Aramaion ospatuko da Bertso Eguna urtarrilaren 18an
Aramaion ospatuko da Bertso Eguna urtarrilaren 18an –
Aramaion ospatuko da Bertso Eguna urtarrilaren 18an, eta bertso bazkaria izango da egitarauko jarduera nagusia. Lau otordu izango ditu aukeran bertaratzen denak: Nerea Elustondo eta Unai Iturriaga izango dira Ehiztari txokoan; Eneko Lazkoz eta Miren Artetxe Izarra elkartean; Onintza Enbeita eta Sebastian Lizaso Uribarriko elkartean; eta Ane Labaka eta Iñaki Viñaspre Zabolako elkartean. Txartelak 20 euro balio du.
12:30etan, bertso ibilbide gidatua egingo dute Aramaioko kaleetan zehar, eta honako bertsolariak arituko dira gidari lanetan: Andoni Egaña, Ane Zuazubiskar, Irati Majuelo, Jokin Uranga, Martin Abarrategi, Oihana Bartra, Oihana Iguaran, Sustrai Colina eta Xabi Igoa. Ondoren autobusak antolatu dituzte bertsozaleak elkarteetara eramateko.
Arratsaldean Urola erdiko trikitilarien txanda izango da, 19:00etan. Lo egiten geratu nahi duenari ere tokia eskainiko zaio, “eskaera egonez gero”, adierazi du Bertsozale Elkarteak. Horretarako eman izena hemen, urtarrilaren 10a baino lehen.
Aramaioko Udalarekin eta Aramaioko bertso-eskolarekin antolatu du Elkarteak 2020ko Bertso Eguna, eta beste zenbait elkarteren laguntza ere izan dute: Amillena Aramaioko turismo elkartea eta Iparra-Hegoa kasu, bazkariak hartuko dituzten elkarteez gainera.
Arabako Bertsozale Elkartearen batzarra
Hitzordua Arabako Bertsozale Elkartearen batzarra egiteko baliatuko da: 10:00etan izango da, Aramaioko udaletxean. Gainera, lehenago, Arabako Kuadrilla Artekoa ere aurkeztuko da, 9:00etan, toki berean.