Erdu eta heldu!
Erdu eta heldu! –
Ikasturte hasieran eskolako motxilak edo laneko maletinak pisu handia du, eta iratzargailuak jo eta buelta erdi eman nahi eta ezinak negar gurea ematen du. Berriro ere ohiko lanpostu aspergarrira edo bizitza monotonora buelta ez da oso erakargarria egia esan. Oporren osteko depresioak jota egon ohi da jendea, baina, bagaude ikasturte berrian zer egingo dugun ez dakigunok ere, nora heldu bilatzen ari garenok, ezjakintasunak bertigoa ematen baitu. Zergatik zaudete negarrez lanera bueltatu behar zaretenok edo oraindik ikasle bizitzaz gozatu dezakezuenok? Azalpen bat nahi dugu karrera amaitu eta txarto ordaindutako ume jagote lanetan gabiltzanok!
Batzuk kirol talde batean apuntatu eta burua beste zerbaitetan dute gutxienez pare bat orduz astean, beste batzuk ingelesa ikasteko aprobetxatzen dute, beste asko online ikasten hasten dira asko ordaindu eta gutxi ikasten den ikastaro, master, gradu, etabarretan ematen dute izena (titulitisak hilko gaitu); eta beste batzuk, nik adibidez, aurreko guztiak elkarrekin egitea erabakitzen dugu. Hala ere sentitzen dut ez dudala ezer ziurrik aurten, ez bada bertso eskola.
Bertso eskola gure “comfort zone” hori da, bertan ahaztu egiten da zer dugun egiteko gainezka gaudenean, edo zer ez dugun egiteko, lagun arteko orduetan akademietan baino askoz ere gehiago ikasten da, triste joan eta pozarren irten ohi gara bertso eskolatik; edo esan ezin izan ditugunak bertsoz bota eta hustu egiten ditugu barrenak, lasaituta irteten gara. Horregatik saiatzen gara astean birritan geratzen, edo hirutan, eta hori gutxi ez eta hilean behin “Aferak”erako gertatzen. Denok behar izaten dugu nora heldu, izan karrera amaitu eta ezjakintasunak jota gaudelako edo bizi monotonoak jango gaituelako, eta nora heldu aurkitu ez baduzu etorri guregana asteartetan, zein ostegunetan edo ostiraletan, edo urriaren 24ko saiora. Erdu eta heldu gurera lurrera erori aurretik.