere burua kiskaltzen duen mundu baten eltze barruan.

Mugimendu horrek sortutako pitzaduretatik sortzen da kultura; hortik kantatzen du bertsolariak. Ikaran ari den lur horren gainean hankak jarri behar ditu lehendabizi, ordea: daukan oinarri labainkor horren kontzientzia hartu. Norberea den leku bat eraiki eta zalantzan jarri behar izaten du etengabe, gero hortik sortu ahal izateko. Dena den, norberea dena ez da norberea bakarrik izaten: kezka eta zalantza batzuk konpartituak ere izaten dira. Baita bertsolaritzan ere. Bertsolaria ia beti aritzen baita norbaitekin kantuan: norbaitekiko eta norbaitekin eraikitzen du bere diskurtsoa bertsoaldiz bertsoaldi. Etengabeko gogoeta bat eskatzen du horrek. Eta Bertsozale Elkartean horretarako guneak sortzen ahalegintzen gara.

Gogoetarako plaza eta plazarako gogoeta

Bertsogintzaren inguruan norberak bere buruarekin edo ingurukoekin egindako hausnarketak konpartitzeko plaza da Bertsolamintza. Bertsozale Elkarteak maiztasun jakin batekin antolatu izan ditu jardunaldi hauek, garaian garaiko kezketatik abiatuta bertsogintzari astinaldi bat ekarri asmoz. 1994an egin ziren lehendabizikoak, eta ordutik, 2002an, 2005ean eta 2011n antolatu izan ditugu. Esate baterako, 2011ko hartan bertsolari baten jardunean ager daitezkeen inertziez aritu ginen: kanon batek sor ditzakeen inertziez, txapelketak sor ditzakeenez, emozioetan agertzen zaizkigun inertziez edo umorean erabiltzen ditugun inertziez, besteak beste.

2018ko udaberrian ekin genion Bertsozaletasunaren Azterketa Soziologikoaren emaitzak lantzeari. Azterketa horrek gako ederrak eman zizkigun bertsolaritzaren mugimenduaz gogoeta egiteko. Alde batetik, gure burua gizarte mugimendu gisa definitzeak ardatz berriak zabaldu zizkigun etorkizunerako. Bestetik, zenbakitara ekarri ahal izan genuen genero desberdinkeria, baina entzuleriaren gustuetan aldaketak gertatzen ari direla ere ohartu ginen. Bertsolaritza zabaltzeko sozializazio guneek (bertso eskolek, plazak berak, batzordeek…) daukaten garrantzia gogorarazi zigun azterketak. Eta bertsolaritza zenbateraino ari den dibertsifikatzen ere datuetara ekarri ahal izan genuen: inoiz baino saio gehiago egiten dira gaur egun, eta lehen iristen ez zen gune askotara iritsi da bertsolaritza.

Emaitza horiek eta azken hamabi urteotan sortutako galderak abiapuntutzat hartuta, Bertsozale Elkartearen etorkizunerako helburuak finkatzen igaro genuen 2018ko udazkena. Mugimendu bezala hamarkadotan emandako pausoen eta sortu ditugun tresnen kontzientziatik, gaur egun dauzkagun intuizioei segika, hemendik hamabi urtera non egon nahiko genukeen irudikatzen aritu ginen Baionan eta Barrian egindako tailer jendetsuetan. Eta, noski, hor ere bertsogintzak izan zuen lekurik: sorkuntza oinarri duen mugimendua da gurea, eta bertsogintzaz aritzeko plaza baten premia behin eta berriz azaldu zitzaigun udazkenean.

Beñat Gaztelumendi bertsolamintza

Eztabaida nola kokatu

Bertsogintzaren inguruko eztabaidak ohikoak izaten badira ere, eztabaiden dosia nabarmen trinkotu ohi da txapelketa garaietan. 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusia aberatsa izan zen hizketaldietan ere. Lehendik plazan sumatzen ziren gogoeta batzuk azaleratzeko balio izan zuen txapelketa-bueltak, eta bestelako iritzi batzuk ezagutzeko aukera ere eskaini zigun. Txapelketaren irakinaldiaren ondoren, eltzea sutatik erretiratu eta distantzia eta patxada baten premia sentitu genituen, bai bertsolariok eta baita inguruan iritzi-emaile lanetan aritu ziren askok ere. Geldi egoten ez dakigunez, mugimenduaren inguruko gogoetan igaro genuen 2018a. Baina, 2019a iristerako, bertsogintzaren inguruko plaza martxan jarri genuen: Bertsolamintza.

Nondik heldu, ordea, eztabaidari? Hasteko, eztabaida ez baita bakarra: ardatz askok egiten dute topo bertsogintzan. Hasieratik ohartu ginen gai batzuk aukeratu beharko genituela derrigor, ustez plazan gehien sumatzen genituenak. Eta, bestetik, garbi ikusi genuen jardunaldi hauek abiapuntu bat izan behar zutela; helburua bertsogintzaz lasai aritzeko gune bat sortzea zela, gerora ere eztabaida eta gogoetak konpartitzen jarraitu ahal izateko.

Zazpi saio egitea erabaki genuen. Alde batetik, Bertsozaletasunaren Azterketa Soziologikoa abiapuntutzat hartuta bertsolaritzaren mugimenduaren egoeraren erradiografia bat eskatu genion Xabier Aierdiri. Bestetik, Euskal Herria ziklo aldaketan omen dagoen garai honetan, helduleku sendo gutxi dauzkagun garai hauetan, berak zeri kantatu nahiko ote liokeen galdetu genion Amets Arzallusi. Sustrai Colinari, berriz, jendaurreko sorkuntza oinarri duten diziplina guztiek aldiro beren buruari egin behar izaten dioten galderari erantzuteko proposatu genion: nola bizi duen politikoki zuzena denaren eta transgresioaren arteko tentsioa. Miren Artetxeri hizkuntza ideologien inguruko gogoeta bat eskatu genion, bertsolaritza hiztun berrietara edo hiztun berriak bertsolaritzara iristeko erronka daukagun une honetan.

Gai-jartzailetza oinarri hartutako bi saio proposatu genizkien Amaia Agirreri eta Maite Berriozabali. Amaia Agirreri saioen formatuek sor ditzaketen inertziez aritzeko eskatu genion, gai-jartzaile bezala egin duen ibilbidea oinarri hartuta, baina bertsolari gisa daukan eskarmentutik ere tira eginez. Maite Berriozabali, berriz, feminismoak gai-jartzailetzarako eskaini dizkion aukerez eta hortik egin dituen gogoetez aritzeko eskatu genion.

Bestetik, bertsolaritzaren balio handietako bat den belaunaldi artekotasunaz ere jardun nahi genuen, udazkeneko gogoetan etengabe azaldu baitziren plazara iristen ari diren belaunaldi berrien kezkak. Mahai inguru formatuan saio bat egin zuten Bilbon Joanes Illarregik, Maider Arregik eta Jokin Bergarak Ane Zuazubiskar gidari zutela, eta han jasotakoaren laburpen ederra utzi ziguten Eli Pagolak eta Asier Galartzak.

Iruñean, Senperen, Gasteizen eta Bilbon egin genituen hitzaldi-saioak maiatzean zehar, eta ekaineko lehendabiziko larunbatarekin hizlari guztiak elkartu genituen Amasa-Villabonan. Han entzundako lau hitzaldi jaso ditugu datozen orrialdeetan.

Plazara

Berriz ere abian jarri da autoa. Irratia piztu dute bertsolariek. Etengabe aldatzen den mundu baten berri ematen dihardu bestaldeko esatariak. Mugikorraren barruan informazioa oldean dator segundoro. Herri bakoitzak, entzule bakoitzak eta bertsolari bakoitzak edukitzen du bere aktualitate propioa. Eta mikrofonora hurbiltzen den ahots bakoitza leku bat da, mundu, herri edo entzule horri kantatzeko. Etengabe aldatuz doan leku bat. Bertsolaritzak aukera ematen du aldaketak, pitzadurak eta eraikuntza-lanak konpartitzeko. Eta baita erantzun zehatzik ez daukaten garai eta espazio hauei galdera egokiak egiten saiatzeko ere.

Beñat Gaztelumendi bertsolamintza Beñat Gaztelumendi bertsolamintza Beñat Gaztelumendi bertsolamintza Beñat Gaztelumendi bertsolamintza Beñat Gaztelumendi bertsolamintza Beñat Gaztelumendi bertsolamintza Beñat Gaztelumendi bertsolamintza Beñat Gaztelumendi bertsolamintza Beñat Gaztelumendi bertsolamintza Beñat Gaztelumendi bertsolamintza