Bertsolariak eta 1914-18ko gerra

Patri Urkizu-(r)en argazkia Patri Urkizu 2019-09-18
Argazkiak: 1914-18 Gerraren Lekukoak (Patri Urkizu, Maiatz argitaletxea)

Bertsolariak eta 1914-18ko gerra –

Azkena eta azkarra izanen zen gerra… gerrarik latz, gogor eta odoltsuenetarikoa gertatuko zen. Sei milatik gora hil eta hirurogei mila zauritu bederen, Ipar Euskal Herrikoak bakarrik kontuan hartuz, eta beste lekuetarik bederatzi milioi pertsona baino gehiago akabatuak izan ziren. Wikipediak euskaraz ematen digun artikuluan honelako ondorio laburra dakar: “Gerra honek frantsestu eta gizonez hustu egin zuen Iparraldea, belaunaldi oso bat galduz, herri guztietako harrizko monumentuetako hilen zerrendek nabarmenki erakusten diguten bezala”.

Halere ez litzateke kontsideratu behar sarraski eta triskantza honen tristea eta tamalgarria soilik, zeren eta Käppner idazleak dioen bezala baluke irakaskizunik. Aberri bakarra Europarentzat aldarrikatzea, Europar Batasunaren Erakundeen babestea eskatzen duen lezioa eta honen solidaritatea herrialde ahulenekiko.

 


 

Eneko Bidegain ikerleak sakonki aztertu ditu gerla hau eta bere ondorioak Ipar Euskal Herrian, bai Gerla Handia, muga sakona. Lehen gerla Mundialaren (1914-1918) hastapenak Eskualduna eta Euzkadi aldizkarietan (Utriusque Vasconiae, 2009), bai Lehen Mundu gerla Eskualduna astekarian, titulaturiko tesian (iker 30, 2013) euskaldunen frantses nazioarenganako atxikimendua nola joan zen errotzen azpimarratuz.

Maiatz argitaletxeak 2015ean argitaratu zidan 1914-1918 lekukoak liburuan aipatu gertaera latz honi buruzko testu hautatu eta irudi zenbait bildu nituen, honela sailkatuak: Kronikariak, Gutunak, Hilen omenezkoak, Eleberriak, Teatrogileak eta beste atalen artean sail bat ia ehun orrira iristen dena Poeta, koplari eta bertsolariak deitua, non jasotzen ditudan hogeita lau bertsogileren idazkiak. Bakoitzetik bat. Oparoagoa zitekeen halere sail hau, halaxe nioen, baina nonbait ezarri behar nuen muga. Batzuk ezagunak ziren, besteak ez hainbeste. Hona zerrenda. Hiru anonimo, bat P.S. sinatzen duena, eta besteok: “Aiziritz”, J. Albandoz, J. Barbier, B. Borthiry-Salla, J. Elissalde, M. Iraola, J. Laplace, M. Larroulet, L. Ligueix, J. Moulier Oxobi, Y. Soubelet, Iparraldekoak; eta E. Arrese, K. Enbeita, P.M. Etxarte, J. Garmendia, J.M. Lopetegi, J.M. Lujanbio Txirrita, J.J. Sarasola Lexo, J.R. Taberna, J.&P. Zabaleta, Bidasoaz hegoaldekoak. Emakume bat ere ageri zaigu bertsoemaile, alarguna gainera, eta bere bertsoak honela hasten dituena:

Alarguntsa niz eta bihotza tristerik
ene senharra beita gerla huntan hilki (bis)
Aski phena eztudan hartaz gabeturik (bis)
seme bat Salonikan badut kolpaturik,
bestetto bat Belgikan presuner harturik.

Tamalez, ez dugu aurkitu bere izena Donapaleuko egunkarian (Le journal de Saint-Palais, 1916) ez eta bosgarren bertsoaren ondorengo jarraipenik, agindu arren hurrengo zenbakian emango diola segida.

Zerrenda horretan batzuk prosista bezala ere ezagunak ditugu, hala nola Jean Barbier, Jean Elissalde eta Jean Moulier Oxobi, apaizak hirurak, besteak gutxiago. Adibidez, ez da batere aipatzen inongo bildumetan aski interesgarria iruditzen zaidan Julien Laplace, (Maule 1844, ?) espartingilea, industriala, antzerkigilea eta poeta, Villa Etchehounen bizi zena eta sinatzen duena 1914ko abenduaren 15ean, Europa sutan poema honela bukatzen dena:

Europa bat berria izanen da gero,
Angles, Frantses, Rusia ez baitirade lo,
bakhotxari beria heiek phartituko,
eta Alemanian ixil-araziko.

Journal de Sant-Palaisen, alegia, Donapaleuko kazetan publikatu zuen 20 bertso dituen poema hau 1915eko 21ean, igandez, murrizturik agertuko zena Eskualduna aldizkarian hiru urte geroago, hau da, 12 bertso bakarrik, eta gainera Rusia ordez Itales ezarri zutelarik. Noski, zentsura honek ez du beste esplikaziorik baizik eta ez zirela kazeta hartako apaiz zuzendariak 1917an Errusian sortu iraultza sobietarraren oso zale.

Batixta Borthiry-Sala (1889-1974) larraindar laboraria 1915ean kolpatua izan zelarik, Prusian preso izan ondoren Bordeleko Ospitaletan egon zen, eta badu 14-18eko gerlan presuner deitu bertso hunkigarriak soldadu haien beldurraren adierazgarri (Sü-azia, 1979).

Arratsen etzaten niz ülhün ülhünian,
Otsuak begirari bethi üngürian…

Halaber Louis Ligueix (Larraine, 1903 – Gamere, 1940) larraindarra ere zuberotar tradizio aberats, indartsu eta ziritsu baten adierazle da. Kasernako biziaz eta gerlaz ondu zituen bertso sakonak, hala Arnaud Haranburu lapurtarrak nola Eusebio Maria Azkue bizkaitarrak moldatzen ohi zituzten bertso elebidunen tankerakoak.

…S’il nous refont la guerra, eztükie hoberik,
La France notre mère eztate galdürik;
Nous vengerons nos frères lotsa gabetarik,
Car la mort n’effraie guère Eüxkaldun semerik.

Zabalduenetarikoak izan ziren Jean Barbierrek, Nehor apaizak, (Donibane Garazi, 1875 – Senpere, 1931), Gure Herrian argitaratu zituen antzerkiak, Piarres nobela bi tomotan (1926, 1929) gerrari buruz, eta musika eta guzti plazaratu zituen bertsopaperak Gerla Handiko Kantuak deiturapean. Hona adibidez aipatu nobelan ematen dituen bertso askoren artean Verdunen gertatu borrokaz moldatuak:

Verdunez aiphatzean, xut-xuta emaiten zaizkit ileak!
Ama gaixoa, ikus bahintza Verduneko hire haurrak!

Jean Elissalde Zerbitzarik (Azkaine, 1883 – Gerezieta, 1961) gudu lekutik idatzi zituen hango berriak hitz lauz modu bikainean Eskualduna astekarirako, jaso nituenak LVII.a gerlan (1995) liburuttoan, eta bertsotan 1920an liburuxka bat ere argitara eman zuen Baionan Kantari Berria deituraz, non besteak beste Deserturaren auhenak aipatzen dizkigun. Lehen borroketan izandako triskantza eta sarraski hartan desertorearen pertsonaia sortzea ez zen batere harrigarri, muga hain gertu izanik. Halere, anitz gelditu zen pausoa eman gabe, ez Frantziarekiko amodioa, patriotismoa handi zelako, baizik eta bere familiari gerta zekiokeenaren beldurrez.

Laburbilduz, Lafittek zioen eran: “Zuberoko koplariak eder eta izugarriak badira, baxenabarrek ondutakoek badute gozo bat, legun bat Santa Grazikoek ez dutena, eta lapurtarrek oraino areago. Noski, naturarekin bat, honen gisakoa izan ohi baita poeta”.

Iparraldekoek sufritu baitzuten gehien Gerla Handi hura, ez da harritzekoa lekukotza gehienak bertako semeek idatzi izana, baina Euzko Deya (1940-V-10) irakurtzen badugu, albiste hau aurki dezakegu euskal itsasontzien flotak pairatu zuenaz: “Les 52 navires basques perdus au moment de la guerre sous-marine (1916-1918) en ravitaillant les pays alliés”. Alegia, herrialde aliatuen elikatzen, urpekari alemanen eraginez hondoratu eta hondatu zirenen izen zerrenda dakar (Bakio, Mendibil Mendi, Arrinda Mendi, Begoña 4, Iturribide…), tartean Sota Konpainiaren zortzi itsasontzi. Eta jakina da nola Ingalaterrari egin zerbitzuengatik Ramon de la Sota Knight Commander of the British Empire tituluaz ohoratu zuen Britaina Handiak.

Dena den, hondoratzeen artean oihartzun handiena Lusitania transatlantikoaren tragediak izan zuen, aipatuenetarikoa izan baitzen komunikabideetan, eta, euskaraz, bertsoak ere sorrarazi baitzituen. Lusitania luxuzko itsasontzi ingelesa zen, New-Yorketik Liverpoolera ibiltzen zena, bi mila bidaiarirekin, eskifaia zortziehun pertsonakoa zelarik. Uretaratu zenean, bere bizkia zen Mauretaniarekin, munduko itsasontzi handiena zen. Egunean mila tona ikatz irensten zituen, abiadan 25 korapilotara iristen zen eta Zinta Urdina jasotzeko egina zegoen; hau da, Atlantikoa zeharkatzen denbora gutiena ematen zuen itsasontziari eskaintzen zitzaiona. Gerra garaia zen eta alemanek arazo handiak sortu zizkieten ingelesei eta aliatuei. Hala eta guztiz ere, Washintongo alemaniar enbaxadak abisua hedatu zuen prentsan esanez itsasontzi horretan enbarkatzen zutenek eta Britainia Handiko itsasontzietan edo hauen aliatuenetan beren errespontsabilitate osoz egiten zutela, gerla objektibo gerta baitzitezkeen. Horrela bada, 1915eko maiatzaren zazpian Irlandako hegoaldeko kostan zihoalarik alemaniar submarino batek torpedoz hondoratu zuen Lusitania. Mila ehun eta laurogeita hamazortzi pertsona hil zituzten, zeinetarik 124 iparramerikarrak ziren. Zazpiehun eta laurogeita bost bidaiari hiletarik berrehun eta laurogeita hamaika emakume eta laurogeita hamalau haur. Bidaiarien artean Vanderbilt milionarioa ere bazihoan, eta ingelesa ez jakin arren Bizente Egañak, Olabeagan jayota / Abandon bataiatua / Mejikoa juan zan oso gaztia…, bertsopaperak dioen bezala, asko eta asko salbatu zituen garaiko kronika zenbaitek azpimarratu zutenez. Enbaxada alemaniarreko batek gertaera tragikoaren gainean hitz itsusiok esan zituen: “Ez gara errudun pertsona hauek bere buruaz beste egin nahi izanaz”. Jakin zen egun berean Londresen manifestaldiak izan ziren eta aleman komertzioen kontrako ekintzak.

Eskualdunak, Baionako astekariak, honako kronikatxoa zekarren gertaeraz:

Lusitania untzi handi hartako bi mila eta gehiago jendetarik omen dira 703 bizirik athera dituztenak 45 ondoan hil direlako berria dugu. Itho dire 1502. Zer jendetza! Gero-ta samurrago dire Norte-Amerikanoak, zuzenik gabe hil diozkotela hoik oro eta untzi bat ederra suntsitu dutela, anglesa izanik ere jauz-araz etzezaketena gerlako legen arabera. Pekatu beharko dutela, diren bezalakoek, alemankeria hori eginik, bertzen gainera. Ez dire izituak Amerikanoak; bertze untzi bat itsasoari lotzera zoana, 879 pasaientekin aitzina joan da, ukho egite orde; 879 pasaientetarik 12 dire bakarrik gelditu leihorrean, lanjerari lotsaz. Ageriko alemanek hats bera dutenez atxikiko, mundu guzia gontzetarik jauz arazi arte. Burutik badutenez gaude, hoinbertze etsai zahar eta berriren ez baitire beldur. [ESKUALDUNA, 1915-V-14].

Eta hona Euzkadi aldizkarian gaztelaniaz beste albisteen artean euskal heroiaz agertu zen albistea:

Un vasco heroico. Paris. Le Figaro de hoy publica un telegrama dando cuenta de que un vasco, llamado Vicente Egaña, se distinguió por su heroismo, salvando á muchas mujeres y niños de la catástrofe del Lusitania, con gran exposición de su vida. Vicente se negó á tomar sitio en los botes de salvamento, cediendo su puesto á una señora. Después recorrió el buque de punta a punta dando ánimos a las mujeres y á los niños, conduciendo á las escalas de manos para depositarlas en las canoas. Para todos tuvo frases de consuelo, haciendo fiestas a los niños con verdadera sangre fría, para infundir ánimo a sus madres. Cuando ya el buque habíase hundido, Vicente Egaña se lanzó al agua, siendo recogido poco después por una canoa. [EUZKADI, 1915-V-12]

Hondoratze honek eta besteek, hala nola Britainia Handiarekiko eta Frantziarekiko zituen interes ekonomikoek, eta deszifratu ahal izana Arthur Zimmermannen telegrama Heinrich von Eckardt Mexikoko enbaxadoreari aginduz proposa ziezaion gobernu mexikarrari aliantza bat Ipar Amerikaren kontra, bultzatu zuten beste arrazoinen artean Estatu Batuek gizarte iritziak bultzaturik I. Mundu Gerran parte hartzea erabaki zezan, 1917ko apirilaren 4an.

Hegoaldeko bertsolari eta poeten artean ezagunenak Emeteri Arrese, Kepa Enbeita eta Joxe Manuel Lujanbio Txirrita ditugu. Arrese (1869-1954) tolosarrak 1914. urtean Indarra Nagusi poema honela hasten du:

Danbateko latz ikaragarriz
ixtilu larriz
Bete dira itxas ta Lurra
Gudots makurra…

Enbeita Urretxindorra (1878-1942) muxikarrak Belgikako Alberta bakaldunari, erregeari eskaintzen dio poema Euzkadi aldizkarian (1918-X-28) eta adierazten nola:

Baneukaz miloi bat egazlari
eta sei miloi gudari
gaur bialduko neuskioz pozik
Alberta bakaldunai…

Eta Txirrita ereñozuarrak (1860-1936) kaiserraren aurka eta Petain jeneralaren alde ageri zaigu. Verdungo frentea, zepelinak eta urpekariak aipatzen dizkigu, eta

Milaka minak itxasuan da hainbeste urpeko ontzi,
markaz fuerako kainoi aundiyak, beren zepelin ta guzi…

Azken honen frantsesekiko idenfikatzearen aurka, ordea, “Verdunen etzan kanpotar asko, prantsesak ginan gaziyak”, idatziko du Jose Ramon Taberna errenteriarrak “Bertso berriyen errespuestak nai ditut kanta” bertsoarekin hasten dena bai eta honela bukatzen:

Berak ezin ta yankiak diruz egin diyote borroka
oiek amerikanuen mendian jarri digute Europa.

Juan Jose Sarasola Lexo, Irurzun baserrian jaioak eta Donostiako kalegarbitzaile izan zenak, beste bertsopaper askoren artean, Europako gerraren bertsuak moldiztegiratu zituen bederen hiru aldiz. Horietako bat Amarako Arroka kalean zegoen La Económica inprimategian, zeina hasten zaigun modu tragiko-erromantiko honetan:

Emeretzireun urte pasata gainera amalabian,
turmoi nastua formatu da ta izarrak triste gaubian;
egunez goibel kolore txarra eguzkiyaren parian,
malkua eta odol-putzua nork daki zenbat birian,
kanpuan dagon naigabia ori kutsatuko da gurian!

Bada bizkaitar bat ere, Manilako alkate izan zena eta euskal eleberrigilea, Jose Manuel Etxeita mundakarra, zeinak Euskal-Esnalea aldizkarian (1914-X-30) emango digun sei bertsoz ondutako Zorigaiztoko Gudea poema.

Ez dira ahaztekoak, noski, Joxe Mari Lopetegi errepublikanoen bertsolariak (Irun, 1875 – Arrueta, 1942) hamalauko gerra eta hogeita hamaseikoa hain ongi ezagutu zituenaren bertsoak, eta zeinen bilduma ederra prestatu zuen Joxan Elosegik (Paper Hotsak, 2004):

Europaz kanpo diranak ere baditugu adiskidiak,
zanpatutzera datoz Gillermon gizon biyotzik gabiak,
soka zar ori autsi bear du denboraz Libertadiak.

Eta bukatzeko aurkezpentxo hau, aipa dezadan Pedro Mari Etxarte (1852-1934) lesakarra, mehatzetan lan egina, Etxalarrera ezkondua eta Irunen hila. Ezagutzen zaion bertsopaper bakarra (A. Zavala, Bidasoa aldeko bost bertsolari, 1970) 14ko gerrari buruzkoa dugu, non besteen artean honako bertsoak kantatzen dizkigun:

Batzuek airetik eta bestiak urpetik,
gogorrenak omen dira Alemaniya’tik,
or dabillenak komeriyak ikusi biar zetik.

Iragarle eta ez txikia izan bazen Laplace, Txirritak bere sententziya ere ematen digu bertso batean, “inoiz umilak asarretzian arruak bajatzen dira”, eta Lexok bere bakezaletasuna espresuki adierazten “Pake santuan jarri gaitzazu, Aita amoriyosua, / legor gainian ez genduke nai odolezko itxasua!”.

Nabarmen da, beraz, garaiko bertsolariek ere, herriko seme xume gisara, ez izan arren politikari jakintsu, euren bertso eta azterketetan asmatzen zutela, eta, dudarik gabe, gertakizun tragikoez eta munduko handikiez pentsatzen zutena beren bertso kroniketan botatzen zutela zuzenki zentsoreen beldur handirik batere gabe, gehienetan.

Bertsolariak eta 1914-18ko gerra  Bertsolariak eta 1914-18ko gerra  Bertsolariak eta 1914-18ko gerra  Bertsolariak eta 1914-18ko gerra  Bertsolariak eta 1914-18ko gerra  Bertsolariak eta 1914-18ko gerra  Bertsolariak eta 1914-18ko gerra  Bertsolariak eta 1914-18ko gerra  Bertsolariak eta 1914-18ko gerra  Bertsolariak eta 1914-18ko gerra  Bertsolariak eta 1914-18ko gerra