Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2019-12-27

Gabonak gabon

Gabonak gabon –

Gabonak gabonBadira urtez urte errepikatzen diren errituak, bai familiako mahai bueltan, eta bai bertso-familiako oholtzetan ere. Herri gutxi batzuetan, gabon egunez koplatan irteten gara oraindik, baserriz baserri; beste batzuetan, gabonetako jaialdi entzutetsuak antolatzen dira, batzuk “urteko azken” saio izendatzeraino. Bai, bere epikotasun osoan. Koadrilarekin urteko azken poteoa egiten dugu, etxekoekin gehiegizko otorduak eta bertsozaleekin, urtearen errepasoak.

Ez da urte asko ni erritu horien parte naizela, baina dagoeneko identifikatuko nituzke bertsolari bezala gabon buelta honek dakartzan ohitura zenbait. Lehena, Elkartetik jasotzen ditugun bertso-postalak, horrekin hasten da katea; bigarrena eta mundiala, urte osoan koadrilako afariak galtzea eragin dizunaren ordaina: familia-bazkarietatik ihes egiteko koartada bihurtzen diren saio egoki batzuk; hirugarrena, urte berria zoriontzeko whatsappez jasotzen den bertso hori, zuk egin ez duzun hori, zurea dela esanez idazten dizutena, “zure ahotsa” omen delako (eta punto, berdin du zu zaren edo ez); bertsoa.eus-ek argitaratzen duen urteko bertsoaldien zerrenda; lehen saioan kulerotan harrapatu zaituen gai horri ondo erantzuteko urteko hemerotekaren errepasoa irakurtzea (aurten, hamarkada ere eskatuko zaizu, nahiz bertsokide bizkorrek eztabaidan jarri hamarkada noiz hasten den); ume garaitik egin ez dituzun Mari Domingirentzako gutunak publikoki kantatzea; urteko helburuen zerrenda jendaurrean eraikitzea, iazkotik bete ez duzun autokritika ariketa intimoa profanatuz; eta abar luze bat.

Zuek ere zerrenda gizentzeko moduan egongo zarete, ziurrenik. Dena den, eta onartzea popularra ez bada ere, gustatu egiten zaigu. Gogaitzen gaituztela diogun familia otorduetan gure burua aitona-amonei begira pozik harrapatzen dugun moduan, enegarrenez kantatzen diegun eguberri gaiei helduleku berriak aurkitzen dizkiegu. Eta ondo pasatzen dugu. Topikoaren topikoa kantatzen amaitzen dugu eta onar dezagun, jendeak entzun nahi du hori ere.

Eta hala ez bada lasai hartu, pasako dira eta. Garaiek horixe dute, badatozela eta badoazela. Eta urteko hemerotekak astindu ostean, eta datorren urteari buruzko aurreikuspen posible ugari parodiatu ostean, hortxe izango gaituzue berriz, inork jan nahi ez duen turroi bigunaren ondoan.

Gabonak gabon