Hitzaren Eskola jarri dute abian Azpeitian
Hitzaren Eskola jarri dute abian Azpeitian –
Hitzaren Eskola jarri dute abian Azpeitiko Dinamoa Sormen gunean: “Hitza bera, bere ertz guztiekin, bere ahal izugarriarekin, bere izaera eta aukera guztiekin” ardatzean jarri nahi duen ekimena. Hainbat idazle, bertsolari, esatari, itzultzaile eta gidoigile ezagun izango dira irakasle.
Irailaren 11n hasiko da Hitzaren Eskola martxan eta 2020ko martxoaren 28ra arte alor ugaritatik landuko da gizakiak erabiltzen duen tresna oinarrizkoenetako bat: hitza. Maiatzaren 10ean ireki zen matrikulazio-epea eta ekainaren 10era arte eman ahalko da izena. 12-15 lagunentzat dago lekua, Dinamoa Sormen guneak jakinarazi duenez.
Azpeitian irakasle ariko direnen artean, beren alorretan erreferentzialak diren hainbat lagun: Lorea Agirre kazetaria eta Jakin-eko zuzendaria, Irene Arrarats Berria-ko euskara arduraduna eta euskaltzain urgazlea, Gorka Arrese Susa argitaletxeko editore ohia, Harkaitz Cano idazlea, Igor Elortza bertsolari eta komunikazioan aditua eta Miren Gaztañaga aktorea.
Eskolak asteazkenero 18:00etatik 20:00etara izango dira, eta larunbatero 10:00etatik 13:00etara. Lotura honetan sakatuz eman daiteke izena.
Irekitzeko puntuan dagoen Dinamoa Sormen Gunearen eremu nagusietako bat izango da hitza, soinuarekin, gorputzarekin eta irudiarekin batera. “Sormen guneetan oro har hitza baztertuxea izan ohi dela iritzita” eman diote leku hori, kontuan izanda kulturan nork bere adierazpidea aukeratzen duen arren, beste adierazpideetatik ere edaten duela. “Idazlea ez da literaturatik soilik elikatzen, zinetik, artetik, musikatik ere edaten du, eta azken finean, bizitza bera du, bere osotasunean, bere heldu ezinean, lanerako ekai. Baina hitza du tresna, hizkuntza du lehengai, eta hizkuntza bera menperatu behar du, jolasean hasteko, buruan dabilkiona kontatzeko. Eta berdin bertsolariak, edo gidoigileak, baina baita esatariak edo itzultzaileak ere; kosta egiten zaigu maiz hauena sormen lantzat hartzea, ez da eta hain nabarmena, ezin uka ordea asko duela sormenetik, unean uneko beharrei erantzuteko modurik onena bilatzetik”.
Hitzaren Eskolak osotasun bat bilatzen du, belaunaldi berriak hitzaren jabe egitea, “hitza hartzeko bidea jartzea”.