Elixabet Etxandi
Elixabet Etxandi

2019-12-10

Kalendarioa

Kalendarioa –

Ainitzek erranen didate adina pasa dudala, baina gabonetako kalendario bat erosi dut. Azaro erditxutik, denek idekitzeko xuxurlatzen zidaten, baina, gauzak bakoitzak bere momentua duela pentsatuz, honi ere bere unea eskaini diot.

 Kalendarioa

Abendoak 1: Momentu ona dela erabaki dut.

 

Abendoak 2: Pixkanaka, konturatzen hasi naiz abendoan sartuak gaudela, edo bera sartu zaigula gure bizitzan, hotzaren medioz. Gaur, lehen aldikotz, egutegiko leihotxoa ireki dut.

 

Abendoak 3: Gaur Abendoaren 3a da, euskararen eguna. Kaleak triki poteoz eta Olentzeroz apaindu dituzte, geratzen zaiguna salbatzeko bidea balitz bezala. Askori entzun diet Aita Noel ez dela gurea, ez lukela bere lekua izan behar gure herritan. Nik ez dakit gehiago zer den nire edo ez, baina leihotxoa ireki eta txokolatea irentsi  dut, Olentzero zein heinetaraino nirea den pentsatuz (edo hobeto esateko, ze heinetaraino inposatu zidaten). Agian, Coca Cola baso bat hartuko dut, txokolatea liseritzeko.

 

Abendoak 4 : Leiho barruko xokoleta jan dut telenbista begiratzen nuen bitartean. Gabonetako publizitateaz aparte, ez dut besterik ikusi. Egoerari egokitzeko gaitasuna dugu, baina soilik nahi dugunean.

 

Abendoak 5: Leiho barruko txokolatea jan dut gaur ere, oraingo gabonek, txikitakoen ber zaporea duten pentsatuz.

 

Abendoak 6: “Zer nahi ote duzu Elix gabonetan?”

 

Abendoak 7: Gaur, joko anuntzioz beteriko aldizkari bat utzi didate postontzian, nahiz eta ez nuen eskatu. Lehen zatia urdin urdina zen, bigarrena arrosa. Gogoratu naiz nola txikitan berehala bigarrenera jotzen nuen, lehena niretzat egina zitekela pentsatu gabe ere. Urteak pasa, aldizkaria ez da aldatu. Baina ni bai. Ospatzeko, txokolate bat janen dut.

 

Abendoak 8: Instagrameko historiak noria argiztatu eta Gabonetako dekorazioz beteriko kalez ugaritzen ari dira, kanpoan hotz eta ilun egiten duen bitartean. “Zer pentsatzen ote dute ekologistek guzi honetaz?” pentsatu dut, paisaiari begira nengoela. Gaur, xokoleta esnean urtua hartuko dut, Ipar Poloaren omenez.

 

Abendoak 9: Kanpoan hotz eta ilun egiten duenean, hor dago. Kanpoan bero eta argi egiten duenean, ez dago. Gabonetako argien artean ahaztu dute etxe azpiko eskalea, paisai artifizial honetan dekorazio hitsa balitz bezela. Gero, abendoaren 25an, sen onez puzturik, batzuk gabonak bakarrik pasako dituztela esaten hasiko dira. Gaur, leihoko xokoleta ez dut nik janen; beste batzuk gehiago merezi dute eta.

 

Abendoak 10: Ganerretik atera dute gabonetako zuhaitza gurasoek, 30 urte hauetan berdina. Plastikoak bere abantailak baditu, prekaritateak ere bai.

 

Abendoak 11: Eztabaida piztu da familian. Jaiotza: bai edo ez. « Baina ze inporta zaigu » pentsatu dut, « Badu mendeak badakigula izpiritu saindua ere zakilduna zela”. Baina ixildu egingo naiz, bi xokoleta janez. Bakoitzak bere opioa.

 

Abendoak 12: « Opariak erosten hasi ote zara ? »

 

Abendoak 13: Mari Domingiri abesti bat egin diotela irakurri dut. Ongi irudituko litzaidake Olentzeroren ondoan emakume bat izatea, Eguberri ez balitz kapitalismoak bereganatu duen ohitura bat.

 

Abendoak 14 : Batzuk dietan hasi dira, gabonetako gehiegikeriak hobeki barneratzeko, aza edo mahatsa bakarrik janez. Nik erabaki dut 31ko 12 mahatsak irenstea nahiko dieta zela.

 

Abendoak 15 : Gabonetako pelikulak ugaritzen hasi dira telebistan eta Netflixen. Nahiz eta ainitz diren, denek eskema berdina segitzen dute: Brandon eta Jessica lankideak dira, biek esperantza galdu dute Gabonetan, ez dute gehiago ezertan sinesten, baina aurten bai, aurtengo Gabonak bereziak izango dira, Brandonek esan baitio Jessicari bizar xuri ( baina benetakoa eh!) bera zela, eta Ipar poloan amaituko dute bizitza, ipotx eta orein askorekin. Oharkabean, pelikula joan ahala, xokoleta guziak jan ditut.

 

Abendoak 25: Gaur ez dut leihotxoa irekiko. Zergatik hainbeste garrantzi eman ez daukanari? Leiho bakoitzeko bizipenak bertso gaiak izan zitezkela konturatu naiz, guretzat, hain anti-sistema aldarrikatzen den euskal gizartearentzat. Ezin da egoerari kantatu gabe egon, ados naiz, bertsolaritzak bestela ez lukeelako bere analisia funtzioa beteko. Baina gaiari kantatzea bat da, eta gaia gainditzea beste gauza bat, batez ere ez dugunean gure senditzen. Kritikaz haratago, guk ere jakin behar genuke gaiari egokitzea baino gure gaiak gure beharrei zuzentzen. Sistema bat kritikatzea ez delako nahikoa sistematik ateratzeko. 12 kolpe entzun ditut urrunean. Topa dakigun ohitura, kontsumismo, erligioa, norma, kapitalismoa, Brandon, Jessica, amatxiren oilaskoa, asto, orein  Olentzero, Aita Noel zein Maridomingiri. Again, datorren urtean leiho berri bat zabalduko dugu.

Kalendarioa
Kalendarioa