Iker Gorosterrazu
Iker Gorosterrazu

2019-11-22

Lehia

Lehia –

Bertso eskolan dabilen edozeinek jakinen du haurrek aunitzetan egiten dizuten lehenengotariko galdera zein den: zenbat aldiz irabazi duzu…? Galdera honek bertso eskolarako ere balio du, bertsoa eta lehia elkarren ondoan doazelako gustatu ala ez.

LehiaSaiatu izan naiz edozein kirol motarekin (gurea ere kirola omen, hitzarena eta nazionala) alderaketetan sartu gabe erantzuten baina inoiz ez dut lortu berezitasun osoz erantzuterik. Izan ere, bertsoaren ikusgarritasuna ez al dugu txapelketetara mugatzen? Zenbat bertsolari dabiltza plazaz plaza lehiaketetan parte hartu gabe? Esku baten hatzekin kontatzeko bezainbertze ere ez, seguraski. Hala ere, lehia osasuntsua existitzen omen da eta horren alde jardutea litzateke egokiena. Baina zer da lehia osasuntsua eta nola sustatu? Oraindik ez dut erantzun argi eta egokirik aurkitu.

Gaur egun, eta akaso lehen ere, haurrak lehiatzera ohituta daude: asteburuko kirol partidetan, azterketetako emaitzetan, arratsaldeko jolasetan,… (ia) beti daude irabazleak eta galtzaileak. Horrelakoetan esaldi polit bat datorkit burura: galtzen ikasi behar da irabazten jakin aurretik. Baina zer da galtzea? Nola ikasten dugu galtzen?

Bertso eskolan ere sentsazioa daukat zurrunbilo horretan sartuta gaudela: ea nork egiten duen bertsoa azkarren, ea zeinek asmatzen dituen errima gehien, ea nor ez den trabatzen bertso batean, ea bertsopaperetan nork jasotzen duen saria,… eta aunitzetan pertsona bera izaten da guzti horietan lehena edo onena gainerakoen arabera. Nola azaldu gainerako bertso eskolako kideei lehia ez dela garrantzitsuena? Parte hartzeak gozamena dakar baina ezin dugu ukatu irabazteak ere ze plazer ematen duen.

Badakit lehia bere horretan ez dela txarra. Badakit erantzun unibertsalik ez dagoela; baina nola azaldu 10 urteko haur bati ez dela berdina kirol partida batean edo bertso lehiaketa batean dagoen lehia? Benetan desberdina da? Ikusten ditudan jarrerak ikusita hala pentsatu nahi nuke baina… 

Lehia